About alejandro.cuadrado

Author Archive | alejandro.cuadrado

Sexu-eskumuturrekoak eztabaidaren erdian

sexu-eskumuturrekoak (irudia: fotos.lne.es)Lehengo batean, telebista ikusten ari nintzela, moda berri baten berri izan nuen: sexu tendentziak adierazteko erabiltzen diren koloredun eskumuturrekoak.  Sexu-eskumuturrekoak izenarekin ezagutzen direla jakin nuen. Moda hau Erresuma Batuan jaio, AEBetatik igaro eta orain Brasilera iritsi da. Baina zenbait istilu gertatu dela-eta, antza denez, horiek debekatzea aztertzen ari da bertako gobernua.

Artikulu honetan irakur ditzakezue joera berri honi buruzko zehaztasunak. Dena den, dirudienez, sexu-eskumuturrekoek zenbait heriotz ekarri dituzte; hainbat neska gaztek, eskumuturra soinean eraman eta gero, koloreak adierazten zuena bete ez izanagatik. Apaingarri hauen bitartez, kontaktu fisikoa izateko nahia adierazten omen da. Kolore ezberdinak daude, eta bakoitzak bere mamia dauka. Horiak, adibidez, eramaileak besarkada bat jaso nahi duela esan nahi du; bioletak, muxu baten grina; arrosak, neska bere bularrak erakusteko prest dagoela; urdinak, sexu orala praktikatzeko apeta; eta, beltzak, sexu harreman osoa izateko gogoa. Gauza ez da hor bukatzen, baina. Prozedura ondorengoa da: mutilek eskumuturreko horiek puskatu behar dituzte neskek adierazi nahi duten hori bete ahal izateko. Puskatu eta gorde; izan ere, kolore eta kopuruaren arabera, mutilen sona handituz joango da.

Moda berri hau iritsi da dagoeneko gurera eta, Brasilen gertatukoa ikusirik, zenbait lekutan koloredun eskumuturrekoen erabilera debekatzen hasiak omen dira. Gaur egungo gazteok edozer gauza asmatzen dugula garbi dago; ez dugu ikusten, nonbait, moda berri honek izan dezakeen arriskua. Hainbat gaztek jolas bat baino ez dela pentsatzen du eta hori da, nire ustez, arazoa. Gazte askok ez du honen berririk. Bada, demagun hemen ere modan jartzen direla eta neskek kolore ezberdinetakoak eramaten dituztela jakin gabe esanahia? Zer gerta liteke? Brasilen gertatutakoa errepika daiteke?

Bestetik, eskumuturrekoak debekatzea ez da, ene aburuz, arazoarekin amaitzeko konponbiderik egokiena; izan ere, horiek ekoizten dituen enpresak ez baitu gazteek egiten duten erabileraren errua. Enpresak ez zituen asmo horrekin sortu eta, ondorioz, bere erabilera debekatzea erabat bidegabekoa da. Egokiena informatzea izango litzateke, hau da, gazteei moda honen berri ematea, izan ditzakeen arriskuez ere informatuz.

Comments { 1 }

Barruan ezin bada, kalera irten beharko!

Txikitatik erakutsi izan zaigu tabakoa ez dela osasunerako ona, hau da, gure gorputzerako kaltegarria dela. Hori jakin arren, batzuen jokabidea ez da aldatu eta, ondorioz, gobernuak muturra sartu behar izan du kasu askotan. Denok dakigu tabakoa ez dela osasuntsua eta, hala eta guztiz ere, jendeak erretzeari ekiten dio. Jakinaren gainean egon arren, askori ezinezkoa iruditzen zaio uztea; izan ere, erretzaile askok pentsatzen du ez dela horretarako gai izango, edo hainbatek ez du utzi nahi, besterik gabe.

Askotan ikusi izan da, tabakoa erretzeari uzteko, gobernuak zenbait lege sortu dituela. Askoren ustez, hori guztiontzat da ona, bai erretzaileentzat eta baita erretzen ez dutenentzat ere -batik bat azken hauentzat-. Zergatik bereziki erretzen ez dutentzat? Nik uste dut legeak egin izan direla erretzen ez duen jendeak ez duelako zertan jasan erretzaileen kea. Gainera, erretzaile bat ondoan izatea kaltegarria da edonorentzat, hau da, kea xurgatu egiten da eta, ondorioz, denok gara kaltetuak. Azken urteotan, leku publiko batzuetan erre zitekeen (jabeen aukeran utzi zen erabakia), baina, denbora asko pasa ez dela, osasun arduradunek lege berri bat ezartzeko premia sentitu dute. Lege berri hau indarrean sartzen denean, debekatuta egongo da erretzea edozein leku publikotan. Beraz, tabernetan erretzeko ohitura bazenuen edo bazkari on bat eta gero erretzen bazenuen, ahaztu lehenbailehen! Hemendik aurrera ezingo da gehiago egin!

