About arrate

Author Archive | arrate

Burua txoriz beterik- I. Irasizabal

Lehengo batean Igor Zeberiok ireki zuen atal berriari jarraipen bat emateko asmoz nabil gaur ni. Oraingoan, Iñaki Irasizabal idazle durangarraren “Burua txoriz beterik� liburua dakarkidalarik. Horrela, liburuaren laburpena emateari ekingo diot.

Alberto hirurogei urte inguruko gizon alarguna da. Bilbon bizi da eta hiri bertan egiten du lan unibertsitate irakasle moduan. Hiru seme-alaba dauzka; Markel da hiruretan zaharrena. Ostaizkarekin ezkondua dago eta bi seme-alaba ditu: Irati eta Harkaitz. Hiriko girotik urrun dagoen baserri zaharkitu batean bizi dira eta dirua soberan ez badute ere, pozik bizi dira bertan. Ondoren, Arantza daukagu. Albertoren alaba bakarra, duela hilabete eskas batzuk bere senargaiarengandik banandu da eta bere bizitzarekin zer egin ez dakiela, benetan bera ulertuko duen gizon baten bila jardungo da. Azkenik, bere seme gazteena eta berarekin batera bizi den bakarra, Iker. Deustuko unibertsitatean dabil soziologia ikasketak burutzen.

Guztia etxeko anaia gazteenaren heriotzarekin hasiko da. Orduantxe konturatuko da Alberto bere semea ez zuela berak uste zuen bezain ondo ezagutzen eta, heriotzak suposatuko dion minetik osatu ezinean dabilela, geratzen zaizkion beste birekin harremana estutu beharrean dagoela ohartzen da. Hasiera batean traba handiak topatuko ditu Albertok baina ez du etsiko eta bere seme-alaben bizitzan sartzea lortuko du. Sartzea eta …… hainbat gauza gehiago; izan ere, bidean berak uste ez dituen hainbat gertakari jazoko baitira. Gauza eta ilusio berri asko irabaziko duen arren, beste hainbat ere galduko du eta horien artean hainbeste maite duen semea, Markel.

Burua txoriz beterik liburuak familia xume eta arrunt baten barnean gertatzen diren gorabeherak azaltzen ditu eta berauen aurrean familiako senide bakoitzak dituen sentipen, gogoeta eta jokabideak kontatzen dira. Zoriontasunez beteriko bizitza bat sortzea dute denek helburu, baina hau ez da batere erraza suertatuko, egunero bizitzako zailtasunez gain, familiako senideen arteko harremanak direla eta, bide hori guztiz malkartsua bihurtuko baita.

Nire iritziz, liburu bikaina, gai interesgarria lantzen duena. Irakurketarako erraztasun handiak eskaintzen dituen irakurgaia, hizkuntzaz oso sinplea eta deskripzio nahiz narrazio ugariz josia. Aipatu beharra daukat gainera, aspaldiko partez, oso gustura irakurri dudan liburu bat dela eta honek aurrerantzean euskaraz irakurtzeko gogoa piztu didala. Azkenik, esan, Iñaki Irasizabalen Burua txoriz beterik liburua duela gutxi Ondarroako nobela laburren lehiaketako sarituetako bat izan dela. Horri buruz gehiago jakin nahi izanez gero, klikatu hemen.

Hemendik, beraz, liburua irakurtzera animatzen zaituztet eta, irakurria izanez gero, zuen
iritzia denekin konpartitzera!!

Liburu honi egindako hainbat kritikaren berri izateko, klik egin hemen.

Comments { 0 }

Hezkuntzaren gainbehera

Lehengo astean, egunero egin ohi dudan moduan, etxean egoten den El Diario Vasco egunkaria hartu eta begirada bat emateko asmotan nenbilela lehen orrialdean hezkuntzari buruz zetorren artikulu batek atentzioa deitu zidan.

Artikuluak Ingalaterra, Frantzia, Belgika, Holanda eta Espainia mailan hezkuntzari buruz eginiko ikerketa batetik lortutako emaitza eta ondorioak erakusten zituen. Horrela, Europako sistemek eskaintzen duten formazio maila altuak, berauetara heltzeko aukerak eta ikastetxeen funtzionamendu zuzena azpimarratzen ditu dokumentu honek. Momentu honetan Finlandia, Holanda, Belgika eta Suedia daude emaitza hezigarri positiboen buru eta Portugal, Grezia, Italia eta Espainia dira ordea, emaitza okerrenak dituztenak.

