About arrate

Author Archive | arrate

Aldaketa klimatikoak soilik ala gehiago?

Azken hilabeteotan maiz izan dugu hainbat fenomeno naturalen berri. Urrutirago joan gabe, azkena Kanarietan gertatu zen duela egun batzuk: “Delta� deritzon ekaitz tropikalak artxipielago osoa garbitu zuen, txikizio izugarriak sorraraziz. Gertakari honen ondoren, hainbat hausnarketa egin da fenomeno natural hauen zergatiaren inguruan eta gaiarekiko iritzi ezberdinak egon dira.

Batzuek arruntatzat hartzen dute fenomeno hauen gertaera, naturaren prozesu bat dela diote, ekidin ezin daitekeena. Beste batzuek, ordea, aldaketa klimatikoari leporatzen diote kasu hauen sorrera.

Honek guztiak azken urteetan gogor dabilen ideia baten eztabaida berrireki du, hots, aldaketa klimatikoarena. Hobeto ulerrarazteko, lehenik, Kiotoko protokoloan oinarrituko gara. Berau 1997. urtean ONUko gobernariek aldaketa klimatikoari aurre egiteko sinatu zuten akordioa da. Protokolo honen helburua 2012. urterako negutegi efektuko gasen igorpena %5,2an jaistea da. Aldaketa klimatikoaren eraginei aurre egiteko nazioartean dagoen akordio bakarra da Kiotoko protokoloa. Horrela, helmuga bezala hainbat beharrezko lege dauzka ezarririk akordio honek, non lurralde industrializatuek negutegi efektuaren sortarazle diren sei gasen (karbono dioxidoa, metanoa eta nitroso oxidoa, besteak beste) igorpenak gutxiagotu egin beharra dauzkaten.

Oraintxe aipatu bezala, protokolo hau 2012.urtean iritsiko da bere bukaerara eta gaian adituak direnek diotenez, lanean jarraitzeko premia handia dago; izan ere, duela 5000 urteetatik gertatzen ez diren aldaketa klimatikoen eragina jasaten ari da Europa gaur egun. Neurri berrien beharra argi eta garbi geratu zen duela egun batzuk Europako Ingurugiro Agentziak kaleratu zuen txostenean. Dokumentu hau bost urteko inbestigazio gogor baten emaitza da non oso deigarriak diren hainbat datu aurki daitekeen. Adibidez, eta betiere datuak oinarri gisa harturik, 1998, 2002, 2003 eta 2004 izan dira urte beroenak eta 2003 urteko beroek Alpeetako glaziarren hamarrena urtu zuen. Honetan guztian oinarriturik, jakitunek diote 2050. urterako Suitzako glaziarren hiru laurdenak desagertu egingo direla.

Jacqueline McGladek, Europako Ingurugiro Agentziako zuzendarietako batek zera zioen txostenaren aurkezpenean:

Neurri eraginkorrik hartu ezean eta hamarkada batzuk iragan ondoren, planetaren berokuntzak iparraldeko izotz kontinentalen geruzen atzerapena eta hegoaldeko basamortutze prozesuaren aurrerapena sorraraziko du, biztanleri kontinentala erdigunera mugitu beharko duelarik.

Datuen arabera, nahiz eta lortu planetaren berotzea 2 graduetatik ez pasatzea , gizakiok inoiz aurretik esperimentatutako egoera atmosferikoetan biziko gara. Horregatik, graduen jaitsiera handiagoa behar da. Espainiari dagokionean, egoerak ez du batere itxura onik; izan ere, bere negutegi efektuko gasen igorpena %40,6an igo da 1990 eta 2003 urte bitartean (Kiotoko protokoloak baimendutako %25,6a gehiago).

Hainbat berri negatiboren aurrean, txostenak Europar Batasuneko gobernariek aldaketa klimatikoaren aurrean hartutako ardura era positiboan baloratzen du. Hala eta guztiz ere, ez da ahaztu behar arazoa benetan larria dela eta honen aurrean edozein neurri gutxi dela.

Gai honen inguruan gehiago jakin nahi izanez gero, klikatu hemen.

Comments { 0 }

Agur Egiako Ametsena gaztetxeari!

Egiako gaztetxea Donostiako Egia auzoko Ametsenea gaztetxea hustu egin zuen pasa den astean, urriak 26, Ertzaintzak goizeko 06:50ean. Une horretan eraikinaren barruan bi gazte aurkitzen ziren eta ertzainak ikustean, gazteek eraikina husteko agindua non zeukaten galdetu zieten, ertzainek horren beharrik ez zeukatela erantzunez.

