Aire,aire!!! Euskarari.

Kanpainaren aurkezpena Aire, Aire!!! Euskarari. Horixe da Gipuzkoako Diputazioak euskararen erabilera sustatzeko abiarazi duen kanpainaren leloa eta ostiraletik edozein tokitan ikusiko dena. Diputazioak ekimenaren bitartez, zirrikitu guztietan aire freskoa, euskara, sartu nahi du. Izan ere, kanpaina honek halaxe agertu nahi du euskara: moderno, fresko eta gaurko hizkuntza gisa.

Euskara dakitenen kopuruak urtetik urtera gora egiten duen arren, erabiltzen dutenen kopurua ez da neurri berean hazten. Arrazoi hau dela kausa, euskararen ezagutza eta erabilera parekatzea da erronka honen helbururik sendoena. Kanpainak jarrera positiboak sorrarazi eta euskara jakitea erakargarri bihurtu nahi du.
Ostiral arratsaldean aurkeztu zien Diputazioak kanpaina gizarte, kultur eta kirol eragileei eta diseinatu duen enpresaren arduradunak Aire, Aire!!!Euskarari mezuaren xedea azpimarratu nahi izan zuen.

Bizia ematen du aireak, berriztatzearen ideia gordetzen du, zabaltzearena, garbiarena, irekiarena, musika duena eta freskoa. Eman diezaiogun, hortaz, haizea euskarari.

Kanpainarako euskarri ugari kaleratu dituzte, lemak dioena indartzeko haizemaile urdin moderno bat ikur bezala, komunikabideetarako iragarkiak, prentsarako publizitate orriak… Kanpainak 450.000 euroko kostua izan omen du.

Besterik gabe, orain gure esku geratzen da haize freskoa bazter eta txoko guztietara ailegatzeko bideak zabaltzea, beraz, badakizu Aire, aire!!! EUSKARARI.

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->