Warning: Creating default object from empty value in /home/berria/berria.euskaljakintza.com/wp-content/themes/canvas/functions/admin-hooks.php on line 160

“Lokalismoa”

Argazkia: Kepa Iztueta, CC

Argazkia: Kepa Iztueta, CC

Zer egiten dute gaur egungo gazteek asteburuetan? Aurreko batean lagunekin nengoela, lagun batek garaje bat alokatzeko proposamena egin zuen, arratsaldeak pasa eta, kalean egon ordez,  bertan denbora pasatzeko.  Hasieran ideia ona iruditu zitzaidan,  baina etxera iritsi eta pentsatzen hasita, lotsa eta tristura sentitu nuen.

Gero eta ohikoagoa da  koadrila bakoitzak bere lokala edo “lonja” alokatzea, bertan denbora pasatu eta asteburuko “etxe” gisa erabiltzeko. Gasteizko Udalak egindako ikerketa batean, lokal hauen hazkunde garbia ikus dezakegu. Gero eta jende gutxiago ikusten da  kalean, eta horrek tristura puntu bat ematen dit. Gainera, guk ere horrelakoren bat hartzen badugu, gure ondorengoek ere berdin jarraituko dute, eta “lokalismoaren” fenomenoa gero eta gehiago zabalduko da. Ez al da hobea plazan edo kalean denbora igarotzea?

Eusko jaurlaritzak EAEko 15 eta 29 urte bitarteko gazteei egindako inkesta bateko emaitzetatik zenbait ondorio atera ditzakegu. Hasteko, ikus dezakegu gazteen %55ek inoiz ez duela lokalik eduki, %20k lokala duela eta %25ek ez duela, baina noizbait izan duela. Lokala zertarako duten galdetzean, erantzun nagusiena kalean ez egoteko izan da eta lokala ez  edukitzearen arrazoi nagusia alokairuen prezio altua dela ondoriozta dezakegu.

Argazkia: Kepa Iztueta, CC

Argazkia: Kepa Iztueta, CC

Lokala duten zenbait pertsonarekin hitz egin ondoren, beraien artean arduragabekeria eta utzikeria nabaritu dut.  Gazte askok bertan igarotzen dituzte asteburuak eta ez dira mugitu ere egiten beste koadrilekin harremanak edukitzeko edo beste ekintza mota batzuk egiteko; hala ere,  egia da beste zenbaitzuek erabilera egokia ematen dietela. Niri neuri denbora galtzea iruditzen zait, horretarako badaudelako beste zenbait egoitza, hala nola, gazte lokala edo gaztetxea. Eremu hauetan autogestioan oinarritutako ekintzak egiten dira, eta guztiek helburu zehatz bat izan ohi dute. Ez al da hobea elkarlanean gauzak egitea edo laguntza behar dutenei laguntzea, bideo kontsolekin edo telebistaren aurrean egotea baino?

Hori gutxi balitz, alokairu hauek diru asko xahutzea dakarte eta, ondorioz, gazte askok gurasoengana jo behar izaten  dute hilero dirua eskatzeko. Gainera, lokal hauek zenbait baldintza eta arau bete behar dituzte eta askok, baldintza horiek ez errespetatzean, liskarrak eduki ohi dituzte bizilagun edota inguruko pertsonekin.

Fenomeno honekin amaitzeko modu eraginkorrena kalera irten eta lokaletan egoten direnekin zenbait ekintza partekatzea dela uste dut, ikus dezaten eraginkorragoa dela; izan ere, lagun berriak egin daitezke eta beste pertsona batzuekin denbora pasa daiteke. Beraz, gazte, irten zaitez kalera eta jolas dezagun denok batera! Kaleak behar zaitu!

