Abuztuaren 15eko bazkalondoa – JOXE AUSTIN ARRIETA

ArrietaJoxe Austin Arrieta Donostian jaio zen 1949. urtean. Filosofia eta Letretan lizentziatua (Filologia Erromanikoan), gaur egun, Gipuzkoako Kutxa bankuan itzultzaile gisa lan egiten du. Euskara-irakasle izan da hainbat urtez, EUTGko Hizkuntz Eskolan eta Filosofia Fakultatean, hain zuzen. Euskalgintzako beste hainbat alorretan ere ibilia da, UZEIrekin eta UEUrekin ere egina baititu zenbait lankidetza. Kargu politikoak hartu izan ditu kulturaren eta euskararen alorrean.

Poesia eta narratiba landu ditu gehienbat. Bidaia-Termitosti (Ustela, 1978) ipuin-bildumak zabaldu zizkion Joxe Austin Arrietari literaturaren ateak, baina jarraian etorri zen lanak, Abuztuaren 15eko bazkalondoa (GAK, 1979; Elkar, 1985) nobelak, egin zuen zinez ezagun. Hurrengo lanarekin, Manu militari (Elkar, 1987), teknikari begira urrats bat aurrera egin zuen Arrietak. Honen ostean, Labur aroz (Txalaparta, 1997) narrazio bilduma argitaratu zuen egileak. Genero narratiboan ez ezik poesian ere lan paregabea egina du. Denbora tarte txikian lau poemategi kaleratu zituen Arrietak: Arrotzarena-Neurtitz neurgabeak (GAK, 1983), Bertso-paper printzatuak (Elkar, 1986), Mintzoen mintzak (Elkar, 1989) eta Graffitien ganbara (Kutxa Fundazioa, 1996). Isilune baten ostean, Orbaibar (Kutxa Fundazioa) argitaratu zuen, 2003an. Itzulpengintzan ere lan handia egin du. Bereak ditugu Marguerite Yourcenar-en Hadrianoren oroitzapenak (Elkar, 1985), William Goldwing-en Eulien ugazaba (Elkar, 1991), Jaume Fauster-en Beirazko giltzak (Elkar, 1997) eta Max Frisch-en Homo Faber (Elkar) liburuen euskarazko itzulpena, besteak beste. Eulien ugazaba lanaren euskarapenagatik Euskadi saria jaso zuen egileak 1993an. Informazio gehiagorako egin klik hemen eta hemen.

AzalaNik irakurri dudan liburuan, Arrietak abuztuaren 15eko bazkalondoan protagonista den nerabeak eta bere familiak izandako solasaldia kontatzen digu. Elkarrizketa honetan aitak aitzinean bizi izandako esperientziak kontatzen ditu. Hauetako batzuk hunkigarriak dira, Gernika bonbardatu zuteneko egunean bizi izan zuena edo Bartzelonan bere lagun guztiak hil zituztenekoa, adibidez. Baina, amaren laguntzaz, momentu alaiak edo hain dramatikoak ez direnak ere azalduko ditu. Esate baterako, bere alabaren -protagonistaren neba- ezkontzan gertatutakoa edo Gernikako gorabeheren ondoren familiarekin topatzean hartu zuen poza.

Hala ere, mahaian bilduta direla, gaztea bere oroitzapenen gainean gogoeta egiten hasiko da eta pentsamendu hauek izango dira nagusi liburuan. Apaizekin izandako liskarrak, lagunekin bizitako gertaerak, Konstituzio plazan ospatutako dantzaldiak, bere aitonarekin igarotako momentuak, Luzero zaldiarekin bizitakoak, Marisa izeneko neskarekin izandako erlazioa… Beraz maitasuna, tristura, negarrak, parrak… izango dira elementu nagusiak liburu honetan.

Kontakizun hauek guztia, abuztuaren 15eko bazkalondoan trago batzuk hartzen dituzten bitartean kontatu edo gogoratutakoak, iraganetik orainaldira doaz. Horrela, liburuaren azken kapituluetan, ordura arte inongo esanahirik gabe jaurtiak ziruditen esaldiek zentzua hartzen dute eta hauetako asko elkarrekin lotzen dira.

Liburua ez zait asko gustatu. Nire ustez, liburu bat irakurri ondoren, zerbait ikasi duzulako sentsazioa eduki behar duzu, edo minutu batzuez irakurri duzunaz pentsatzera bultzatu behar zaitu edo pasarteren batean, behinik behin, zirrararen bat sentiarazi behar dizu. Nire kasuan ez da horrelako ezer gertatu.Abuztuaren 15eko bazkalondoa irakurri dudanean, ez dut emoziorik sentitu, garrantzirik gabeko kontutxoak iruditu zaizkit gehienak eta, irakurketa amaitu dudanean, axolagabe utzi nau. Hala ere, irakurtzea gomendatzen dizuet. Izan ere, nire kasuan, behintzat, horrelako liburu bat irakurri ondoren atsegin duzun beste bat irakurtzen duzunean, askoz ere gehiago gozatzen baituzu.

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->