GOMENDIOAK

    Zenbait gomendio, euskarazko azterketako idazlana hobeto egiteko
    Gauza jakina da azterketa bat gainditzeko ez dagoela errezeta magikorik, eta are gutxiago, hizkuntzaren ezagupena egiaztatzeko azterketa baldin bada. Hala ere, EGA, hizkuntza eskakizunak eta horrelako probak egin behar diren bakoitzean, lagun pilo batek jotzen du irakasle, aztertzaile eta adituengana aholku bila: “Aizu, nola idatzi behar dut aprobatzeko?� Bada, oraingoan, gauza bera egin dugu geuk. Aztertzaile horiekin harremanetan jarri eta euren gomendioak jaso. Ea baten bat baliagarri gertatzen zaizun.
      1. Azterketa behar bezala prestatzeko komenigarria izaten
      da aldez aurretik kalitatezko testuak euskaraz irakurtzea. Ikusi
      nola aritzen diren idazle onak, aztertu beraien idazkera, eta
      buruan gorde gehien gustatzen zaizkizun egiturak, hitzak eta
      esamoldeak.
      2. Saia zaitez jarriko dizuten gaia asmatzen. Kontuan izan
      aztertzaileak arazo bera izaten duela gaia aukeratzeko orduan,
      eta, horrelakoetan, gaurkotasuneko gaietara jotzen duela gehienetan
      (egunkarietako berriak, aldizkarietako artikuluak…).
      3. Praktikatu behin eta berriro, eta, ahal izanez gero, azterketaren
      baldintzak errespetatuz (denbora, luzera…). Gero, aberasgarria
      izan daiteke dakien bati testua ematea eta zuzentzeko
      eskatzea.
      4. Honaino helduta, ohartxo bat: azterketara prestatuta eramaten
      diren idazki-zatiei (sarrerak, amaierak) igarri egiten zaie
      normalean. Batzuetan, tokiz kanpo daude; beste batzuetan, ez
      dute zerikusi handirik idazlan osoaren maila eta tonuarekin.
      Hitz batean: ez zaizue komeni horrelakoetara jotzea. Horrek ez
      du esan nahi, jakina, den-dena inprobisatu behar dugunik. Zenbait
      gauza landuta eraman daitezke, adibidez, esaldien arteko
      lotura batzuk etab.
      5. Prestatu ondo azterketara eraman behar duzun materiala:
      karneta, boligrafoa, ezabagailuak…
      6. Aztertzaileek gai edo egoera bat proposatuko dizute idazlanean,
      eta zuk egoera hori benetakoa balitz bezala jokatu
      behar duzu. Demagun zinegotzi bati idatzi behar diozula zerbaitetarako.
      Idatziozu, ba, serio, eta egiazko gutuna bidaliko
      bazenio bezala, aztertzaileak zinegotzia bailitzan begiratuko
      baitio mezuaren funtsari.
      7. Banatu denbora, hiru ekintza hauek kontuan izanik: eskema,
      idazlana bera eta zuzenketa. Eskaini aldi bakoitzari merezi
      dituen minutuak.
      8. Eskema egiten emandako denbora ez da lan alferra; izan
      ere, eskema on batek gaiaren garapen egokia ziurtatzen du, eta
      inprobisazioa baztertzen. Bestela, ideiak agortu, eta agindutako lerroak idatzi nahian, noraezean ibiliko gara eta betelanean
      hasiko.
      9. Errespetatu ematen dizuten gaia eta proposatzen dizuten
      idazki-mota. Ez tranparik egin.
      10. Irakurri arretaz azterketako oharrak, baina ez kopiatu hitzez
      hitz argibideetako esaldiak eta adibideak.
      11. Idazten hasi baino lehen pentsatu ondo zein den idazkiaren
      helburua (informazioa ematea, zerbait eskatzea, konbentzitzea…),
      zein eragin sortu nahi duzun irakurleengan (harritzea,
      zure aldeko bihurtzea…), nolako tonua erabiliko duzun (formala…),
      eta abar.
      12. Litekeena da euskara zure ama-hizkuntza ez izatea edota
      erdara baino gutxiago menperatzea. Jakin ezazu euskaraz idazterakoan
      zure mailak zeozer jaitsi behar duela ezinbestez; hau
      da, erdaraz esaten dituzun gauza batzuk edo esaten dituzun
      moduan nekez eman ahalko dituzula euskaraz. Hori onartzea
      eta apaltasunez jokatzea abiaburu ona izaten da.
      13. Eginahalak egin euskaraz pentsatzeko, eta ez gaztelaniaz.
      Egizu kontu gaia ahoz azaldu behar duzula, hizketan. Horrek
      izan behar du zure abiapuntua, eta hortik aurrera, nahi duzun
      bezala apaindu idazlana, beti ere, euskal diskurtsoan oinarriturik.
      14. Aztertzaileek gutxieneko abstrakzio maila eskatu ohi dute.
      Istorioak, pasadizoak… ondo daude eta onargarriak dira, gaia
      eta argudioak biribiltzeko. Baina, maiz, idazlana anekdotetan
      oinarritzea adierazpen pobreziaren erakusgarri izan daiteke.
      15. Komunikagarritasunak izan behar du gure helmuga.
      Aztertzaileak behin bakarrik irakurri beharko luke esaldi
      bakoitza; hortaz, ez luke zertan ibili saltoka esanahiari antzemateko.
      Hori dela-eta, testua zuzentzerakoan kontuan izan
      behar dugu guretzat argi eta garbi adierazita dagoena irakurlearentzat
      ilunagoa izan daitekeela. Beraz, zalantzarik badago,
      hobe berridaztea.
      16. Ahalegindu zaitez letra onez idazten aztertzaileak ez
