About Maite

Author Archive | Maite

GUZTI HAU EDO HAU GUZTIA?

jolaus Gaur, gramatikaren txoko honetara, askotan oker erabiltzen dugun egitura baten berri ematera natorkizue. Ikusita azken azalpenak izan zituen oihartzun eta kritika konstruktiboak, arrazoiak eta azaldu beharrean, erabilera zuzenaren gomendioa ematera mugatuko naiz. Ziur nago batek baino gehiagok eskertuko duela! Gatozen, bada, harira.

GUZTI HAU EDO HAU GUZTIA?

  • Guz(t)i hau zurea al da?
  • Hau guz(t)ia zurea al da?
  • Erabilera hau hobesten da!

* Parentesiak adierazi nahi du bere barneko elementua aukerazkoa dela, hots, hau guztia edo hau guzia biak ondo daudela.

Euskaltzaindiak gogorarazi nahi du hau guz(t)ia, bide hartan guz(t)ian, horiekin guz(t)iekin eta kidekoak hobestekoak direla batasunaren izenean. Eta orobat gauza hauek guz(t)iak eta honen kidekoak.

Beraz, hau guz(t)ia eta guz(t)i hau esapideen artean, lehena da hobesten dena. Eta berdin gertatzen da bide hartan guz(t)ian / bide guz(t)i hartan, horiekin guz(t)iekin / guz(t)i horiekin eta hauen antzeko bikoteetan. Denetan lehen aldaera da hobestekoa. (Euskaltzaindiak, Bilbon, 1994ko urriaren 28an onartua)

Ikasitakoa praktikan jarri nahi duzu?

Arau hau bere ñabardura guztiekin irakurri nahi baduzu, jo ezazu hona.

Oharra: azalpen hau nire lagun eta lankide den jolaus IKTeroari eskaini nahi diot bereziki !!

Comments { 3 }

Ohitura-eleberria

Ohiturazko eleberria

Ohiturazko eleberria 1900 eta 1935 urteen artean egin zen. Baserri
eta arrantzaleen arteko giroa islatzen zen eleberri-mota horretan,
istorioa giro idealizatu batean kokaturik. Euskara modernoaren aurka
askotan altxatzen zen, ohitura zaharrak defendatzen zituelako. Eleberri
honetako pertsonaiak lauak eta abstraktuak dira.

Ohiturazko eleberriak Euskal Herriko ikuspegi bakarra islatzen zuen,
hau da, kristau zintzoa, tradizionala. Ez da eleberri deskribatzailea,
arauemailea baizik: ereduzko euskalduna izateko jarraitu behar diren
arauak ezartzen dituzte zeharka. Badirudi lehen zantzua edo aztarna
Mogelen Peru Abarca izan zela, baina lehen euskal eleberria
Txomin Agirreren Auñamendiko
Lorea
izan zen, 1898koa.

Laburbilduz, hauek jo ditzakegu ohiturazko eleberriaren
ezaugarritzat:

  • Baserriko eta itsas giroko mundu idealizatuak kontatzen dira.
  • Euskara eta fedea goraipatzen dira.
  • Subjektibotasuna da nagusi, hau da, idazleak berak erabakitzen du
    zein pertsonaia izango den ona eta zein ez.
  • Pertsonaiek ez dute bilakaerarik, tipoak dira.
  • Deskripzio ugari dituzte, nahiz eta estatikotasuna nabarmena izan.
  • Kontalaria orojakilea da, hirugarren pertsonan kontatzen du
    istorioa, eta tarteka bere iritzia ematen du.

Txomin Agirre

Txomin Agirrek euskal lehen eleberria idatzi zuen. Bere
bibliografian eleberri hauek aurki ditzakegu: Auñamendiko
Lorea
(1898), Kresala (1906), Garoa (1912) eta
Ni ta ni (bukatu aurretik hil zen).

Bere lehen eleberria, Auñamendiko Lorea (1898),
lehen euskal eleberritzat jotzen da. Erromantikoa da, eta bertan
nabaria da Navarro Villosladaren Amaya o los vascos en el siglo
XVIII
obraren eragina. Bigarren eleberria, Kresala,
bizkaieraz idatzi zuen, eta herri arrantzale batean girotu zuen
istorioa. Hirugarrena, Garoa, gipuzkeraz dago, eta nekazarien
herri batean girotu zuen.

Txomin Agirre hainbat idazleren eredu izan zen.

hiru.com

Comments { 1 }

Irakurri eta oparitu euskaraz!

Urtero bezala, aurten ere badatoz Eguberriak eta, Eguberriekin batera, Olentzero eta Hiru Erregeak. Hamaika buruhauste sortzen zaizkigu opariak aukeratzeko orduan, eta are gehiago liburuak oparitzea erabakitzen dugunean.

Horretan laguntzeko asmoz, euskarazko 100 liburuen zerrenda helarazi digute ordiziarroi. Bertan ez da jasotzen merkatuan dagoen euskarazko liburuen eskaintza osoa. Mondragon Unibertsitateako Humanitate eta Hezkuntza zientzien Fakultateko (HUHEZI) Haur Liburu Mintegiaren laguntzarekin, 2004an argitaratutako liburu gomendagarri eta irakurrienak biltzen saiatu dira Hitzaro Euskara Elkartea, Udaleko Euskara Zerbitzua eta Udal Liburutegia herriko Mujika liburudendaren laguntzaz, IRAKURRI ETA OPARITU ekimenean. Hona hemen zertan datzan:

  • Zerrendatuta azaltzen diren euskarazko liburuak eskuartean izateko aukera izango duzu Udal Liburutegian, atarian jarriko ditugun panel batzuetan.
  • IRAKURRI ETA OPARITU paneletan, liburuak begiratu ahal izango dituzu; eta liburuaren bat oparitarako erosi nahiko bazenu, %25eko deskontu txartela emango dizugu.
  • Deskontu txartel horrekin Mujika liburudendara jo eta han eskuratu ahal izango duzu, ohi baino prezio merkeagoan. hitzaroko bazkide denak prezio erdian! %25eko deskontuari beste %25ekoa egingo baitio Euskara Elkarteak!
    • LEKUA: Udal Liburutegian
    • EGUNAK: Azaroaren 28tik urtarrilaren 5era
    • ORDUAk : astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 20:00etara. Larunbatetan, 09:00etatik 13:00etara

    Ekimenak, irakurzaletasuna bultzatzea du helburu, batetik, eta euskarazko liburu produkzioari bultzada ematea, bestetik. Interesekoa eta erabilgarria izango zaizulakoan, IRAKURRI ETA OPARITU EUSKARAZ.

100 liburu horiek zeintzuk diren jakin nahi baduzu, onena Barrena Kultur Etxera joatea izango da eta bertan eskuratu ahal izango duzu zerrenda osoa. Dena den, libururik oparitu nahi ez eta beste euskal produkturen bat nahi baduzu, begira ezazu Euskarazko produktuen katalogoa.

Comments { 0 }
-->