About Maite

Author Archive | Maite

Beste ariketa-sorta bat Euskaltzaindiaren arauak lantzeko

Hizkuntzaren gramatikaren alorra lantzeko, ohikoa izaten da ikasleek jarduera liburuetatik ateratako ariketak osatzea eta, jarraian, irakaslearen laguntzaz zuzentzea. Bada, ikasleek era ekinkorragoan aritzeko, zuetako batzuek jakingo duzuen bezala, euskaljakintzan prozesua irauli dugu ikasleak jarduera hauen diseinatzaile eta sortzaile bihurtuz. Honela, ikasleek jarduera ezberdinak sortzeaz gain, horientzako erantzunak ere aurkitu behar dituzte,  prozesu osoan parte hartuz. Aprendizaia askoz ere esanguratsuagoa bihurtzen da, zalantzarik gabe. Ikasleak jarduera horiek sortzen ari diren bitartean, nik  prozesua gainbegiratu eta, bukatzean, behin-betiko zuzenketak egiten ditut. Ondoren, sortutako jarduerak aplikazio batera (kasu honetan Hot Potatoes-era) pasatzen ditugu eta, azkenik, sarean denon  eskura ipintzen  ditugu.

Nire ustez, bai prozesu osoa eta bai emaitza aberatsak dira oso; izan ere, bikote bakoitzak bikotekideen artean sortutako jarduerak egiteko aukera du, eta baita beste guztienak ere.

Era berean, behin baino gehiagotan adierazi izan dugun legez, paperean egindako jarduerekin alderatuz gero, jarduera-sortzaileekin egindako ariketek bi abantaila nagusi dituzte:

  • Saiakuntza bakoitzean, hurrenkera ausazkoa da. Hau da, ordenagailuan ariketa kargatzen den bakoitzean, ariketaren hurrenkera aldatu egiten da eta, horrela, behin eta berriz saia gaitezke jarduera menperatu arte.
  • Erantzuna zein azalpenak bat-batean lor ditzakegu, balio erantsi handia emanez lanketari.

Guretzat aberasgarria izateaz gain, pozgarria ere bada ikustea egunetik egunera euskara ikasten ari den  ikasle asko eta askori baliagarri gertatzen zaizkiola gure ariketak.  Gauzak horrela, euskaljakintza 5ekook sortu ditugun lehenak hementxe uzten dizkizuegu. Oraingo hauek Euskaltzaindiaren arauak ikasi eta errepasatzeko jarduerak dira, eta gure ikastaroa (euskaljakintza arauak) osatzera datoz (hemen ipintzeaz gain, ikastaroko gunean ere txertatu ditugu).

Euskaltzaindiaren arauak orokorrean lantzeko ariketak

1 2 3 4 5 6 7
8 9 10 11 12 13 Ikastaro osoa

Ariketa zehatzak

Nornahi, nonahi… Bat-batean… Orduak nola esan Hitz-elkartuak
Data nola adierazi Baitu, baikara… Aurrealde edo aurreko alde Zenbait aditzen erregimena
Zenbakiak Arazi Munduko estatu-izenak eta herritarrak
Diptongoz bukatzen diren izenen deklinabidea Ordinalen eta banatzaileen idazkera
Comments { 0 }

Euskarazko Wikipediari buruzko saioa

Gaur euskarazko Wikipediako editoreetako bat, Galder González,  gure artera etorri da euskarazko entziklopedia libreari buruz hitz egitera.  Aspalditik nuen gogoa ikasleengana ekartzeko Wikipediaren sekretu guztiak barrutik ondo ezagutzen dituen norbait, eta haren ahotik gurearen nondik norakoak entzuteko. Horrela, Galderri gonbitea egin genion ikastolara etorri eta azaltzeko mota honetako entziklopedia baten zergatia, helburuak, egungo egoera, zailtasunak, parte hartzeko modua…

wikipedia

“Imagine a world in which every single person on the planet has free access to the sum of all human knowledge.”
— Jimmy Wales, Founder of Wikipedia

wikipedia_logoOndo legoke edozein pertsonak ezagutza modu librean eman eta eskuratu ahal izatea, ezta? Bada, guk baietz pentsatzen dugunez, hemendik aurrera beste batzuek egindako bideari jarraituko diogu, eta, beti esaten dugun bezala, gure harri-koskorra jartzen saiatuko gara.

