About Alexander de la Cuesta

Author Archive | Alexander de la Cuesta

Martin Garitano: “Bakebidearen abiapuntutzat har dezakegu Aieteko Konferentzia, baina sentsazioa gazi-gozoa da”

Gipuzkoako Ahaldun Nagusia den Martin Garitanorekin genuen hitzartua elkarrizketa, Donostian kokaturiko Aldundiaren Jauregian. XIX. mendean eraikitako jauregiak Batzar Nagusiak eta Aldundia gordetzea zuen xedea. Egun, berriz, bertan Aldundia baino ez da kokatzen, Gipuzkoako botere betearazlea; Batzar Nagusiak,  Gipuzkoako euskal foru lurraldearen legebiltzar eta organo-legegileak Miramonen baitaude. Hala ere, eraikuntzak mantentzen ditu lehenaldian izandako botere eta handitasunaren lekuko diren zeinu, tapiz, altzari, koadro eta beirate anitzak. Baita iraganean izandako – eta oraindik den- gipuzkoar guztien borondatearen ikur eta betearazle den erakundearen izaera ere, Gipuzkoarren instituzio gorena izatearen nahia eta borondatea. Teilatu altuko atondoan sartzen den edonork, korridore luze eta oparo apainduak zeharkatzen dituen edonork, nabari lezake Gipuzkoako Aldundiaren atzean, loria horren guztiaren atzean, mendeetan zehar bere burua antolatu duen lurralde bat dagoela, bere buruaz kontziente den lurralde bat dagoela.

Bada, aipaturiko loria eta handitasun hori guztia lekuko, egun Gipuzkoako burua den Martin Garitanorekin elkartu ginen.  Agurtu ondoren, bere bulegora igaro, eta,  hirurok jesarririk, elkarrizketari ekin genion.

Martin Garitano Alexander eta Asierrekin elkarrizketan zehar

Aldez aurretik esker mila elkarrizketa hau eskaintzeagatik. Lehenik, nahiko genizuke galdetu zure ibilbide politikoaren inguruan. Baita, zu Ahaldun Nagusi zarela, Aldundiak egin dituen ekimenengatik ere. Eta, azkenik, egungo zenbait gertakariren inguruan. Honela, nahi baduzu, has gaitezke elkarrizketarekin. Zuk Kazetaritza ikasi zenuen eta zenbait egunkari eta komunikabidetan egin zenuen lan. Hala nola, 1994 eta 1998 bitartean Egin egunkariko erredaktore nagusi izan zinen eta beste zenbait egunkaritan ere egin zenuen lan. Nola bizi izan zenituen urte horiek? Zein eragin izan zuten zugan? Eragin handia. Oso gazte hasi nintzen lanean Eginen, ibilbide profesional luzea egin nuen bertan Garzon epaileak itxi zuen arte. Gero Euskadi Información egunkaria sortu genuen eta hor zuzendaritza lana tokatu zitzaidan, eta gero Garan ere, Gararen sorreratik Diputaziora etorri arte. Nire bizitzan oso urte erabakigarriak izan dira; azkenean, formazio guztia bertan jaso dut eta nire konpromiso politikoa ere hona iritsi arte hor landu nuen, kazetaritzatik, eta horrek jendea ezagutzeko aukera paregabea eman dit. Beraz, urte erabakigarriak.

4defKazetari moduan hainbat urte igaro ondoren, Bildu koalizioaren barnean independente moduan aurkeztu zenuen zeure burua Gipuzkoako Ahaldun Nagusi izateko. Zerk bultzatu zintuen pauso hori ematera? Lehen aipatu dudan konpromisoa. Bildu sortu zenean eta legeztatzeko bidean, oso baldintza zehatz batzuk zituzten pertsonak behar ziren eta proposatu egin zidaten nik baldintza horiek betetzen nituelako. Orduan, bizitza osoan mantendu dudan konpromiso politiko hori dela eta, baiezkoa eman nuen eta abentura honetan sartu nintzen izugarrizko ilusioarekin eta lan asko egiteko asmoz.