Europar estatistikak UE (Unión Europea, Europar batasuna) eta OCDEko (Organización para la Cooperación y el Desarrolo Económicos) estatuetatik Espainia zerrenda amaieran ezartzen dute. Izan ere, ikasleriaren %27 eta %33 bitarteak ez du bigarren hezkuntzako graduatua lortzen; %23ak Matematika eta Gaztelerari dagokionean ez dute ezagutza maila minimoa edukitzera izaten eta %10 eskas batek soilik lortzen du “bikaintasun� mailara heltzea. Frantzian, ordea, zifra hau %16 iristen da eta Finlandia eta gainontzeko estatu nordikoetan %20 gainditzea ere lortu da. Hala eta guztiz ere, Espainiak baditu hezkuntzari dagokionean azpimarratu beharreko hainbat alderdi positibo, besteak beste, esan beharra dago Europa mailan ikasle unibertsitario portzentaia altuena duela.

Hezkuntzarako inbertitzen den diruari dagokionean aipatu beharra dago, hezkuntzako gastuaren %90 komunitate autonomoen eskuetan dagoela. Horrela, inbertsio horri dagokionean Espainia oso zonalde baxuan kokaturik dago, Portugal eta Poloniaren gainetik soilik, OCDEko 23 estatuetatik 18.garrena delarik. Ikasleko gastatzen den dirua estatu espainiarrean 1400 euro ingurukoa da, oraingoan ere OCDEko batez bestekotik behera gaudelarik. Hala eta guztiz ere, ikerketak Asturias, Nafarroa eta Euskadin diru gastua handiagoa dela seinalatzen du.

Guzti honez gain, informeak ere gobernu aldaketarekin batera hezkuntza mailan eman diren aldaketa etengabeak azpimarratzen ditu. Izan ere, beste sartaldeko estatu batzuk sistema egonkorrago batez gozatzea lortu dute, gobernu aldaketak hezkuntzari dagokionean eraginik izan ez duelarik.

Amaitzeko, aipatu beharra dago ikerketak garbi azaltzen dituen hainbat datu:

1. Ikasleko Espainiak egiten duen diru inbertsioa OCDEko batez bestetik 1.3 puntu azpitik dago. Halere, Asturias, Euskadi eta Nafarroak batez besteko espainiarra nabariki gainditzen dute.

2. Hobekien ordaindutako irakasleak portugesak, alemanak, frantsesak eta espainiarrak dira eta bestalde, okerren ordaindurik daudenak daniarrak, suediarrak, italiarrak eta irlandarrak dira.

3. Estatu guztiak derrigorrezko bigarren mailako (DBH) porrotei aurre egiteko konponbide bila dabiltza. Oraingoz behintzat, Finlandia bezalako estatuak lortu du arazo hau gainditzea.

Guzti honen aurrean hainbat galdera egin beharra diogu gure buruari, izan ere, gure hezkuntza maila aurreko generazioena baino okerragoa edo baxuagoa izanik, nolakoa izango da hurrengo belaunaldiarena? Nola konpon daiteke egoera?

Artikulua bere osotasunean irakurri nahi izanez gero klikatu hemen.

Comments { 1 }

Gabon solidarioak

Egunotan Bilboko Arriaga antzokiko eskailera nagusietan alfonbra gorria ezarri dute. Zertarako? Bada, gaixorik dauden ume afrikarrei laguntzeko.

Merkatari elkarteak antolaturiko kanpaina bat da, non bi euroren truke, joan den astelehenetik hasita eta datorren urteko urtarrilaren 4ra bitartean, egunean ordubetez aho famatu ezberdinetatik hainbat ipuin entzuteko aukera dagoen. Ipuin kontaketa Bilbo Solidarioa, Munduko Gabonak kanpainaren barruan antolatu dute. Horrela, futbolari, idazle, aktore eta pertsonaia famatu askok irakurriko dizkiete egun hauetan ipuinak antzokira hurbiltzen diren etxeko gazteenei. Besteak beste, atzo, hilak 28, Irantzu Castrillo Athletikeko jokalaria izan zen bertan ipuin bat kontatzen.

Honekin batera, aipatu beharra dago Munduko Gabonak programaren barruan kaleko jarduerak, berbaldiak, zinema ikuskizunak, erakusketak eta enparauak antolatu dituztela. Eta guzti-guztia gaixorik dauden Afrikako haurrentzat da; horrela, kanpaina honen bitartez eskuratzen den diruarekin haur horiek Euskal Herrira ekarriko dituzte, hemengo ospitaleetan sendatuak izan daitezen. Ekimen txalogarria, ezta?

Informazio gehiago nahi izanez gero, klik egin hemen eta hemen.

Comments { 0 }
-->