Tag Archives | hautaproba

Hautaprobak prestatzen (IV)

PUNTUAZIOA

Gaurkoan, puntuazio arauak berrikusiko ditugu (jatorria: azpidazki).

KOMA (,)

Pausa laburra adierazten du. Honako kasuetan erabiltzen da batik bat:

Enumerazioetan.

  • Esaldian funtzio bera duten segidako elementuen artean eta tarteko lokailurik ez dagoenean.
      Isabel, Miren, Ane eta Sara ikusi nituen bart.
      Bere deribatuek ez dute usainik, ez zaporerik eta ez kolorerik.

Perpaus konplexuetan.

  • Menpeko esaldia eta nagusia bata bestearen segidan datozenean, tartean inolako lotura-hitzik gabe.
      Ez dio deitu arduradunari, behin baino gehiagotan esan diogun arren.
  • Esaldiaren hari nagusia hausten duten osagaietan, baita aposizioetan ere.
      Etxepare, lehen euskal idazlea, Sarrasketan jaio zela uste da.
  • Deiki edo bokatiboa bereizi behar denean.
      Aizu, Olatz, zatoz lehenbailehen.
  • Ondoko terminoek ere koma behar dute: hau da, hots, esate baterako,azkenik, hala ere, adibidez, dena den, izan ere, beraz…
      Selektibitatean nota ona ateratzeko, ordea, asko ikasi behar izan zuen.
  • Ez jarri koma bakarra subjektuaren eta aditzaren artean.
      *Itzulpengintza juridiko-administratiboa, hizkuntz normalizaziorako ahaleginen ondorioa da.
  • Hala ere, betegarri edo osagarria sartuz gero, badaukagu subjektuaren eta aditzaren artean komak jartzea.
      Itzulpengintza juridiko-administratiboa, lehen esan bezala, hizkuntz normalizaziorako ahaleginen ondorioa da.

PUNTU ETA KOMA (;)

Komak baino pausaldi luzexeagoa adierazten du.

  • Ideien unitate logiko bereko bi klausula independenteren artean jartzen da.
      80-82 urte bitarte hartan gertatu zen; garai hartan, Armendarizek sailaren ardura zuen.
  • Ideia beraren bi alderdi desberdin adierazten dituzten bi klausulen artean.
      Mondragon Unibertsitatean emakumezkoak 2.191 dira; gizonezkoak, berriz, 3.134.
  • Komaz mugatutako parteen barruan beste komaren bat sartzean.
      Bileran izan ziren, besteak beste, Rosa Idiakez, Enpresa Zientzietakoa; Mikel Urteaga, Ingeniaritza Eskolakoa; eta Izaskun Gonzalez, Filosofia Fakultatekoa.

BI PUNTU (:)

Bi puntuek ere pausaldi luzea adierazten dute. Honako kasuetan erabiltzen da, batik bat:

  • Norbaiten edo nonbaiteko hitzak bere horretan testura ekartzen direnean.
      Honela dio Araudiak: “Ikaslearen ordez beste norbaitek egingo balu azterketa, ikasle hori ezgai izango litzateke asignatura ebaluatzean”.
  • Ondorengoa aurrekoaren argibide edo adibide dela adierazteko.
      Kanpokoei posta-gastuak ordaintzea eskatzen zaie aldizkaria jasotzeko: Espainiako Estatuan 6 €, Europan 30 € eta gainerakoetan 72 €.
  • Orduetan.
      1. mailako ikasleentzako ordutegi berria hauxe da: 08:15etik 14:15 arte.

PUNTUA (.)

Puntuak esaldiaren azkena markatzen du. Pausa osoa adierazten du. Honako kasuetan erabiltzen da:

  • Zentzu osoa duen periodoaren bukaeran. Paragrafoaren amaiera markatzen duenean, puntu eta aparte egiten da.
      Unibertsitateko administrazio-langileen artean euskara erabiltzen duten euskaldunek ere, askotan, ez dute inprimakiak ere euskaraz betetzeko ohiturarik, (…) edo leihatilara inguratzen direnekin eragiketa sinple bat bideratzeko eduki behar duten elkarrizketa, erdarara jo gabe burutzekorik.
      Denok gaude ezjakin samar arlo honetan. Ez dago, beraz, argudio sakonen bila ibili beharrik esparru honetara erabilera hedatzeko premia larria dagoela justifikatzeko.
  • Laburduretan: adib. (“adibidez” irakurriko da); etab. (“eta abar”). Baina ez kontzeptu, magnitude, unitateak eta abar adierazteko jartzen diren ikurretan: m, kg, eta $…
  • Zenbakien ondoren, “-garren”-en ordez.
      Iturribide kaleko 6.ean dago Kultur Aretoa.

