Nire ohe zaharberrituan nago, bildu-bildurik bart eginiko ametsetan berriro murgildu nahirik, ohetik jaiki ezinean. Amona sukaldean sumatzen dut, esne beroaren usaina iritsi da jada nire gelara. Begiak itxirik dauzkat amonaren muxuarekin esnatu nahi baitut gaur ere. Badator, zapatilen zoruak lurra laztantzean ateratzen duen hotsak adierazten dit gerturatzen ari dela. Begiak itxita jarraitzen dut, amonarekin jolas egin nahi dut gaur ere.
Lo paperean nago, hego haizea matematikako horriekin jolasean dabil, karpeta urdina, berriz, tinko, utzitako leku berean. Amonaren hanka hotsak ez ditut sentitzen, hego haizeak atera ote nau jolasetik kanpo? Bi, hiru, lau minutu itxaron ditut baina amonaren arrastorik ez dago. Kanpandorreko kanpaiak goizeko zazpi eta erdiak direla adierazten dit baina amonak ez dit muxurik eman. Nitaz ahaztu ote da? Lastima! Amonarekin jolas egin nahi nuen eta nire nahiak zapuztu dira. ..Begiak irekitzean, amona zain nuen, irabazi egin dit gaur ere. Salto egin eta lepotik zintzilikatuz muxuka hasi natzaio. Mmmmmm, nire amona kuttuna, beti irribartsu, beti umore onean. Amonak arropak ohe ondora eraman dizkit eta berandu dela esanez, zapatak lustratzera joan da.
Pijama tolestu, arropak jantzi, amonari gustatzen zaion bezala ohea freskatzen ipini, eta motxila hartuta sukaldera joan naiz amonak egunero egiten duen errezoa entzutera. Mahai gainean nuen esnea eta plater txiki batean berriz, izeba Mariak eginiko opil beroa. Amonak egun berriari eskerrak emanez errezoa bukatu du eta ikastolatik etortzean egin behar ditudanak behin eta berriz errepikatu dizkit. Oraindik lo antzean nago baina amona jo eta su ari da ni esnatu nahian. Txikitako pasadizoak kontatu dizkit gaur, izan ere, jan berri dudan opilak badu bere istorioa.
Txundituta utzi nau kontatu didan istorioak, egunero kontatzen dizkit baina hau bezain gogorrik inoiz ere ez. Erlojuari begiratu diot eta trena hartzeko bost minutu falta direla konturatu naiz. Gosaria bertan behera utzi, amona agurtu eta korrika herriaren beste aldean dagoen geltoki zaharrera abiatu naiz. Goizean goiz egindako korrikaldiak balio izan du eta, azkenean, trenean nago. Azken bagoian sartu naiz. Leiho ondoan eseri naiz, aldamenean oso andre berezia daukat. Ilea Hollywoodeko aktoreek bezala dauka, hori-horia, bolumena, berriz, berealdikoa; begiak pailazoak baino gehiago pintatuta…
Hurrengo geltokia Ordizia jartzen du argibide elektronikoan. Motxila hartu eta bertan jaitsi naiz. Lagunen zain gelditu eta ikastolara abiatu gara.
Nire lagun hauek atzo, igandean, egindakoa kontatzen hasi dira isildu gabe eta ni, bitartean, amonak kontatu didan istorioan pentsatzen. Ikastolara iritsi gara porru eginda, sirenak jo eta denak gelara igo gara azkar, korrika, arrapaladan, lehia bizian bertan kanpoan baina beroago egiten baitu. Goizeko lehen orduak halako batean pasa dira eta atsedenera jaitsi gara. Lagunek, atzo egindakoa ahaztu nahi ez eta, berriro lelo berdinarekin jarraitu dute. Nik ez dut haien hitzaspertuan sartu nahi, ez horixe! Oso kezkatuta jarraitzen dut. Amonak kontatu didan istorioa ez da nolanahikoa. Hamaiketakoa jan, lagunaren ditxosozko zigarrotxoaren kea irentsi eta arratsaldean zer egin behar dugun erabaki dugu.