Galderrek esan digunez, une honetan, Euskarazko bertsioan, 48.734 artikulurekin dabiltza lanean. Bertan parte hartzeko, artikulu berriak sortu eta daudenak osatuz, proba orrian saioak eginez eta Wikipediaren txokoa bisitatuz has gaitezke. Guk izena eman dugu eta, datozen hilabeteetan,  ekarpenak egiten hasteko asmoa dugu. Ea zer ateratzen den. Esker mila, Galder, etortzeagatik eta gure bidea errazteagatik!


Euskarazko Wikipediari buruz euskaljakintzan from Maite Goñi on Vimeo.

Euskarazko Wikipediako editore den Galder Gonzálezek Jakintza Ikastolako euskaljakintzako ikasleekin izandako saioa.

Comments { 3 }

VI. Irakurri eta oparitu euskaraz

Euskarazko 100 liburu gomendagarri biltzen dituen Irakurri eta Oparitu gida [pdf] osatu dugu Ordiziako Udaleko Euskara Zerbitzukoek, Eguberrien atarian, seigarren urtez, Olentzerotan eta Errege Egunean liburuak oparitzea erabakitzen duten herritarrei laguntzeko.

Liburuen gidarekin batera, Euskarazko Produktuen Katalogoa [pdf] ere banatu dugu eskola umeen artean.

Irakurri eta oparitu, seigarrengoz

Irakurri eta Oparitu gida osatzeko, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko (HUHEZI) Haur Liburu Mintegiaren eta Euskal Herriko editoreen laguntza izan dugu.

Liburu gomendagarrien gida argitaratu eta herritarren artean banatzearekin batera, IRAKURRI ETA OPARITU ekimena bultzatuko du Ordiziako Udalak 2010eko urtarrilaren 4ra bitartean.

• Irakurri eta Oparitu Euskaraz 2009 gidan zerrendatuta azaltzen diren euskarazko liburuak Barrena kultur etxeko sarreran aurkituko ditu herritarrak, paneletan zintzilikatuta.

• Gidan gomendatzen den libururen bat oparitarako erosi nahi duenari, %25eko deskontu-txartela emango diogu Udaleko Euskara Zerbitzuan. %50ekoa deskontu-txartela eskuratuko dute mintzalagunek edota euskara ikasleek.

Irakurri eta Oparitu ekimenarekin, ordiziarren artean irakurzaletasuna sustatu eta euskarazko liburu produkzioari bultzada eman nahi diogu.

VI. Irakurri eta oparitu euskaraz

Aurreko edizioetan, bataz beste, 100 bat liburu eskatu dituzte ordiziarrek Irakurri eta Oparitu ekimenaren baitan.

Euskarazko produktuen 900 katalogoa

Euskarazko produktuen katalogoaMerkatuan euskaraz dauden produktuen eskaintza ezagutzera eman nahi dugu; baliabideak eskaini nahi dizkiegu 16 urte bitarteko herriko haur eta gazteei eta horien gurasoei. Hala, aurten, 900 katalogo banatu ditugu Ordizian, ikastetxeen bitartez. Euskarazko Produktuen Katalogoa eskuratu nahi duen herritarrak Euskara Zerbitzura hurbil daiteke, edota www.katalogoa.org gunera jo, katalogoaren pdf dokumentua jaisteko.

Zortzi ataletan sailkatuta, nagusiki aurten kaleratu diren produktu berriak jaso dira katalogoaren 12. edizio honetan: musika, liburuak, aldizkariak, filmak, jostailu eta jokoak, DVD eta informatika produktuak, komikiak eta gurasoentzako produktuak.

Comments { 0 }
-->