ETEN-PUNTUAK (…)

  • Enumerazioa edo esan nahi denaren zentzua irekia uzteko modua da.
      Giza Elikadura eta Dietetikako diplomaturara lanbide-heziketatik sartzeko adarrak: Analisia eta Kontrola, Dietetika, Farmazia Produktuen eta Antzekoen Fabrikazioa, Elikagaien Industriak, Prozesu Kimikoen Industriak…
      Aurkikuntzaren garrantziaz konturatu balira…
  • Aipuetan, osorik ematen ez direnean.
      Egileak hitzaurrean dioen bezala: “Hizkuntza handien jauregietan ere sarri ikusten dira horrelako egoerak, baita frantsesaren eta gaztelaniaren jauregietan ere. Ingelesaren eragina gehiegizkoa dela, gazteriaren hizkera behar bezain jasoa eta aberatsa ez dela…”
  • Isildu nahi duguna tartean geratzen bada, parentesi artean paratuko ditugu eten puntuak.
      1. atalean zehaztutako baldintzak betetzen ez dituzten eskabideak plazak esleitzeko aipatutako 69/2000 EDn zehaztutako araudi orokorraren menpe geratuko dira, (…) horretarako epea uztailaren 1etik 5era bitartekoa izango da. Ikasle horiei espediente berria egingo zaie 1. mailarako aurkeztutako agiriak oinarri hartuta.

GALDERA-IKURRA (?)

  • Galdera-ikurra galdera-esaldiaren bukaeran baino ez da idazten.
      Zer egin behar dut matrikulatu ondoren?

harriduraHARRIDURA-IKURRA (!)

  • Harridura-ikurra esaldiaren bukaeran bakarrik idazten da.
      Pentsaraztekoa, honek esaten duena!
  • Harridura ez ezik, beste ñabardura batzuk adierazteko ere erabiltzen da, hala nola, agindua, kexua, etab.
      Aurrera, sar zaitez Campus Birtualean!

PARENTESIA [()]

  • Bidenabar zerbait aipatu nahi edo daturen bat tartekatu nahi denean erabiltzen da parentesia.
      Guztira, autorearen 65 obra (54 olio-pintura eta 11 marrazki) agertu dira.

MARRA LUZEA (–)

  • Parentesien antzera, datu edo argibideren bat tartekatzeko marrak erabiltzen dira.
      Medikuntzako eta erizaintzako ikasleek ospitalean praktikak egiteko uniforme hau jantzi beharko dute: oinetako zuriak, kasaka eta prakak —eskolako iragarki-taulan agertzen den modeloa— eta osasun-zentroetako praktiketarako bata zuria.

MARRATXOA (-)

  • Elkarrizketetan.
      –Egun on, Feli. Zer, dagoeneko lanean?
      –Aizu! Ezin da momentu batean egunkaria irakurri, ala?
  • Izen arrotzei atzizkia eransten zaienean.
      The Times-etik hartutako datuak dira.
      Stockholm-era joatea erabaki zuten.
  • Lerroz aldatzean, hitzak zatituta geratzen direnean (Euskaltzaindiak hitzak silabaka zatitzea gomendatzen du; adibidez, bur-tsa, guk, lan-gi-le-rik…).
  • Hitz elkartuetan (ez beti; batzuetan aukerakoa da). Ikus araua.
      Bakar-bakarrik, bat-batean, Hezkuntza(-)sistema, barne(-)araudia, jaun-andreak.

KOMATXOAK (” “)

  • Norbaitek esana edo idatzia hitzez hitz jaso nahi denean komatxo artean jartzen da.
      Arturo Kanpionek, liburu honen hitzaurrean honakoa dio: “Aberri-maitasunez sututako olerkariaren bihotz-taupadak dira olerki hauek”.
  • Era berean, komatxo artean idazten dira lan artistikoen izenburuak, liburu eta artikuluenak, izengoitiak, beste hizkuntzetatik hartutako terminoak edo ironiazko zentzuan erabiltzen diren hitzak.
      Kutxa Fundazioak “Donostia Hiria” literatur sarien emaitzak kaleratu ditu.
      Badakigu Kristobal Kolon Amerika “aurkitu” zuen lehena ez zela izan.
Comments { 0 }