Ikastolako aldapa amaiezina ttapa-ttapa igo dugu baina gure kontu merkeek burua galarazten digute eta gaur ere, ai ene!! Gaur ere, gu gelara iristerako, txirrina jota zegoen eta irakaslea barruan zegoenez, bronka txiki bat entzun behar izan dugu baina nik amonaren istorioa buruan bueltaka nebilkien eta ez nahiz ohartu ere egin. Azken orduak egin eta denak etxe aldera abiatu gara gosez ebakita. Etxean, egunero bezala, amona irribartsu zain nuen sukaldean, mahaia prest eta bazkari goxoa bor-bor su gainean. Bazkaltzen ari nintzen bitartean, amonak goizean esan dizkidan enkarguak errepikatu dizkit baina ni istorioan pentsatzen ari nintzenez, ez diot kasurik egin. Bazkaltzen bukatu, amonari mahaia jasotzen lagundu, etxeko lanak egin eta trenera joan naiz berriro ere. Ordizian jaitsi eta lagunengana iristean, algara batean topatu ditut. Arratsaldea igarotzen zihoan heinean amonaren kontuaz pixka bat ahaztea lortu dut baina benetan gogorra ari zait egiten. Tren geltokira joan naiz, trena hartu dut eta etxera iristean, gose hadirik ez nuen arren, amak afaltzera behartu eta afaldu egin behar izan dut, zer erremedio! Hortzak garbitu eta logelara joan naiz zuzenean.
Horrela pasatu nuen aste osoa burutik kontu hori kendu ezinean. Ostirala iritsi zen halako batean, eta amonari kontu hori egia zen galdetzea erabaki nuen. Berak harrituta baietz esan zidan, ez zidala inoiz horrelako gezurrik esango.
Gauean aspaldian ahaztuta nuen egunerokoa hartu eta azken astean gertatzen ari zitzaidana idaztea pentsatu nuen. Horrela hasi nintzen:
“Kaixo, lagun! Zer moduz zaude? Ni nahiko pattal. Badakizu amonak istorioak kontatzen dizkidala ia goizero eta denak politak direla. Baina, dirudienez, dena ez da arroxa kolorekoa eta astelehenean kontatu zidan istoriari mila buelta ematen ari naiz…”
Inor gehiagori kontatu ez diodanez barruan dudan hau, lasai geratu naiz egunerokoari giltzarekin bi buelta ematean. Guraso eta anaia agurtu eta ohera sartu naiz, kostata baina lo hartu dut.
Amonaren ditxosozko istorioarekin ametsetan ari naiz, ez zait batere gustatzen amets hau. Bat-batean esnatu naiz. Dena ilun zegoen, ez zen tutik ikusten. Komunera joan naiz baina komuna ez zegoen betiko tokian. Baso bat ur bila abiatu eta sukaldea ere ez lehengo tokian. Komuna aurkitu dut, argia piztu eta ispiluan ez dut 15 urteko neska gaztea ikusi, hirurogeita hemezortzi urteko andrea baizik. Erabat kezkatuta ohera sartu naiz, buelta alde batera, bira bestera, baina, amona ez ni esnatzera etorri. Zer gertatu ote zaio? Oraindik ez da ordua izango, eta lo paperean jarraitu dut bera etorri arte. Euriak kristala jotzean ateratzen duen zarata pausatua besterik ez da entzuten, hego haizeak ez ditu mahai gaineko paperak astintzen. Arriskatu egin naiz, begiak ireki eta… inor ez dago. Zazpi eta erdiak jo ditu elizako kanpai dorreko kanpaiak. Eta amona? Kale egin dit amonak!
Ohetik altxatzean, tokadoreko ispiluan ikusi dut gaur gaueko amona hori.
Zazpi eta erdiak dira. Nire bilobatxoa esnatzera joan beharko dut amonak egiten zuen bezalaxe eta jolasarekin jarraituko dugu. Ainhoak ezin du gehiago itxaron eta begiak ireki ditu. Inozentziaz betetako begi garbiak. Musu eman, arropak ohe barrura sartu, bere zapatak hartu eta lustratzera daramatzat sukaldera.
Otsailak 22a, amonak istorio gogor hori bilobatxoari kontatzeko egun aproposa. Ainhoari ez zaizkio batere gustatzen latinez egiten dizkiodan errezoak baina isil-isilik egoten da ipuina kontatzen noiz hasiko zain.
“ Orain dela ehun urte Zaldibiako baserri batean familia handi bat bizi zen. Gerra zibila pasa ondoren, baserria hutsik geratu zen eta zeukaten gauza bakarra ukuiluan gorde zuten…”
Orain, umea, zu zara jakitun bakarra.
Biloba liluratuta geratu da ni geratu nintzen bezala, haintzat hartu ditu eman dizkiodan aholkuak. Uste dut egun batzuetarako ikaratu dudala, baina pasatuko zaio. Nik esan diot opilaren osagaiak ez zirela berdin-berdinak, izan ere, ez diot nik pasa nuena pasarazi nahi, ez horixe!
Iruzkin berriak