      nekarazteko; eta, aukeran, letra txikiz; bestela, aztertzaileek
      ezin dute neurtu nola erabiltzen dituzun letra larriak.
      17. Izenburuak, azpi-izenburuak, oinoharrak eta horrelakoak
      lagungarriak izan daitezke testua egituratzeko.
      18. Erabili lerroaldeak azpigaiak garatzeko.
      19. On da papera aurreztea, baina utzi arnasten testuari. Marjinak
      eta zuriuneak eskertzekoak dira, gutxiago idazteko aitzakia
      gisa hartzen ez badira, behintzat.
      20. Idazlanen ehuneko handi batek “ohiko� hasiera izaten du,
      adibidez: Gaur egun argaltzea da gure gizartea gehien kezkatzen
      duen gaietariko bat. Ez ahaztu lehen lerroaldeak aztertzailearen
      arreta erakartzeko balio duela, eta bide ugari dagoela
      horretarako; horietako bat, originaltasuna.
      21. Idazlanaren azken lerroaldearekin agur egiten diozu
      aztertzaileari. Presaka ibili arren, testu bat ezin da edozein
      modutan amaitu. Ahalegindu zaitez, beraz, zure idazlanari
      nolabaiteko betetasuna ematen.
      22. Idatzian aurrera egin ahala, kontzentrazioa galdu egiten
      da askotan, eta, horren ondorioz, akatsak pilatu egiten dira
      bukaeran. Eutsi kontzentrazioari, izan ere, hasiera onek ez dute
      ezertarako balio, behin erdialdera helduta hanka-sartze guztiak
      biltzen badira.
      23. Idazten ari zarela, aukeratu hitz egokiak eta zehatzak,
      azaldu nahi duzuna adierazteko.
      24. Gehienez ere 20-25 hitzeko esaldiak idaztea komeni da
      ideiak jorratzeko. Edozein modutan ere, monotonia hausteko,
      esaldi luzexeagoak eta laburtxoagoak tartekatu, erritmoarekin
      jokatuz.
      25.Testuaren baitan perpausek elkarri uztarturik egon behar
      dute; eta lerroaldeen artean ere halako lotura bat beharrezkoa
      da, horrek bideak urratzen baitizkio ideien garapenari.
      26. Arestian esan dugu idazten hasi aurretik garbi izan behar
      dugula zein den gure helburua eta baita testuan barrena erabiliko
      dugun tonua ere. Hori horrela, zenbait idazki formaletan
      tokiz kanpo egon daitezke honelako esamoldeak: kristona,
      demasa …
      28. Egitura batzuk, nahigabe, errepikatzeko joera daukagu,
      eta testuak -(e)larik, -z, bait eta horrelakoez betetzen dira.
      Azterketa egin baino lehen, aztertu zein diren zure errepikapenak
      eta saiatu kontrolatzen eta parekoak bilatzen.
      29. Aztertzaileak ezin du jakin zuk esaldi bat izan duzula
      buruan eta ez duzula asmatu behar bezala idazten. Ideia bat
      emateko modu asko dago, eta bide batetik abiatuta irteerarik
      aurkitzen ez baduzu, atzera bueltatu eta berridatzi beste era
      batera. Azken batean, zeuk kontrolatu behar duzu arriskua eta,
      beraz, idazkia; ez alderantziz.
      30. Azterketa egin behar duen jende askok uste du gramatikako
      zailtasunetan oinarritu behar duela bere idazlanaren garapena;
      hau da, zenbat eta subjuntibo eta baldintza gehiago sartu,
      orduan eta aukera handiagoa izango duela aztertzaileak liluratzeko,
      eta ondorioz, azterketa hori gainditzeko. Kontuz horrekin.
      Idazlan bat ezin da aurrera atera, euskaltegian ikasitako
      guztia biltzeko aukera izango balitz bezala. Idazlan batean gai
      bat jorratu nahi dugu ideia batzuen bitartez; horrenbestez,
      hasierako eskeman jasotakoa garatzera jo behar dugu, ustez
      nota ona eman behar diguten baina tokiz kanpo egon daitezkeen
      kontuak bazter utzita.
      31. Idazten ari zarela, gelditu noizean behin, irakurri idatzitakoa,
      eta gustura ez bazaude, berridatzi. Berriro ere gogoratu
      irizpide nagusia: irakurtzerakoan, zu zeu, trabatuta geratzen
      bazara, seinale txarra.
      32. Amaitzeko hamar edo hamabost minutu falta direnean
      hasi zaitez zuzentzen, eta ahal dela, modu sistematikoan (ortografia,
      joskera…).
      33. Arreta handiz begiratu aztertzaileek ere arreta handiz
      begiratuko dituzten gauzak (ergatibo markak, pluraltzaileak….),
      edota etxean edo klasean egiten dituzun idazlanetan
      gehien errepikatzen dituzun akatsak (ergatibo pluralak, erlatibozko
      esaldiak eta konpletiboak nahastu…).
      34. A!, ez ahaztu: aldaketa bat egiten duzun bakoitzean, begiratu
      ea nahi gabe arazoren bat sortarazi duzun komunztaduran.
      Aholkuak aholku, hona hemen azken gomendio bat, programatik
      kanpokoa, baina, nire ustez, garrantzitsuena: gozatu
      idazten eta idatzi gozatuz. Azterketa batek egoera larrian jartzen
      bazaitu ere, ez ibili estu eta larri: saiatu aztertzaileei erakusten
      zein ondo idazten dakizun.
    Joseba Lozano
    HAEEko administrazioko hizkeraren arduraduna

    A D M I N I S T R A Z I O A E U S K A R A Z
No comments yet.

Utzi erantzuna

-->