Bildu aurkeztu zen lehen hauteskunde horietan, askok espero zituzten baino emaitza hobeak lortu zenituzten, udalerri askotako alkatetzak eta 22 batzarkide Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Espero al zenituzten horren emaitza ikusgarriak? Zein harrera izan zuten alderdiaren barruan? Egia esan, nik espero nituen. Nire kideek ez zituzten horrelako emaitza onak espero; nik, ordea, bai. Kanpainan zehar  herri askotan izan ginen mitinak ematen, bilerak egiten, etab. Nik ikusten nuen Gipuzkoan bazegoela aldaketarako grina bat, eta  bazegoela ere gurekiko atxikimendu zabal bat. Egia da benetan ikusgarriak izan zirela emaitzak, baina nik espero nituen. Ni oso baikorra naiz, orokorrean, gauza guztietan.

Gutxi barru bi urte izango dira Gipuzkoako Ahaldun Nagusia zarela, eta denbora honetan hainbat gertakari jazo dira. Halaber, ekimen asko gauzatu ditu Aldundiak. Zein balorazio egingo zenuke  Gipuzkoak urte hauetan izan duen bilakaeraz? Niri tokatzen zait balorazio baikorra egitea, ezta? Horregatik naiz Gipuzkoako Ahaldun Nagusia… Nik uste dut krisiak baldintzatu egiten duela instituzio guztien lana. Bestetik,  nik pentsatzen edo pentsatu nahi dut krisi honen sakona jo dugula jada Gipuzkoan eta hemendik aurrera nolabaiteko errekuperazioa bizi izango dugula. Eta balorazioa baikorra; izan ere, aukera izan dugu gauzak beste era batera egiten hasteko. Bi urte oraindik ez dira bete, baina beste era batera egiteko jendearen parte hartzea bultzatu egin ahal izan dugu. Euskerarekiko gure politika ere aurrerakoiagoa da, eta konprometituagoa. Beraz, sartu ginenean geneuzkan helburuak poliki-poliki betetzen ari garela uste dut, eta oraindik beste bi urte ditugu lan egiteko.

2011ko urrian, Gatazkaren konponbidea sustatzeko nazioarteko konferentzia edo Donostiako Nazioarteko Bake Konferentzia ospatu zen Aieteko jauregian. Zuk Gipuzkoako Ahaldun Nagusi moduan parte hartu zenuen. Zer uste duzu lortu dela ekimen honekin? Nik uste dut hura historikoa izan zela. Historikoa Euskal Herriarentzako eta baita niretzat pertsonalki ere, han egotea egokitu zitzaidalako. Nik uste dut bakebidearen abiapuntutzat har dezakegula Aieteko konferentzia. Konferentzia hartan bai Euskal Herriko alderdi eta sindikatu eta eragileek, eta baita kanpoko eragile zehazki ezagunak ere, konpromiso batzuk hartu zituzten eta ETAri eta Espainiako zein  Frantziako gobernuei hauek hartzeko eskatu zieten. Hori Aieten gertatu zen. Eta ikusi duguna da, jada bigarren urtea bete behar delarik, ETAk bete duela Aieten eskatutakoa, baina  Espainiako eta Frantziako gobernuek oraindik ez dutela euren aldetik aurrera pausorik eman. Beraz, sentsazio gazi-gozoa da. Gozoa, azkenean, ETAk bere jarduera armatua eten egin zuelako behin betirako, bere hausnarketa propioa egin eta gero. Eta gazia, oraindik hor pendiente dauzkagulako presoen auziak, negoziazio politikoa gobernuekin… Hori hortxe dago.

Martin Garitanorekin

Esan duzun  bezala, ETAk borroka armatua alde batera utzi zuen. Zure ustez, nolako eragina eta harrera izan zuen euskal gizartean eta hemengo mapa politikoan? Nik uste dut ETAk bere hausnarketa egin zuela ikusirik borroka armatuaren bideak ez zuela gehiago ematen euren helburuentzat, eta euskal gizarteak alaitasunez hartu zuela erabaki hori. Uste dut gizartean bazegoela kezka sakon bat horren inguruan eta ETAren erabakiarekin jendea lasaitu egin zuela.

Duela gutxi Caracasen egon zara Hugo Chavezen hiletan, eta askok kritikatu izan dute Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak horrelako ekitaldi batera joan izana, nahiz eta Sortuko ordezkari bezala joan. Halaber, kritikatu da Venezuelako bandera, Ikurrinarekin batera, Aldundiaren jauregian masta erdira egotea. Zer deritzezu kritika horiei? Zer esango zenieke hori diotenei?