Comments { 0 }

Ke lodia ez da beti su onaren seinale

Ke lodia ez da beti su onaren seinale

Ke lodia ez da beti su onaren seinale

Lehengoan internetetik nabigatzen ari nintzela, Facebookera iritsi nintzen. Bertan lagun batek bideo bat partekatu zuela ikusi nuen, eta interesa piztu zidan izenburuak. Bideoaren asmoa aurreiritzietan arreta ipintzea zen. Gai interesgarria iruditu zitzaidan hausnarketa bat egiteko.

Aurreiritzi bat izan liteke, adibidez, pertsona bat ezertaz ezagutu gabe kritikatzea edo etiketa bat jartzeko ekintza. Normalean, norbaiten jokaerarengatik, janzteko moduagatik edota fisikoarengatik egiten dugu. Arrazoi horiengatik pertsona hori nolakoa den uste dugu, baina benetan ez daukagu ideiarik ere. Honekin beste pertsona hori benetan ez ezagutzea lortzen dugu.

Jarraitzeko, oso kontziente gara aurreiritzi horiek izaten ditugula; dena den, horren jakitun izanda ere, askotan nahi gabe juzgatzen jarraitzen dugu. Egia esan, nahiz eta azkenaldian sarean aurreiritziei kritika egiten dien  eta arazo honen inguruan barne hausnarketa egitera bultzatzen diguten bideo asko agertu, badirudi eguneroko bizitzan jendea sailkatzen jarraitzen dugula. Izan ere, neska gizen bat dantzatzera dihoanean, bizkortasun eta mobilidade falta edukiko dituela pentsatu ohi dugu, pentsamendu horiek fundamentu asko eduki gabe ere. Eta dantzatzean ondo egiten duela ikusita, zur eta lur geratzen gara. Ez da ikustera ohitura gaudena. Egia da, telebistan edota beste leku askotan bultzatu egiten gaituztela aurreiritzi horiek edukitzera; hala ere, horrek ez du justifikatzen guk horrela jokatzea.

Beste adibide bat jartzearren, herrialde ezberdinetako biztanleei buruz ditugun aurreiritziak aipatuko ditugu. Normalean, orokortu egiten dugu, hots, pertsona bat ezagutu gabe, bere herrialdean dagoen giroa eta beste kontuan izaten ditugu, eta pertsona guztiak berdinak direla uste izaten dugu, benetan pentsatu gabe herrialde guztietan daudela pertsona ezberdinak. Ez genuke juzgatu behar herrialde hartako baten bat ezagutzen dugulako. Arrazakeria da azken kasu honen adibiderik garbiena.

Azken batean, inork ez dugu nahi jendeak gutaz gaizki pentsatzea, edota pentsatzea garela ez garen bezalakoak; beraz, denok saiatu behar dugu pertsona bat ikustean aurreiritziak alde batera uzten. Pertsona hori ez dugu ezagutzen, ez dakigu ezer hari buruz; beraz, saia gaitezen begirada garbiz harengana hurbiltzen. Bestalde, ez duguna nahi guri egitea, ez dezagun guk egin.

Comments { 0 }

Berdintasuna ez da inorentzat kaltegarri

Emma Watson (Argazkia: kruufm.com)

Agian, zuetako batzuk ikusiko zenuten Emma Watsonek, duela ez asko, NBEn (Nazio Batuen Erakundean) eman zuen mintzaldia. Batzuei izena arrotza egingo zaizuen arren, ziur nago denek ezagutzen duzuela Harry Potter saga famatuaren protagonistetako bat den Hermione Granger. Bada, hau Borondate Oneko Nazio Batuetako enbaxadore izendatu zuten duela sei bat hilabete, eta, aipatutako egunean, bai bertako gainerako enbaxadoreak eta baita ia mundu osoa ere liluratuta utzi zuen hitzaldia egin zuen. Zein zen gaia? Feminismoa. Baina ez gaur horren zabaldua dagoen gizonen aurkako feminismoa, eta ezta emakumeek bakarrik defendatzen dutena ere; bi generoen arteko berdintasuna aldarrikatzen duena baizik. Eta hori da, hain zuzen, idatzi honen nahia, feminismoari buruzko ikuspuntu desberdin bat ikusaraztea.