Jende ugari bildu zen gaztetxearen inguruan, eta manifestazioa ere egin zuten. Une horretantxe hasi ziren eraikina botatzen eta ekintza horren aurrean tentsio uneak izan ziren, ertzainek gazteei erasotuz bukatu zutelarik. Eguerdian, gaztetxea bota izana salatzeko, Donostiako udaletxera joan ziren gazteak, bertan udaltzainek kolpeka kanporatu zituztelarik.

Haizea Fernandez Egiako Polloe Bizirik Asanbladako kideak ekintzaren erantzuleak kritikatu zituen:

Batetik, EAJ, euren Polizia bidali duten moduan bidaltzeagatik; bestetik, eraikinaren jabe ziren mojak, euren jarreragatik, eta gurekin harremanetan jartzeari uko egiteagatik.

Era berean, zera gehitu zuen:

Honen atzean dagoen eraikuntza enpresa ere kritikatzen dugu, gazteok autogestiorako okupatutako etxea esku pribatuak aberasteko erabiltzeagatik; azkenik, Udala ere bai, bera delako erantzule nagusia, hemen anbulatorioa egiteko egitasmoa egin eta guri ateak itxi dizkigulako.

19:00etan manifestazioa egin zuten, eta hasiera batean ertzainek bi gazte identifikarazi arren, gero lasai utzi zieten protesta aurrera eramaten.

Arazo hau, dena den, ez da joan den astekoa ondoren ikus dezakezuen bezala.

2005-08-07

2005-08-24

Eta zuek zer deritzozue?

Comments { 1 }

EUSKARAZKO PRENTSAREN ESKARIA

Eskarietan parte hartu duten hainbat hedabide Euskarazko hedabideek egin dituzten kalkuluen arabera, gaur egungo euskal prentsak milioi bat euro gehiago beharko lituzke hurrengo urteko gastuei aurre egiteko. Egoera horren aurrean, prentsa idatziari dagokion aurrekontuan hazkunde hori aurreikusteko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari.

Herenegun, jendaurrean azaldu zituzten Juan Mari Larrarte Euskarazko Komunikabide Taldeko (EKT) Administrazio Kontseiluko idazkariak, Iker Martinez de Lagos Topaguneko idazkariak eta Mikel Lizaso Nabarra aldizkariko kideak, sektorearen izenean zituzten hiru eskariak.

Lehenik, diru laguntzaren zenbatekoa urteko lehen sei hilabetekoan jakin eta ordaintzeko modua egitea eskatu zuten. Iker Martinez de Lagosek adierazi zuenez, aurten eginiko diru laguntza eskariei buruz komunikabideek ez dakite zenbat jasoko duten oraindik:

Urteko hamargarren hilabetean sartu eta gero, oraindik ez dakigu 2005eko diru laguntzaren zenbatekoa, ez laguntza hori noiz jasoko dugun ere.

Era berean, Topaguneko idazkariak zera gehitu zuen:

Sarritan ez dira aparteko gastuak egiten, diru sarreretan ziurtasunik ez dagoelako.

Halaber, diru laguntzaren kopurua handitzeko eskatu dute. Izan ere, Kultura Sailak jartzen duen dirua ez da gehitu azken bost urteotan. 2000tik 2005erako diru laguntza kopurua berdin mantendu da; hau da, 3.800.000 eurotan, horietatik 3.280.000 euro euskarazko prentsa idatziari dagozkiolarik. Era berean, euskarazko hedabideen egitasmoak (irratiak, ikus-entzunezkoak, Interneteko hedabideak) behar den neurrian babesteko eta egiten dituzten eskariak aintzat hartzeko eskatu dute. Mikel Lizaso, ‘Nabarra’-ko koordinatzaileak honen guztiaren aurrean zera zioen:

Nafarroan diru laguntzen panorama are okerragoa da, berandu jasotzeaz gain txikiagoak baitira. Zerbait planteatu beharko litzateke, baina egungo errealitate politikoa ikusita, denbora alferrik galtzea izango litzateke.

Honen guztiaren ondoren, konponbide baten zain jarraitzen dute euskarazko hedabideek. Gehiago jakin nahi izanez gero, klikatu hemen.

Comments { 0 }
-->