Hautaprobak prestatzen (III)

Zenbait gomendio, euskarazko azterketako idazlana hobeto egiteko

ivapGauza jakina da azterketa bat gainditzeko ez dagoela errezeta magikorik, eta are gutxiago, hizkuntzaren ezagupena egiaztatzeko azterketa baldin bada. Hala ere, EGA, hizkuntza eskakizunak eta horrelako probak egin behar diren bakoitzean, lagun pilo batek jotzen du irakasle, aztertzaile eta adituengana aholku bila: “Aizu, nola idatzi behar dut aprobatzeko?” Bada, oraingoan, gauza bera egin dugu geuk. Aztertzaile horiekin harremanetan jarri eta euren gomendioak jaso. Ea baten bat baliagarri gertatzen zaizun.

Joseba Lozano (HAEEko administrazioko hizkeraren arduraduna, Administrazioa Euskaraz)

1. Azterketa behar bezala prestatzeko komenigarria izaten da aldez aurretik kalitatezko testuak euskaraz irakurtzea. Ikusi nola aritzen diren idazle onak, aztertu beraien idazkera, eta buruan gorde gehien gustatzen zaizkizun egiturak, hitzak eta esamoldeak.

2. Praktikatu behin eta berriro, eta, ahal izanez gero, azterketaren baldintzak errespetatuz (denbora, luzera…). Gero, aberasgarria izan daiteke dakien bati testua ematea eta zuzentzeko eskatzea.

3. Banatu denbora, hiru ekintza hauek kontuan izanik: eskema, idazlana bera eta zuzenketa. Eskaini aldi bakoitzari merezi dituen minutuak.

4. Eskema egiten emandako denbora ez da lan alferra; izan ere, eskema on batek gaiaren garapen egokia ziurtatzen du, eta inprobisazioa baztertzen. Bestela, ideiak agortu, eta agindutako lerroak idatzi nahian, noraezean ibiliko gara eta betelanean hasiko.

5. Irakurri arretaz azterketako oharrak, baina ez kopiatu hitzez hitz argibideetako esaldiak eta adibideak.

6. Idazten hasi baino lehen pentsatu ondo zein den idazkiaren helburua (informazioa ematea, zerbait eskatzea, konbentzitzea…), zein eragin sortu nahi duzun irakurleengan (harritzea, zure aldeko bihurtzea…), nolako tonua erabiliko duzun (formala…) eta abar.

7. Eginahalak egin euskaraz pentsatzeko, eta ez gaztelaniaz. Egizu kontu gaia ahoz azaldu behar duzula, hizketan. Horrek izan behar du zure abiapuntua, eta hortik aurrera, nahi duzun bezala apaindu idazlana, beti ere, euskal diskurtsoan oinarriturik.

8. Komunikagarritasunak izan behar du gure helmuga. Aztertzaileak behin bakarrik irakurri beharko luke esaldi bakoitza; hortaz, ez luke zertan ibili saltoka esanahiari antzemateko. Hori dela-eta, testua zuzentzerakoan kontuan izan behar dugu guretzat argi eta garbi adierazita dagoena irakurlearentzat ilunagoa izan daitekeela. Beraz, zalantzarik badago, hobe berridaztea.

9. On da papera aurreztea, baina utzi arnasten testuari. Marjinak eta zuriuneak eskertzekoak dira, gutxiago idazteko aitzakia gisa hartzen ez badira, behintzat.

10. Idazlanaren azken lerroaldearekin agur egiten diozu aztertzaileari. Presaka ibili arren, testu bat ezin da edozein modutan amaitu. Ahalegindu zaitez, beraz, zure idazlanari nolabaiteko betetasuna ematen.

11. Idatzian aurrera egin ahala, kontzentrazioa galdu egiten da askotan, eta, horren ondorioz, akatsak pilatu egiten dira bukaeran. Eutsi kontzentrazioari, izan ere, hasiera onek ez dute ezertarako balio, behin erdialdera helduta hanka-sartze guztiak biltzen badira.

12. Idazten ari zarela, aukeratu hitz egokiak eta zehatzak, azaldu nahi duzuna adierazteko (sinonimoak…).

13. Gehienez ere 20-25 hitzeko esaldiak idaztea komeni da ideiak jorratzeko. Edozein modutan ere, monotonia hausteko, esaldi luzexeagoak eta laburtxoagoak tartekatu, erritmoarekin jokatuz.