Nik uste dut zilegi dela beste alderdi batek egiten duena kritikatzea; azkenean, politika hori da. Baina ni Sortuko buruzagi bezala joan nintzen Caracasera, Hugo Chavezen hiletetara, uste baitugu mundu hobe baten alde lan egiten dutenak goraipatu egin behar ditugula; eta, aldiz, mundu injustuago baten alde lan egiten dutenak albo batera utzi behar ditugula. Hego Ameriketan badago momentu honetan prozesu oso interesgarri bat ezkerreko ikuspegitik, eta gu ezkerrekoak gara: bada Venezuelan, bada Nikaraguan, bada  Kuban, bada Salvadorren, bada Brasilen. Badira gauzak beste era batera egiteko gogoak eta asmoak, eta buruzagi politikoak. Horregatik, nik uste dut Hugo Chavez gizon inportantea zela, kritikagarria mundu guztia bezala. Horregatik izan ginen han Sortu bezala.

GipuzkoaEusko Jaurlaritzak murrizketak egin ditu zenbait arlotan, horien artean Gipuzkoan egingo duen inbertsioan. Adibidez, Donostiako metroa badirudi ezerezean gelditu dela, edo Donostia 2016 Kultur Hiriburutzarako eginiko inbertsioa %77an murriztu duela. Zer deritzezu murrizketa horiei? Nola eragingo dute lurralde honetan? Nik uste dut, alde batetik, murrizketa horiek ez direla beharrezkoak, hau da, gobernuak badituela beste tresna batzuk aurrekontuak zabaltzeko eta luzatzeko. Bestalde, esan behar da ere gu Donostialdeko metroaren aurka geundela, ikusten genuelako ez zela ez bidezkoa ez beharrezkoa, inbertsio txarra zela. Eta hori esanda, Abiadura Handiko Trenarekin gauza bera esan genezake. Beste gauza bat da Kultur Hiriburutzaren   inguruan egin den murrizketa. Nik uste dut horrek kalte handia egiten diola eta Eusko Jaurlaritzak beste ikuspegi batetik  hartu beharko lukeela, hau da, kontuan hartu beharko luke Kapitalitate Kultural horrek zer nolako etekinak ekarriko dizkion Gipuzkoari. Beraz,  ikuspegi horretatik hartu beharko luke, eta ez bakarrik ikuspegi merkantilista batetik. Ni, baina, ez naiz lurraldekerietan sartuko, lurraldetasuna asko estimatzen dugulako eta gu abertzaleak garelako; halere, Bilbo izango balitz Kapitalidade Kultural horren titularra, uste dut halako murrizketak ez liratekeela gauzatuko, ez behintzat neurri horretan. Baina berriro diot lurraldekerietan ez garela sartuko.

Azken hilabete hauetan, pil-pilean dagoen gai bat da atez atekoarena. Hainbat udalerritan kexak egon dira eta, adibidez, herri batzuetan, balkoietan, zakar poltsak zintzilikatu dituzte. Zer pentsatzen duzu honi buruz? Eta gai honek izan duen nolabaiteko politizazioa zer iruditzen zaizu? Begira, hemen kontuan hartu behar da jendeak protestatzea, batzuek protestatzea edo ados ez egotea, normala dela, toki guztietan gertatzen baita. Egia da, gizakumeok, aldaketak planteatzen direnean, pixka bat erresistentzia izaten dugula, aldaketari nolabaiteko beldurra diogulako guztiok. Baina hemen kontua ez da izan behar Atez Atekoa edo 5. Kontenedorea, kontua da Europak markatzen dituela helburu batzuk, birziklapenaren helburu batzuk, eta horietara iristeko momentu honetan dagoen sistemarik onena, zaborra banatzeko eta birziklatu behar diren gauzak birziklatzeko, hori dela. Hor dago eztabaida, eta ez dago besterik. Beste kontu bat da alderdi batzuek, ezagun batzuek, nahi izan dutela errauskailua martxan ipini, jakinda ere Gipuzkoak jada ez duela sortzen errauskailu hori martxan jartzeko behar adina zabor. Hor dago eztabaida. Eztabaida ez dago  atez ate izan behar duen, pintxoa izan behar duen, zintzilikailua izan behar duen…. Kontua da: zer egingo dugu zaborrarekin, erraustu ala birziklatu? Europak esaten du ez dela erraustu behar, %80a birziklatu egin behar dela, eta hori posible da. Momentu honetan bizi dugun krisiari aurre egiteko beste modu bat da ere sortzen dugun zaborra birziklatzea. Azkenean, beste eredu sostengarriago batera joan behar dugu; bestela, gureak egin du.

