Estresa denok ezagutzen dugun hitza da, baina ba al dakigu benetan zein den bere esanahia? Gure gorputzak sortzen duen erantzun fisiologiko bat da, beldurra edota situazio desatsegin baten aurrean gehienetan. Nola konturatu gaitezke estresa dugula? Nori bere modura eragingo dio; dena den, zenbait sintoma komun edo denei gertatzen zaizkienak badaude: kontzentratzeko gaitasuna galtzea, antsietatea, gauza garrantzitsuak ahaztea… Baina nola datorkio hau guztia bizitza arrunt bat daraman pertsona bati? Estresa sortzeko arrazoirik garbiena kanpoko jarduerak dira; beste era batera esanda, normalena kanpotik sortzen diren jarduera desatseginengatik garatzen da, eta ez norberak egiten duenagatik. Ez da situazio bakar batengatik izaten, pilaketa batengatik baizik. Ba al dago estresa gainditzeko terapiarik? Bai, noski. Halere, ez da terapia perfekturik existitzen, denontzat baliagarria den edabe magikorik. Gaur egun, ordea, gaixotasun honi aurre egiteko, askok eta askok erabiltzen duten terapia barrearena da.
Filosofo asko izan dira barrea eta umorearen garrantziaz konturatu direnak eta Sigmund Freud dugu horietako bat. Bere saioetan, eragin negatiboa askatzeko, barre egiten zuten. Urte batzuk beranduago, zenbait ikerketa zientifiko egin ondoren, konturatu dira Freudek egiten zuena oso ona dela estresa askatzeko, gure kortexak karga elektriko negatiboak libratzen baititu barre egin ondoren. Hala ere, ez da gaur egungo gauza; izan ere, duela 4.000 urte txinatar tenpluetan osasun arazoak zituzten pertsonak bildu eta barrea erabiltzen baitzuten beraien arazoak konpontzeko. Denboran gugandik gertuago, 70. hamarkadan, Norman Cousins kazetari estatubatuarrari gaixotasun bat diagnostikatu zioten. Zenbait medikuren aholkua jarraituz, Chaplinen pelikulak ikusten hasi zen. Ezin da esan ziurtasun osoz barrearengatik desagertu zela bere gaixotasuna, baina kontua da hura desagertu egin zela. Ez da kasu bakarra izan. Zergatik eman garrantzia barreari, bada? Ez al dago beste metodorik estresa desagerrarazteko? Horixe baietz! Dena den, barreak gorputzeko 400 muskulu baino gehiago aktibatzen ditu, eta honek bibrazio negatiboak askatzen ditu. Gero eta enpresa, osasun instituzio, talde… gehiago dira barrearen terapia erabiltzen dutenak beraien partaide edo langileek osasun arazoak alde batera utz ditzaten.
Baina terapia hau ez da estresa desagertzeko bakarrik erabiltzen, jendeak hobeto sentitzeko erabiltzen duen ariketa bat ere bada barre egitearena. Horretaz gain, besteak beste, erlaxatzeko, kreatibitate gehiago lortzeko, eta beldurrak zein depresioak desagerrarazteko erabiltzen da. Terapia hau blokeoak, estresa eta traumak desagerrarazi edo alde batera uzteko erabiltzen da, bizitza arrunta eraman ahal izateko, alegia. Gainera, barreak buruko minak eta bizkarrekoak kentzen ditu; izan ere, zenbait medikuk dioenez, 5-6 minutuko barreak analgesiko baten efektuak ditu. Ikerketa askoren emaitzen arabera, terapia honen hartzaileak helduak dira. Hori dela eta, zenbait ondorio atera dituzte: helduak haurrak baina barre gutxiago egiten dute. Jakinik barrearen onurak zeintzuk diren, ordea, horrek ez du zertan horrela izan.
Hala ere, estresa menderatzeko beste zenbait terapia eta ariketa burutzen dira munduan zehar. Yoga eta Pilates dira usuenak, antza. Bi jarduera hauek estresa gainditzeko modu berezia erabiltzen dute: muskulu eta arnasaren bitartez oreka mentala lortzen saiatu. Nolanahi ere, pertsona batzuek ez dituzte gogoko horrelako ariketak, eta adrenalina gehiago dituztenak aukeratzen dituzte: boxeo, puenting, aero kick boxing eta ildo berekoak. Epinefrina delakoaren bitartez, estresa kanporatzen da mota hauetako jarduerak burutzean.
Aurreko guztia laburbilduz, ondorio argi bat atera daiteke: bizitza honetan barre gehiago egin behar da. Barreak une onak emateaz gain, osasunerako oso ona den terapiatzat hartzen da. Horretaz gain, ikusi dugun bezala, estresaren aurkako terapia ugari dago, lortu behar den gauza bakarra da bakoitzarentzat egokiena bilatzea.
Iruzkin berriak