14.Testuaren baitan perpausek elkarri uztarturik egon behar dute; eta lerroaldeen artean ere halako lotura bat beharrezkoa da, horrek bideak urratzen baitizkio ideien garapenari.

15. Arestian esan dugu idazten hasi aurretik garbi izan behar dugula zein den gure helburua eta baita testuan barrena erabiliko dugun tonua ere. Hori horrela, zenbait idazki formaletan tokiz kanpo egon daitezke honelako esamoldeak: kristona, demasa…

16. Egitura batzuk, nahigabe, errepikatzeko joera daukagu, eta testuak -(e)larik, -z, bait eta horrelakoez betetzen dira. Azterketa egin baino lehen, aztertu zein diren zure errepikapenak eta saiatu kontrolatzen eta parekoak bilatzen.

17. Aztertzaileak ezin du jakin zuk esaldi bat izan duzula buruan eta ez duzula asmatu behar bezala idazten. Ideia bat emateko modu asko dago, eta bide batetik abiatuta irteerarik aurkitzen ez baduzu, atzera bueltatu eta berridatzi beste era batera. Azken batean, zeuk kontrolatu behar duzu arriskua eta, beraz, idazkia; ez alderantziz.

18. Amaitzeko hamar edo hamabost minutu falta direnean hasi zaitez zuzentzen, eta ahal dela, modu sistematikoan (ortografia, joskera…).

19. Arreta handiz begiratu aztertzaileek ere arreta handiz begiratuko dituzten gauzak (ergatibo markak, pluraltzaileak….), edota etxean edo klasean egiten dituzun idazlanetan gehien errepikatzen dituzun akatsak (ergatibo pluralak, erlatibozko esaldiak eta konpletiboak nahastu…).

20. A!, ez ahaztu: aldaketa bat egiten duzun bakoitzean, begiratu ea nahi gabe arazoren bat sortarazi duzun komunztaduran. Aholkuak aholku, hona hemen azken gomendio bat, programatik kanpokoa, baina, nire ustez, garrantzitsuena: gozatu idazten eta idatzi gozatuz. Azterketa batek egoera larrian jartzen bazaitu ere, ez ibili estu eta larri: saiatu aztertzaileei erakusten zein ondo idazten dakizun.

Aholku guztiak irakurtzeko, klikatu hementxe. Hurrengoan puntuazioa errepasatuko dugu.

Comments { 3 }

Hautaprobak prestatzen (II)

ARGUDIO TESTUA IDAZTEKO AHOLKUAK:

azterketaIaz emandako apunteak errepasatzea komenigarria litzateke; dena den, hementxe doa laburpena

Hiru atal nagusi ditu argudio testu batek:

1. SARRERA:

Eztabaidaren aurkezpena egiten da bertan. Batzuetan defendatu nahi den tesiaren aipamena ere egiten da. Atal honek 1go paragrafoa hartzen du eta, Ondorioa paragrafoarekin batera, testuko atalik laburrena da (150 hitzeko testu batean, 3-4 lerro).

  • Gaia testuinguru historiko batean koka daiteke.
  • Gaira hurbiltzeko norberari gertatutakoa erabil daiteke.
  • Galdera erretorikoaren bidez irakurlea gaian sar daiteke.
  • Egungo egoera azpimarra daiteke.

Atal hau idazterakoan erabil daitezkeen esaldi topiko zenbait (oso lagungarri gertatuko zaizkizue):

  • Gaurkotasun/interes handia du gai honek, izan ere…
  • Orain dela … urte … . Gaur egun, berriz,…
  • Askoren ustez,…da. Hala ote da benetan?
  • Azaletik/sakonki ezagutzen dut gai hau, urrunetik/hurbiletik ezagutzen dut eta.

Ez ahaztu SARRERATIK GARAPENERA: galdera erretorikoez gainera, sarreraren eta hurrengo paragrafoen arteko jauzia egiteko, lotura bat erabiltzen da gehienetan. Sarreraren azken esaldia izaten da, hau da, sarrera ixten duen nolabaiteko lotura esaldia da. Hona hemen adibide batzuk:

  • Gaia jorratzeko, honako puntuak erabiliko ditugu.
  • Gai hau aztertzerakoan, honako puntuak hartuko ditugu kontuan.
  • Pasa gaitezen, bada, gaia atalez atal garatzera.
  • Baina gatozen harira.