Too Young to Wed (Irudia: National Geographic)

Too Young to Wed (Irudia: National Geographic)

Ezer esan aurretik, kontuan hartu behar da gaur  egun dugun egoera. Unicef erakundearen arabera, adinez txikikoak izanda, ezkontzera -gehienetan haien adina hirukoizten edota laukoizten duten gizonekin- behartu dituzten 700 milioi emakume bizi dira gaur egun. Are gehiago,  gaur egun hiru emakumetatik bat hamabost urte baino lehenago ezkontzera behartua izan da (250 milioi bat ume). Eta, noski, ez dira ahaztu behar haurdunaldien ondorioz gertatutako heriotzak. Egoera hau bidegabekoa eta penagarria den arren, ez dugu muturretako kasuetara jo behar bi sexuen arteko bereizketa nabaritzeko. “Garatutzat” ditugun lurraldeetan ere badaude diskriminazioak.  Urruti joan gabe, Espainian bertan egunero 3,6 salaketa jartzen dira emakume batek lanorduan diskriminazioren bat jaso duelako, bai soldatagatik, bai sexu-jazarpenagatik, bai amatasunagatik eta baita beste hainbat arrazoirengatik ere. Zentzuzkoa iruditzen zait, beraz, egoera bidegabeko hau eta baita mundu osoan zehar gertatzen diren antzeko egoerak salatzea, amaiera ematen saiatu eta berdintasuna defendatzea.

Sarean feminismoa aldarrikatzen duten blog batzuetan ibili eta gero, konturatu nintzen badagoela esaten duenik feminismoa emakumeei dagokigun arloa dela eta emaztekienganako gutxiespen eta diskriminazioari amaiera emateaz eta gizonezkoek duten adinako botere eta eskubideak lortzeaz emakumeok arduratu beharko ginatekeela, beste sexuari parte hartzen ez utziz. Baina NBEko Borondate oneko enbaxadore den 24 urteko gazteak ederto azaldu zuen bezala, definizioz feminismoak zera esan nahi du: emakumearen eta gizonaren eskubide berdintasuna aldezten duen dotrina. Beraz, ba al du inongo zentzurik mugimendu honetan parte hartu nahi duten gizonak aldentzea? Hau da, nola da posible feminismoa mundu osoan zabaltzea eta ideia hau biztanle guztiek partekatzea, mezua gaur egun bizi garen pertsonen erdiarentzat zuzenduta badoa eta erdi honek bakarrik parte hartzen badu?

Irudia: DevianArt, CC

Irudia: DevianArt, CC

Gainera, sexuen arteko bereizketaz hitz egiten dugunean emakumeongan soilik eragiten duela pentsatzen dugu, bereizketa honek mutil eta gizon askorengan ondorioak badituela ahaztuz. Gizonezkoak espektatiba batzuk betetzera behartuta daude nolabait. Hau da, gizon bat ausarta izatea espero da, inoiz negar ez egitea, sentimendurik ez azaltzea,  indartsua izatea, kirola eta indarkeria gustatzea… Emakume bat, aldiz, jatorra eta sentibera izatea, amatasuna gustatu eta haurrak eduki nahi izatea, itxuragatik arduratzea, etab.

Beraz, bi generoen arteko bereizketa honek bai gizonezkoei eta baita emakumezkooi eragiten digunez gero, zergatik ez borrokatu biok batera berdintasuna lortzearren? Hor dago koska; mugimendu honek defendatzen duen bi sexuen arteko berdintasuna lortzeko gakoa: batasuna. Bai gizonek eta baita emakumeek ere, erizkidetasunean diskriminazio eta bereizketaren kontra borrokatzea. Artean ditugun desberdintasunak alde batera utzi eta helburu berdinaren alde egitea.
Emma Watsonen hitzaldia ingelesez, azpitituloekin:

 

Comments { 0 }
-->