GaritanoAldundiak gauzaturiko beste ekimen bat aurrekontuak aurkeztea da. Bildu eta PSEren arteko akordioaren bidez onarturiko aurrekontuek, dirudienez, ahalbidetuko dute Zerbitzu Sozialetan murrizketak ez egitea. Halaber, zenbait zergaren igoera gauzatu ditu. Orduan, zein beste arlotan eman daitezke edo emango dira murrizketak? Gu saiatu gara Gizarte Politikan murrizketarik ez egiten, krisi honetan uste baitugu hori bultzatu egin behar dela eta ez murriztu. Aldaketa fiskalak egin ditugu  diru gehiago jaso ahal izateko eta murrizketa gutxiago egin behar izateko. Bide horretan, Alderdi Sozialistarekin hitzarmena lortu dugu, nolabait haiek ere ikusten dutelako aldaketa fiskala erabat beharrezkoa dela eta sistema justuago batera joan behar dugula. Eta oraindik aldaketa gehiago egingo ditugu, ahalik eta diru gehiago jasotzeko eta hobeto jasotzeko, eta daukanari eskatzeko, eta horrekin krisiak eragiten dituen murrizketei aurre egiteko. Horregatik, Politika Sozialean, adibidez, ez dugu murrizketarik egin, zerbitzu guztiak mantentzen ditugu. Are gehiago, zerbitzu sozialetan lan egiten duten langileen baldintzak hobetzearen alde egin behar da, eta gero eta plaza gehiago ireki zahar-etxeetan. Azkenean, gero eta zahar gehiago bizi baikara Gipuzkoan.

Batzuk esan lezakete, Gipuzkoan emandako zerga igoera dela eta, zerga horiek ez doazela Gipuzkoako azpiegiturak finantzatzera, Bizkaia edo Arabako azpiegiturak baizik. Erkidego Autonomoan daukagun sistema da hiru lurraldeek jasotzen ditugun zergak poltsa komun batean sartzea eta banaketa egitea. Bizkaiak eramaten du %50, guk %33 eta Arabak %17, biztanleriaren proportzioaren arabera. Beraz, ez da justua esatea gipuzkoarron diruarekin Bizkaiko obrak pagatzen direnik. Hori lurraldekeria litzateke.

Orain zure iritzi pertsonala nahi dugu, ez Ahaldun Nagusi bezala, Martin Garitano pertsona bezala baizik. Zer eman dizu postu honek eta zer kendu? Zer eman didan postu honek? Nire konpromiso politikoa gauzatzearen posibilitatea, eta beti pentsatu izan dudana egin ahal izatea neurri handi batean. Hori harro sentitzeko gauza bat da. Eta zer kendu didan? Bada,  kendu dit intimitate pixka bat. Hau da, kaletik ibili eta mundu guztiak ezagutzen zaitu. Intimitate hori, anonimatua.

Elkarrizketatzaileak: Alexander De La Cuesta (@AlexdlCuesta) eta Asier Egia (@asiertxo_7 )

Martin Garitanori elkarrizketa from Maite Goñi on Vimeo.

Comments { 0 }

Lehendakaritzarako hautagaiak izandakoak gertutik

mintegirekinDenok nahitaez dakigunez, duela gutxi izan dugu EAEn hauteskunde-kanpaina, eta horregatik alderdi guztiek beraien hautagaiak eta programak aurkeztu dituzte. Ez da pasatu minutu bat, zeinetan hauteskunde-publizitatea ez dugun jaso: kalean hautagaien kartel bat ikusi, egunkarian debate baten laburpena irakurri, irratian eslogan bat entzun… Etxean lasai-lasai irakurtzen egonda ere, megafonoz ondo horniturik dagoen kotxe bat pasatu da noiz edo noiz alderdiren baten abestia entzunaraziz!

