Nork ez du inoiz entzun organoen komertzio edo trafikoa delakoaz? Egungo gizartean oso entzunak ditugu hitz horiek, baina ba al dakigu zehazki zeri buruz ari garen horri buruz entzutean? Ezer baino lehen, organoen komertzioa eta organoen trafikoa bereizi behar dira. Lehena, gorputzeko atalak saltzea edo erostean datza; bigarrena, ordea, gorputzeko atal horiek pertsona bati kendu eta beste norabaitera eramatean. Bi kontzeptuak erabat desberdinak dira eta askotan, ez bereizteagatik, hanka-sartzeak egiten ditugu.
Hasteko, esan beharra daukagu, egun transplante mordoa egiten dela: bihotzekoa, biriketakoa, pankreasekoa, korneakoa… Organoen transplante bat egiteko emaile bat behar da; emailerik egon ezean, ez litzateke inongo ebakuntzarik egongo. Gaur egun, gero eta gehiagok ikusten du bere burua organoren baten beharrean. Emaileen kopurua ez da handitzen eta organoen beharrean daudenena, aldiz, puzten doa urteen poderioz. Adibiderik garbiena AEBetan aurki dezakegu; izan ere, han organoren baten zain dauden zerrendetan %20 geratzen da organorik gabe, heriotzaren zain.
Organoen komertzioa, aurrez esan bezala, organoen salerosketa da. Egoera hau, pertsona aberats eta pertsona behartsu baten artean ematen da. Alde batetik, aberatsak bizitzen jarraitzeko irtenbide bakarra du, organoaren transplantea; eta bestetik, txiroak dirua behar duenez gero, edozer gauza egiteko prest ikusten du bere burua sos batzuen truke, kasu honetan bere organoak saltzera ere iritsiz. Komertzio hau jende aberatsa eta oso behartsuak elkarrekin bizi diren herrialdeetan ematen da normalean, Hego Amerikan adibidez. Dirudunak diru kopuru tentagarria eskaintzen dio behartsuari honek bere organoa “eman” diezaion.
Organoen emaileen beharra gero eta handiagoa da |
Gizarte kontsumista honek gastua besterik ez du buruan; ondorioz, diru-faltan dagoen pertsonak oso gaizki bizi du egoera hau. Muturreko kasuetan, egoera ekonomiko lazgarrian bizi diren pertsonek edozer egiteko gertu aurkitzen dute euren burua, euren gorputzeko atalak salduz. Egoera hau ez da inondik ere juxtua, gizakion eskubideek diotenaren arabera, izatez denok eduki beharko baikenuke bizitza duin bat izateko aukera.
Bestalde, organoen salerosketa hauetan eskaera gehien dagoen organoa giltzurruna da (10.000 ale urteko). Gorputzeko atalen batean akatsen bat duen pertsonak bere burua arriskuan ikustean, beste herrialde batera edota bere herrialdeko bati bere organoa erosten dio, bere burua arriskutik kanpo geratuz eta bestearena arriskuan jarriz. Organoak erosi edo saltzen diren kasuetan, bi eratako ebakuntzak egiten dira: batzuk ospitale seguruetan egiten dira, gainontzeko transplante guztien moduan. Beste batzuk, aldiz, inongo segurtasunik gabeko lekuetan egiten dira. Azken hauetan oso ohikoa da infekzioren bat sortzea eta gaixoa ebakuntza gelatik bertatik ez irtetea. Bestalde, ezin dugu ahaztu pertsona bakoitzak DNA jakina dugula. Hori horrela izanik, transplantatua izan den pertsonak ezinbesteko du bere antigorputzak indargetzeko pilulak hartzea, errefusa eman ez dadin.
Baina gatozen harira. Hau da benetako galdera: ematen al da organoen trafikoa? Ez, teknikoki ezinezkoa da ematea. Nahiz eta gutako askok kontrakoa pentsatu, ez da posible. Lehenik eta behin, transplanteetan espezializatutako medikuek nahikoa lan izaten dute ebakuntza hauek behar bezala egiten. Halaber, pertsona bati organoa kentzean, organo hori garbitu eta garraiatu egin beharko litzateke, betiere era egokian, eta horretarako tresneria egokia behar da, baita horretan trebatutako mediku talde bat ere.
Homo homini lupus, gizona gizonaren etsai. Gizarte kontsumista honen jarduteko eragatik edota gutako bakoitzaren geurekoikeriagatik agian, ez dugu ikusten, ezta ikusi nahi ere, errealitate gordina. Ezertxo ere ez duen jendea bere bizia arriskatzeko prest dago eta gu ez gara gai Gabonetako oparirik gabe geratzeko. Egoera honi aurre egiteko, mundu honetako kide guztiak maila berean jartzea izango litzateke lehenengo gauza, geure arteko desberdintasunak hutsean utziz. Nik, bederen, ez dut esperantza galduko, eta, gaurtik aurrera, nork bere harri-koskorra ekarriz, gizarte hobea sortuko dugulakoan nago. Zer diozu zuk?
Amaitzeko, John Q filma gomendatu nahi dizuet. Film honetan, John Q delakoaren semeak bihotzeko transplante bat behar du, eta berak direnak eta ez direnak egiten ditu semeari emaile bat lortzearren.
Iruzkin berriak