Gero eta ospe handiagoa lortzen ari den pertsona bat elkarrizketatu nahi nuen, Ainhoa Garmendia sopranoa. Bera Legorretan jaiotakoa da, nahiz eta nerabezaroa Ordizian igaro. Donostiako Orfeoiako Kantu Eskolan eta Ordiziako Oroith Abesbatzan, Amalia Ibañezekin, ibilia da. Geroago, Madrilera joan zen ikasketak jarraitzera. Bere talentua zela eta, ikasketak Vienan jarraitzeko aukera ikusi zuen eta, bi aldiz pentsatu gabe, bertara joan zen. Helena Lazarskaren aholkuen pean jarri zen. Marsellako CNIPAL opera eskolan sartuko zen geroxeago. Handik aurrera, bere ahots liluragarri eta fina Europa osora zabalduko zuen, opera garrantzitsu askotan parte hartuz. Arrakastadun artista honek hainbat sari irabazi du bere karrera artistikoan zehar. Ez da harritzekoa, izan ere, leku batetik bestera dabil opera emanaldiak eskainiz. Gaur, ohituta egongo ez den arren, bere ahots garden eta atsegina entzuteko tarte bat eskaintzen dio publiko txiki honi.
Kaixo, Ainhoa. Hasteko, nik txikitako anekdota bat azaldu nahi nizuke; izan ere, nire gurasoek diotenez, umetxo bat nintzenean, zure gurasoen etxean nola entseatzen zenuen entzunez hartzen nuen lo eguerdietan. Esaten didatenez, begiak zabal-zabal nituela, minutuak pasatzen nituen zure ahotsa entzuten. Noiz konturatu zinen kantatzea zela zure bertute nagusia? Hasteko, 7 edo 8 urte nituela, akordeoia jotzen hasi nintzen, oraindik Legorretan nengoela. Pello Ramirez zen nire irakasle. Berak esan zidan lehendabiziko aldiz, 10 bat urte izango nituenean, abesten nuen bakoitzean nire ahotsean zerbait berezia ikusten zuela, kolore polita eta belarri ona nituela, eta ea ez ote nuen koralen batean abestu edo horrelako zerbait probatu nahi. Berak eman zidan lehendabiziko ideia, eta horrela sartu nintzen Ordiziako Oroith Abesbatzan. Hasieran, txikiekin abesten hasi nintzen, Oroith Txiki abesbatzan, umeen abesbatzan, eta gero helduen koralera pasatu eta beraiekin hasi nintzen abesten. Handik hilabete batzuetara, nire lehenengo soloa eman zidaten. Nik ez neukan inoiz beldurrik eta horrelako ezer (barre egiten du). 14-15 urte izango nituen orduan, eta horrelaxe hasi zen guztia. Konturatu nintzen izugarri gustatzen zitzaidala, eta 16-17 urterekin erabaki nuen horretan jarduten jarraitu nahi nuela.
Donostiako Orfeoiko kantu eskolan sartu zinela aipatu dut lehen. Zer oroitzapen duzu zure nerabezaroan Donostian bizitako esperientziaz? Oso oroitzapen polita daukat. Bi urtez egon nintzen Donostian, eta zentroan bizi nintzen. Orfeoian egotea, bertan abestea eta hango esperientzia… (arnasa sakon hartzen du). Lehenbiziko aldiz Madrilera joaten hasi nintzen kontzertu garrantzitsu batzuk ematera. Bestalde, oso zuzendari garrantzitsuekin abestu nuen. Honenbestez, batere ezagutzen ez nuen mundu berri bat ireki zitzaidan; izan ere, nire familia ez da familia musikala eta, ondorioz, mundu hori ez nuen ezagutzen. Horregatik, erabat liluratuta gelditu nintzen eta gogo handiagoa jarri zitzaidan bertan jarraitzeko.
Ederki. Eta zure gogoak zirela eta, noiz konturatu zinen benetan kantu profesionalaren munduan sartu eta bertatik bizi zintezkeela? Nik uste dut hasieran ez nintzela konturatu. Kantatzen hasi nintzenean, gustukoa nuen jarduera hau eta ez nekien horrek zer ekar zezakeen. Konturatu nintzen lehendabiziko aldia Vienara joan nintzenean izan zen. 22 urte izango nituen artean, eta han ikusi nuen ia ez zegoela atzera bueltarik (biok barre egiten dugu). Alde batetik, nolabait esatekotan, konturatu nintzen zer-nolako sakrifizioak egin behar ziren: denbora luzean etxetik kanpo, bidaiak, ahotsa zaindu eta lana larruz egiten hasi… Baina, bestalde, jadanik buru-belarri sartuta nengoen lan horietan, eta hori zen, bada, nik egin nahi nuena. Horrexegatik, kontzientziatzen joan nintzen nire mundua nolakoa izango zen eta, aldi berean, garbiago ikusi nuen bizitza aurrera atera nezakeela nik atsegin nuena eginez, abestuz.
