Xabi Alonso: “Txikitatik Urrezko Danborra jaso zitekeen saririk garrantzitsuena dela pentsatu izan dut, Nobela edo beste edozer baino gehiago”

Oker ez banago, Holandaren aurkako partidu gogor bateko ehun eta hamaseigarren minutuan munduko txapeldunak bihurtu zineten, Iniestaren golari esker. Bueno, zehatzagoak izateko, partidu haren amaieran bihurtu zineten munduko txapeldun. Une horretan, zer bururatu zitzaizun? Zer sentitu zenuen? Benetan pentsatu al zenuen munduko txapeldunak zinetela? Ez, ez, ez. Nik uste dut denborarekin konturatzen joango garela, hain garbi ez baitugu buruan zer nolako arrakasta edo lorpena izan zen. Lehenengo aldia zen hainbeste urtetan horrelako zerbait lortzen genuela eta sekulako poza izan genuen momentu horretan, nahiz eta benetan ez  kontziente izan  zer-nolako lorpen garrantzitsua izan zen eta zein zaila den lortzea.

Argazkia: Facebookeko 2011ko Urrezko Danborraren orritik hartuaJar gaitezen bi momentu hauetan: Sudafrikako Mundialeko finalean Nigel de Jong Holandako jokalariak emandako ostikadako unean, eta 2012ko Eurocopan, sailkatu ahal izateko, Txekiar Errepublikako selekzioaren aurkako partiduan, Hübschmanek eginiko sarrera gogor hartan. Une horietan zer da burutik pasatzen zaizuna, sentitzen duzun mina ala jokalari horiekiko amorru bizia? Ez, amorrua ez. Badakizu hori futbolaren parte dela, eta batzuetan ostidakadak jasoko dituzula. Noski, momentu horietan sentitzen dudana benetan dudan mina da, amorrua baino gehiago. Bai Holandaren eta baita Txekiarren aurkako sarrera horiek oso gogorrak izan ziren, nahiz eta jakinaren gainean egon ez zela zerbait larria, min horrek hor jarraitzen zuen. Beraz, ez; ez daukat inolako amorru edo mendeku hartzeko nahirik jokalari horien aurka.

Errekonozimenduei dagokielarik, hortxe dago 2011ko Donostiako ‘Urrezko Danborra’. Nola bizi zenuen une hori? Hau errekonozimendu pixka bat ezberdina da, ez da bakarrik profesionala, pertsonala ere bada. Gainera, etxean izanda, auzoko bizilagunak bertan egonda, oso gertuko jendea izanda, oso berezia da. Txiki-txikitatik Urrezko Danborra jaso zitekeen saririk garrantzitsuena dela pentsatu izan dut, Nobela edo beste edozer baino gehiago. Beraz, sari hau jasotzeak asko hunkitu ninduen eta egun hura emozioz beterik bizi nuen, ekitaldi oso ospetsua, polita eta tradizioak errespetatzen duena baita. Hortaz, oso pozik.

Kate motzean:
Film bat: Cadena perpetua
Abesti bat: Other side, Red Hot Chili Peppers
Liburu bat: Eddie Coyleren lagunak.
Janari bat: Kokotxak
Leku bat: Leku asko, baina bisitatzeko falta zaidana Australia da. Ea noiz daukadan denbora!
Bizio bat: Ez naiz biziosoa eta aitortzekorik, ez, ezin dira aitortu.
Historiako futbolaririk onena: Historiakoa? Alfredo Di Stéfano, Cruyff eta horiek ez ditut hainbeste ezagutu, baina azken urteetako bat aipatzearren, nik asko mirestu izan dut Zidane.
Futbola ez den kirol bat: Tenisa ikustea gustatzen zait, eta baita padela ere.
Bizitzako momenturik gogorrena: Senideren bat hiltzen denean.
Eta politena: Aita naizenez, bai nire semea eta alaba jaio zireneko momentuak. Oso politak izan ziren.

Hemendik urte batzuetara, Xabi Alonsori buruz hitz egiten denean, zein ezaugarri direla eta gustatuko litzaizuke besteek zu gogoratzea? Nola gustatuko litzaizuke gogoan izatea zure irudia? Bakoitzak bere irudia edukiko du, baina, ez dakit, ni beti profesional ona izaten saiatzen naiz, arerioa errespetatzen, bai kanpoan nagoenean eta baita hemen nagoenean ere. Ahalegintzen naiz jarrera ona edukitzen, eta, jokalari modura, beti gauzak taldearen onerako egiten ditut.

Nola eta non ikusten duzu zure futbolari karreraren amaiera? Eta futboletik erretiratzen zarenean, futbolaren inguruan jarraituko du zure bizitzak edo zerikusirik ez duten gauzak probatzeko une aproposa hori izan daitekeela pentsatzen duzu? Oraindik garbi ez daukat. Uste dut nire karrera pixka bat gehiago luzatuko dela eta gero gerokoak. Batzuetan, edukiko dudan esperientziarengatik futbolaren inguruan zerbait egitea pentsatzen dut; beste batzuetan, aldiz, futbolaren inguruan urte dezente badaramadala eta zerbait ezberdina probatuko dudala pentsatzen dut. Beraz, momentu honetan ez dut garbi zer egingo dudan.

Imajinatuko duzuen bezala, izugarrizko esperientzia bizi izan nuen elkarrizketarekin, ez baitu batek egunero lortzen Alonso bezalako izar batekin hitzordua, izarra bai futbol zelaian eta baita handik kanpo ere. Beraz, amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkiot Xabiri bihotz-bihotzez egin zidan harreragatik eta eskainitako tarteagatik. Zorte on!

, ,

Utzi erantzuna

-->