Garrasiak, zauriak, odolez jantzirik dauden gorputzak, irainak…horiexek dira indarkerian oinarritutako punta-puntako bideo-jokoek eskaintzen dituzten irudi eta egoerak. Milaka haur eta heldu jostatzen dira egunero hauekin, honek dituen ondorio arriskutsuak erabat ahaztuta, nork pertsona gehiago hilko dituen lehian erabat murgilduta daudela. Gero eta gehiago dira bideo-joko hauen atzaparretan erortzen direnak, beraien eguneroko bizitzan geldialditxo bat egin eta, inguruko giroa alde batera utzita, euren kobazuloetan makinatxoa esku artean dutela giltzaperatzen direnak.
Izen ezberdin ugari aurki ditzakegu biolentzia esentzia duten joko hauen artean, hala nola, Postal 2 delakoa, Mortal Kombat, Manhunt, Carmageddon… Zein baino zein odoltsuagoak. Ehunka izenburu, baina helburu eta mezu bakar bat, ahal den sarraskirik handiena burutzea, hain zuzen ere; hitz gutxitan esanda, biolentzia
sustatzea. Hiritarrak akabatzen dituen eguzkitako betaurrekodun gizona, gorpuen gainean txiza egiten duten pertsonak…hauek dira jolas horien protagonista nagusiak, euren bizia gogorkerian oinarritzen duten pertsonaiak. Webgune honetan, munduko 10 joko bortitzenak aurkituko dituzue. Aipatzekoa da hauetako asko oso gordinak direla; beraz, esteka klikatu aurretik gogoeta txiki bat egitea gomendatzen dizuet.
Joko higuingarri hauekin jostatzen diren pertsonak biolentziarako joera handiagoa izango ote dute? Hauxe da zientzialari, irakasle, ikerlari…askoren buruan jira eta bira ibili den galdera nagusienetako bat, hainbat ikerketari esker erantzuna izan duena. Horrelako bideo-jokoekin jostatzen diren pertsonek biolentzi joera handiagoa dutela frogatu dute Michiganeko Unibertsitateko Brad Bushman eta Iowako Unibertsitateko Craig Anderson irakasleek. Hainbat gazteri eginiko froga batzuen eskutik iritsi dira ondorio honetara. Horietako batean, gazte talde bat bitan banatu zuten; alde batetik, indarkeria bultzatzen zuten jokoekin jostatu behar zutenak, eta bestetik, indarkeri gabeko bideo-jokoekin arituko zirenak. Honen ondoren, bi gazte taldeen arteko borroka baten ikusle izan ziren eta hara hor froga garbiena, lehenengo taldekoek, 73 segundo behar izan zituzten borrokan belditu zen gazte bati laguntza eskaintzeko; besteek, ordea, 16 segundo besterik ez. Bi kasuen arteko aldea nabarmena izan zen, 57 segundo luzeek aldendu baitzituzten bi gazte taldeak.
Aurrekoari erreparatuz, argi ikusten da pertsonaren sentsibilitate mailak behera egiten duela. Kasu anitzetan, aurrekoaz gain, pertsonaren indarkeriarako joera handitu egiten da, jendearenganako errespetua galduz eta, hainbat egoeratan, okerreko begiaz ikusten duten pertsona joz. Beraz, biolentziaren gorakada nabarmena da. Ildo beretik, gure gizartean, zoritxarrez, indarkeriak sekulako lekua hartu du; hala nola, emakumearenganakoan eta eskoletan gero eta entzunagoa den bullyngan. Esaten den antzera, “zer ikusi, hura ikasi.” Hori da azken batean, tamalez, joko hauekin lortzen dena. Egoera hauen aurkako borroka da gizarte honek duen erronkarik handiena, hau da,
indarkeriaren aurkako borroka. Horiek horrela, nola da posible merkatuan horrelako egoerak aurkeztu eta goraipatzen dituzten aisialdirako jokoak egotea? Horra hor arazoa eta, egoera anitzetan gertatzen den antzera, negozioa tarteko. Dirua da aginteduna; indarkeria bultzatzea helburu badu ere, hau irabazle. Egoera penagarri baten aurrean gaude, konpondu beharrekoa nire uste apalean. Estatuakere zerikusi handia du gai honetan, hau baita azkenaldian indarkeriaren aurkako kanpaina egiten ari den instituziorik sendoena; beraz, zentzuzkoa litzateke bere esku dagoen herrialdean saltzen diren jokoen kontrol hertsia eramatea.
Modu berean, joko hauen erosleez mintzatu beharrean nago, hauek baitira euren dirua joko higuingarri horietan xahutzen dutenak. Indarkeria aisialdi gisa erabiltzeari kezkagarria deritzot, bere atzaparretan erortzeko arriskua handia baita. Zoritxarrez, gero eta gehiago bira zorigaiztoko amaiera hori izaten dutenak. Aurrekoa ikusita, argi dago kontuan hartzeko gaia dela hau; beraz, honen aurrean neurriak hartzea ezinbestekoa iruditzen zait.
Arestian aipatutako neurri horietako bat bideo-joko hauek merkatutik kanporatzea izango litzateke; azken batean, guztiontzat kaltegarri diren ideia eta baloreak sustatzen baitituzte. Hala ere, hauek erostea eroslearen esku geratzen da, inork ez baitu horretan derrigortzen. Egia esan, ez dakit zer ote den ahalkegarriagoa, enpresa higuingarri horien jabeen poltsikoak betetzen laguntzea, edo norberari kalte egiten dion joko bat erosteko ausardia izatea. Arazo nagusia gurea da, erosleona. Gure esku dago hau aldatzea. Izan ere, denok dakigun antzera, eroslerik gabeko enpresak bizi itxaropen gutxi izaten du; beraz, norberak ikus dezala zer egin.
Iruzkin berriak