Baina egoera horren aurrean, zera galdetzen diot neure buruari: bozkatu dugun, hots, hurrengo lau urteetan gure Lehendakari izatea nahi dugun hautagaiaren izaeraz eta pentsaeraz zer dakigu? Aurkezten diguten pertsona idealizatu -edo deabru bihurtua, publizitatea egin duenaren arabera- horrek zer du errealaz? Horrenbeste mirestu (edo gorroto) dugun gizaseme hori, nolakoa da?

Esan bezala, hauteskundeak igaro dira. Ikaskide talde batek hautagaien gazteekiko politika zein litekeen ikertzeari ekin genion, elkarrizketa ezberdinen bidez. Ondorioak eta egindako lan guztia euskaljakintzan argitaratu genituen: #u21, gazteon ikuspegia. Hasieran, itxaropen handirik gabe; denbora aurrera joan eta baiezkoak jasotzen genituela ikusita, aldiz, gogo eta motibazio handiagoz, elkarrizketak hitzartzen eta material guztia prestatzen joan ginen. Urduritasun handiz zenbait elkarrizketa burutu genituen; nahi genituen beste batzuk, berriz, ezin izan genituen egin.

urkullurekin2Baina nire (hobeto esan, gure) ustekabea bestelakoa izan zen. Hautagaiengana aurreiritzik gabe joatea proposatu arren, beti izango dugu denok ikuspegi konkretu bat, aurretik egina jasotako informazioa dela eta; alderdiek publizitatearen bidez eman digutena. Hala ere, aipatu bezala, nire ezustekoa bestelakoa izan zen: hautagaiak gertutik ezagutzean, pertsona arruntak direla konturatu nintzen, gure inguruko pertsonak bezalakoxeak. Aurreiritziz beterik joan nintzen, beraien izaera ezagutzen nuela pentsaturik, eta ikusi nuena guztiz txunditurik utzi ninduen. Aurrean nuen hori, nik konpartitzen nituen ideia politikoak ez izan arren, nire herriko ezagun bat izan zitekeen, nire irakasle izandako bat… herriko jende arrunta azken finean. Eta berdin beraien talde eta alderdikideekin. Norbaitek pentsatuko luke politikoki bere iritzietatik guztiz urrun dagoen beste norbait ezin dela pertsona ona izan, baina errealitatea guztiz kontrakoa da. Ezberdin pentsatu arren, ez dira (edo gara) horren ezberdinak.

Aipatu dudan bezala, harriturik utzi ninduen hautagaien gertutasunak, batik bat politikari moduan ezagutzen nituelako, eta politikaren munduan esandakoaren araberako iritzia egina nuelako. Elkarrizketa hauek burutu ondoren, baina, ondorio batera iritsi naiz: politikariak, politikari baino lehenago, pertsonak dira. Denok hori kontuan izango bagenu bozkatzeko orduan, hautagaien izaera eta portaera ezagutuko bagenu, agian, hobeto pentsatuko genuke nor bozkatu, eta, agian, hobeto joango litzaiguke.

aranarekinErrandako guztia labur-labur esanez, nahiko nuke azpimarratu politikarien -eta batik bat hautagaien- inguruan dugun ikuspegia okerra edo ez guztiz osatua izan daitekeela, politikariek ez baitute soilik alderdi publikora begira dagoen aurpegia; alderdi pribatura begira dagoen beste aurpegi bat dute, gertutasunean nabaritzen den beste aurpegi bat. Lehendakariak, edozein delarik, botere handia du, eta botere handia duen norbaitek ezin ditu egiten dituen ekintza guztietan aurpegi bi horiek banandurik mantendu. Horregatik da horren garrantzitsua hautagaiak gertutik ezagutzea, irabazteko kasuan, benetan nork agintzen duen jakin dezagun, ez soilik komunikabideetan ikusten duguna ezagutu.

Hala ere, hori guztia esan ondoren, galdera bat sortzen zait: gertutik ezagutu ditudan hautagai horien aurpegiak zer dira, beraien aurpegiak edo publikorantz begira dagoen beste aurpegi bat? Zer pentsatu ematen du honek ere…

Comments { 0 }
-->