Hautsaren Kronika – INAZIO MUJIKA IRAOLA

Inazio Mujika Iraola Donostian jaio zen 1963an. Maisu eta Filologia ikasketak egin zituen eta orain arteko jardunean, ipuingintzan aritu da batez ere.

Nik berak idatzitako Hautsaren kronika ipuin bilduma aukeratu dut. Liburu hori aukeratzearen arrazoia irakurtzeko oso erraza zirudiela izan zen eta liburua irakurri eta ondoren nire susmoak bete ziren. Hona hemen pasarte bat:

Errepideko zuloak eta bihurguneak zirela-eta, gure eserlekuetan airean genbiltzan; bat-batean, ordea, Baio herritik pasatzen ari ginela, gure autobus ttiki xaharrak, aurrera segitzeko gogo gutxi nonbait, hots gor bat egin eta kamino bazterrean geratu zen. Birao bat aditu nuen, eta galiziarren artean hain ohikoa den carallo pila bat. Bidaiari batzuek buruak agertu genituen pasabidera, eta besteek aulkien gainetik begiratu zuten txoferra zegoen aldera. Laster igo zen atzera autobuszalea, eta jaisteko agindu zigun. Herrian bazela taberna bat, eta beste autobus baten zain egon beharko genuela pixka batean. Jaisten ari ginela, dinamoa edo beste trepetaren bat aipatu zuen, ez dakit.

Gogorik batere gabe eta mar-mar batean jaitsi ginen denak. Puskak eskuetan hartu eta bost bat minutu oinez ibili ondoren, herriko tabernara iritsi ginen. Aulki-laguna ere —jakina— nirekin nuen eta ondoan eseri zitzaidan, tabernan mahai bat aukeratu eta. Txoferrak pare bat orduan itxaron beharko genuela iragarri baitzigun, zerbait jango ote genuen galdetu nion orduan ustekabeko nire lagunari. Olagarro platerkada bana eskatu genuen eta lakoi piska bat Padrongo piperrekin. Alabaina, esan zidan Xoxek, gaur egun edozein lekutan dituzu Padrongo piperrak; auskalo nongoak diren.

Pasarte osoa irakurtzeko egin klik hemen.

Hainbat ipuin ezberdinez osatuta dago liburu hau. Denak erretiratu berri den kazetari batek kontatuak. Bere bizitzan zehar entzun eta irakurri dituenak dira. Ipuinak Zabalki eta Habe aldizkarietan argitaratu ziren eta liburu honetan bildu dira.

Liburuan oso ipuin ezberdinak daude, esate baterako, Santa Klara uharteko mitoa edo La Forza del Destin0 delakoa. Lehenengoan, kapitan bati eta bere marinelei gertatutako istorioa kontatzen digu eta istorio honen barruan Santa Klara uharteko mitoa kontatzen digu. Diotenez, bertan deskantsatzen dute marinel hilen arimek. Bigarrenean, Frankoren aldean borrokatu zuen italiar faxista baten familiak ispiluekin duen madarikazioaz hitz egiten digu, bere aitonaren hilketa susmagarriaz eta aitaren istripu misteriotsuaz.

Nire iritziz, liburu hau, lehen aipatu dudan bezala, irakurtzeko erraza eta arina da. Gainera, bertako hainbat ipuin oso bitxiak eta interesgarriak dira; esaterako, lehen aipatutako biak edo Lotsaetxe ipuina.

Nire gomendioa irakurtzea gustatzen ez zaigunontzat liburu aproposa dela da; hala ere, irakurtzea atsegin zaienei ere interesatuko zaielakoan nago.

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->