Zenbaitentzat gurari izango dira jostailu hauek; beste batzuentzat, bitxiak eta askorentzat, ametsa!!! Zenbat umek izan nahiko lukete gasolinaz dabilen benetako Mercedes-Benz bat esku artean ? BAI, BAI! Hauetako haurren baten guraso edo senitarteko eskuzabala bazara, New York edo beste estatubatuar hiriren batera bidaia besterik ez duzu egin behar!
New Yorkeko turisten bisita-gune bilakatu da dagoeneko, eta ume nahiz helduek amestu dezaketen jostailu denda izugarria da! Fao Schwarz du izena eta Frederick August Otto Schwarz-ek sortu zuen 1870ean. Geroztik zenbait gorabehera ekonomiko jasan arren, bizirik dihardu jostailuak baino dezente gehiago diren gauzak saltzen 5. hiribidean. Denda izugarri garestia ez bada ere, badaude gutxi batzuen eskura baino ez dauden pelutxeak, ilaunezko hartz izugarriak, hamaika panpina modelo ezberdin… Haur bakoitzaren estilo, ideia eta burutapenak eskainiko lizkigukeen aukera guztiak agortu ondoren aurkituko genukeen jostagarririk bitxiena ere bertan egongo da!
Hain famatua izatera eraman duen gertakarietako bat Tom Hanks-ek lan egin zuen Big filmean agertu izana da. Hau 1988an izan zen eta, harrezkero, bigarren solairuan dagoen 6,7 metroko pianoa dendako bisitarien derrigorrezko bilgune bihurtu da.
Askok, piano hori bera ukitu eta jo ahal izatea, film barnean sentitzearen antzekoa dela diote! Gainera, bisitarien atseginerako, erloju batek abestiak jotzen ditu, “ Ongi etorri gure jostailu mundura!� esanez… Hauek dendako zenbait sorpresa besterik ez dira… Beste adibide bat aipatzearren, sarreran Disneyren film ezagunenetako pertsonaiek zurekin hitz egin eta argazkiren bat etxera eramateko aukera luzatuko dizute. Dudarik gabe, kontsumitzaileak erakarri eta eguna ahalik eta errentagarriena izateko trikimailu ugari! Trikimailuak trikimailu, gustuko ditugun haurtzaroko jostailu eta burutapenez gozatzeko abagune aproposa da! Hau guztia uri horretako hiribide nagusian bildutako sentsazio goxoaz estalia…
No comments yet.