2. GARAPENA:

Argudio testuaren muina da atal hau. Bertan biltzen dira artikulugilearen hipotesiak, jarrerak…; bere ideiak defendatzeko erabiltzen dituen arrazoi guztiak, alegia. Baina, kontuz!, hierarkia baten arabera antolatu behar dira argudioak. Paragrafo bakoitza argudio baten inguruan antolatuta dago, eta ideia eta argudio bakoitzak paragrafo bat hartzen du.

HAINBAT ARGUDIAKETA MOTA

  • Autoritate argudioa: pertsona, elkarte edota erakunde baten iritzia erabiliz, idatziaren tesia sendotzeko erabili ohi dugu argudiatze modu hau. (Munduko zientzialari jakintsuenek diotenez…)
  • Irakurlea eta idazlea talde bereko: idazleak bere pentsaera beste askorena dela agertzen du. Pluraleko lehen pertsona, gu, azpimarratzen da argudiatze mota honetan. (Motorzaleok badakigu kaskoa beharrezkoa dugula…)
  • Adibide bidezkoa: iritziak argiago, ulergarriago eta, aldi berean, pisu handiagoko egiten dituen argudiatzea dugu hau. (Esate baterako, zein gurasok mugatzen du telebista aurreko egonaldia?)
  • Tesien kontrajarpena: norbere eta besteen tesiak eztabaidatuz, arrazoizko tesi bat proposatu bukaeran (Telebista bidez ez omen da ezer ikasten, baina egia da dokumental ederrak ere ematen dituztela). Oso garrantzitsua!!!

TESTUAREN BATASUNA

Testuak barne lotura izateko, elementu hauek erabiliko ditugu:

  • ERREFERENTZIA BALIABIDEAK: testuan agertutako elementu bat beste era batera aipatzeko moduak dira. Besteak beste, hauek izan daitezke:
      Ordezkapena: zerbait modu ezberdinez aipatzea. Ordezkapenaren bidez, elementu bat behin eta berriro ez errepikatzea lortzen dugu.
      Pronominalizazioa: izenordain (hau, hura, bera hauek…) eta aditzondoenak (gehienbat aurretik aipatutako lekuren bati egiten dio erreferentzia -han, bertan…- bereiziko ditugu.

3. KONKLUSIO ETA ONDORIOAK:

Argudio testuaren azkeneko paragrafoa hartzen du. Atal honek bi helburu ditu funtsean: batetik, testuan zehar garatutako ideia nagusia(k) laburbildu, eta, bestetik, ondorio batzuk atera. Erabil daitezkeen zenbait lokailu-juntagailu: beraz, hortaz, aurreko guztia laburbilduz, honako ondorioak atera daitezke, amaitzeko…

4. AZKEN AHOLKUAK:

  • Tintaz idatzi eta letra ulergarria egin.
  • Marjinak eta paragrafo arteko zuriuneak zaindu.
  • Ortografia zaindu.
  • Idatzitakoa errepasatu.
  • Ondo irakurri galderak eta eskakizunak.

Argudio testua idazteko aholkuak laburturik:

  • Ondo pentsatu idazten hasi aurretik
  • Eskematxoa egin argudioekin
  • Hiru atal hauek izango ditu:
      Sarrera: gaiaren aurkezpen laburra eta garapenarekin lotuko duen esaldia.
      Garapena: argudiatzea (lokailu-juntagailuak, erreferentzi baliabideak…). Ideia baten aldeko eta kontrako arrazoien eztabaida.
      Konklusioa edo ondorioak: ideia nagusien laburbilketa eta ondorioak atera. Norbere iritzia ere gehitu daiteke, edo irakurlearen arreta piztu galdera erretoriko baten bidez.
  • Paragrafoak. Atalak paragrafotan bereiziko dira: paragrafo bakoitza ideia baten inguruan antolatuko da; ideia batek osatuko du paragrafo bakoitza. Testuaren eta paragrafoen arteko batasuna zaintzeko, unitatean zehar erabilitako testu-antolatzaileak hautatuko dira.
  • Lokailu-juntagailuak. Ideiak aurkezteko, gehitzeko, kontrako arrazoiak emateko edota ondorioak ateratzeko unitatean landutako lokailuez baliatuko zara: lehenik eta behin; beste aldetik; gainera; adibidez; azkenik; beraz…

Hurrengoan, euskarazko azterketako idazlanak (Hautaprobak, EGA…) hobeto egiteko zenbait gomendio emango dizuet; mota hauetako azterketetan aztertzaile eta zuzentzaile lanetan ibiltzen direnen aholkuak, hain zuzen ere.

Comments { 3 }
-->