2009ko amaiera aldean, Osasun Ministerioak legearen berri eman eta aurtengo lehen seihilekotik aurrera ezarriko dela esan du. Tabakoa saltzen duten enpresei dagokienez, euren paketeen %40 tabakoaren kontrako abisuez estali beharko dute. Legearen beste puntu bat ondorengoa da: eskoletan erretzea debekatzen da, hau da, aisialdian ezingo da erre. Horretaz gain, 300 metroko tartean ezingo da tabakoaren publizitaterik egin, eta 18 urtetik beherakoei ezingo zaie saldu. Azken puntu hau kuriosoa da benetan; izan ere, denok aspalditik baitakigu adinez txikiei ezin zaiela saldu. Betetzen al da hori, baina? Nik ezetz esango nuke…

Hau guztia kontuan hartuta, esan genezake, tabakoaren lege berria indarrean sartzearekin batera, gobernuak erretzaile gutxiago egongo diren itxaropena duela. Eta hori benetan bete nahi dutela frogatzeko, zergak egongo dira. Ez dute hauen berri zehatzik eman, baina kasu askotan zerga gogorrak egon daitezkeela ziurtatu dute. Taberna edo jatetxeen kasuetan, adibidez, ixteraino irits daitezkeela dirudi.

Benetan baliagarri izango ote da lege berri hau? Horixe da nire buruari galdetzen diodana. Nik uste dut ez duela merezi lege berria ipintzea; izan ere, lehen zegoenarekin gauzak ez ziren gehiegi aldatu, eta logikoa da pentsatzea jendeak erretzen jarraituko duela; ez bada leku itxietan, kanpoan egingo du. Dena den, jendeak erretzeari uko egitea nahi bada, tabakoaren salmenta galarazi beharko litzateke. Halere, agian, hori gehiegi eskatzea da; izan ere, gobernuak ere probetxua ateratzen baitu tabakoaren industriak lortzen duen diruarekin.

Comments { 0 }

Izurrite berria gure artean!

internetAdikzio hitza entzuten dugun bakoitzean, drogekin erlazionatzen dugu, beharbada, drogak adikzioa sortzen duelako; hau da, menpekotasuna ekartzen duelako. Adikzioa azken batean hori da, menpekotasun egoera batean barneratzea. Hala eta guztiz ere, drogekin ematen ez diren adikzioak ere badaude: sexua, jokoa, erosketak, telebista… Adikzio sozial edo psikologiko gisa ezagutzen dira horiek.

Aipatutako jarduerek, nahiz eta gure bizitzaren parte izan eta arriskutsuak ez direla iruditu, ahalmen adiktiboa dute. Ahalmen hau gai da kontsumitzaileak nahiz erabiltzaileak harrapatzeko, baldin eta hauen gehiegizko erabilpena egiten bada. Beste zenbait arrazoi ere eragiten du adikzio batean barneratzea; izan ere, askotan adikzio hauek autoestima, estresa, bakardadea eta depresioagatik izaten baitira.

Adikzio kimikoak eta psikologikoak desberdinak direla pentsatu arren, ez da horrela: prozesu bera ematen da bietan. Bi adikzio mota hauen arteko ezberdintasuna tratamendua da, guztiz desberdina baita. Batean, sustantziak hartzeari uko egin behar zaio; eta bestean, ordea, estimuluak alde batera utzi beharrean daude. Hau ez da erraza, estimulu horiek eguneroko bizitzan baitaude. Hala eta guztiz ere, tratamendu hauetatik errazagoa edo zailagoa zein den zehaztea nahiko korapilatsua da, bakoitzak duen menpekotasun mailaren eta jartzen duen esfortzuaren araberakoa baita.

Gaur egun, gure gizartea adikzio sozialen izurrite batean murgilduta dago, nahiz eta guk ez antzeman. Batzuek gizartearen erantzukizuna dela diote; beste batzuek, ordea, norberaren kontua dela. Nire ustez, gizartearen etengabeko aldaketaren emaitza garbia da; hau da, gizarte moderno baten ezaugarria da. Hori erakusteko, aipatu beharra dago antzinan ez zela horrelakorik; edo beharbada, bai, baina ez horrelako neurrian. Horregatik, gizartearen aldaketagatik sortutako arazo soziala dela diot. Hortaz, gizarteak zerikusia duela pentsatzen dut. Halere, ez dugu ahaztu behar gizartea ez dela bakarrik aldatzen, guk aldatzen dugu; beraz, norberaren kontua dela iruditzen zait.

Lehen aipatu bezala, agian, ez dugu antzematen adikzio psikologikoen arriskua, baina horrek ez du esan nahi ez dagoenik. Adibidez, gure bizitzaren zati bat telesbistaren aurrean pasatzen dugu, eta, ziur aski, jende askok orduak pasatzen ditu pantailari begira. Gauza bera gertatzen da internetekin. Halaber, badakigu jokoak adikzioa sortzen duela: ludopatia. Aipatu beharra dago ere, erosketekin eta lanarekin arazoa badagoela. Sexua ere ez da libratzen. Batzuen ustez, sexua da adikziorik ukatuena. Egia da hauek guztiak ezin direla adikzio kimikoekin alderatu; izan ere, kimikoek arazo larriagoak sor ditzakete; hala eta guztiz ere, atxikimendu psikologikoek arazo larriak sortzen dituzte kasu askotan.

Comments { 3 }
-->