Dakigun bezala, egun batean, zure maisu Henry Mayer Leipzigeko Operako (Alemanian) zuzendari izendatzen dute, eta berarekin joatea proposatzen dizu. Zure bizitzan hartu duzun erabaki garrantzitsuenetariko bat izango zen bere proposamena onartzea, ezta? Bai, oso-oso garrantzitsua izan zen. Ni Marsellan nengoen, beka bat eman baitzidaten. “Opera Estudio†deritzon opera eskola batean nenbilen, non profesional izateko aukera ugari ematen zituzten. Bera bertan zegoen, Marsellan, eta kasualitatez handik urtebetera Leipzigeko zuzendari izendatu zuten. Eskola hartan 12 bat abeslari geunden, eta 12 horietatik ni aukeratu ninduen Alemaniara berarekin joateko. Nire maisuarekin joan eta, han, bertako taldearentzat audizio bat egin beharra izan nuen. Eta, bueno, erabakia hartzeari dagokionez, bost minutu ere ez nituen behar izan; izan ere, izugarrizko aukera baitzen. Ikasle edo abeslari erdiprofesional izatetik profesional izatera igarotzea sekulako aurrerapausoa zen niretzat. Beraz, lehen esan bezala, Alemaniara bidaiatu, audizioa egin eta arazorik gabe jarri ninduten bertako operan abesten. Dudarik gabe, urte haietan hartu nuen erabaki garrantzitsuena izan zen, opera batean sartu eta teatro batean lan egiten hasi nintzelako eta mundu berri bat ireki zitzaidalako.
Beraz, aldaketa handia izan zen… Izugarrizko aldaketa, bai. Hilero soldata finko bat izaten hasi nintzen, nire bizitza aurrera atera nahian nenbilen eta, betez ere, ikasteko irrikaz nengoen. Lehendabiziko bi urteetan oso gauza txikiak egon nintzen egiten; izan ere, denetatik gazteena nintzen, 25-26 bat urte izango nituen, eta izugarri ikasi nuen. Gero, pixkanaka-pixkanaka paper garrantzitsuagoak eman zizkidaten, paper sekundarioak edo bigarren filakoak deritzenak, eta azkenean printzipalak ematen hasi zintzaizkidaten. Ezbairik gabe, hori izan da nire eskolarik hoberena.
Orain Leipzigen bizi zara, baina zure bizitza profesionalean zehar beste herrialde batzuetan ere bizi izan zara. Leku horietatik guztietatik, nork izan du eragin gehien zure bizitza pertsonalean? Hori zaila da esatea, baina nire bizitzan eragin handien izan duena Leipzig izan dela uste dut. 8 urte, ia 9 daramatzat Leipzigen bizitzen. Dena den, zuk esan duzun bezala, Ingalaterran, Suitzan, Belgikan, Espainian, Frantzian… eta, orokorrean, Europa osoan abestu dut. Azken finean, ni Europako edozein txokotan etxean bezala sentitzen naiz, egia esan. Baina, bai, nire iritziz eragin handiena Alemaniak eta Leipzigek izan dute. Nahiz eta orain nire kontratua utzi dudan eta ia ez nagoen han postu finkoan, han bizi naiz. Nire bizitza pertsonala han dago, lagun asko dauzkat eta oso gustura sentitzen naiz. Egia da pertsonalki ere aldaketa nabari duzula zeuregan: beste gauza batzuetara ohitzen zara eta, azkenean, eragina handia da beti.
Jakina da Euskaditik kanpo denbora asko igarotzen duzula. Zeren falta sentitzen duzu gehien kanpoan zaudenean, hau da, zer da samintasunez gehien oroitzen duzuna? Lehen aipatu dudan bezala, denbora dezente da Euskal Herritik kanpo nagoela, baina asko etortzen naiz. Orduan, ez dut halako samintasunik sentitzen. Beti daude gauzak atzerrian gaudenean falta zaizkigunak, baina badakidanez berriro itzuliko naizela -orain lan mordoxka dut Euskal Herrian eta baita Espainia mailan ere- ez naiz askorik kezkatzen. Egia esan, oso ondo moldatzen naiz leku bakoitzera. Alemanian nagoenean, bertan bizi den bezala bizi naiz, bertako bizitza daukat; hona etortzen naizenean, berriz, hemengoa… Samintasunik, beraz, ez dut gehiegirik sentitzen, ez.
Zure karreran zehar obra askotan hartu duzu parte. Izango da oroitzapen berezirik sortu dizkizun emanaldi edo obraren bat, ezta? Asko daude, bai. Obra bakoitza mundu bat da, eta kontratu bakoitza desberdina da bestearekiko. Gauza ezberdinak bizi izaten dira. Halere, asko markatu nauen kontratu bat Ingalaterrakoa izan da. 2006 eta 2007an egon nintzen, bi alditan, ia lau hilabetez aldi bakoitzean. Oso denboraldi luzea da hori; izan ere, kontratu bakoitzak sei aste, gehienez bi hilabete irauten baitu. Kasu hartan, ordea, hiru hilabete eta erdi baino gehiago irauten zuen kontratuak. Ingalaterra hegoaldean egon nintzen, munduko festibal garrantzitsuenetariko batean hain zuzen ere. Asko markatzeaz gain, pila bat ikasi nuen. Geroztik kontratu asko ekarri dizkit horrek, DVD bat grabatu genuen zuzenean BBC rentzako eta hau mundu osoko telebistetan ikusi da. Email mordoa jaso nuen garai hartan Finlandiatik eta beste herrialde askotatik, jendeak telebistan ikusi baininduen. Gainera, iazko udan, festibal berberatik azkeneko momentuan deitu zidaten; asteazken batean hurrengo egunean abesteko. Eguerdiko hamabietan deitu, eta arratsaldeko lauretan hegazkinean nengoen. Hurrengo egunean obra estreinatzektoan zen. Paper nagusia egitekoa zena gaixo jarri eta ea nik bere lekua hartuko nuen galdetu zidaten, hau da, paper printzipal bat egiteko eskatu zidaten. Zorionez, oso-oso ongi joan zen dena eta orain 2011rako kontratatu naute, beste 3 hilabete eta erdirako, Ingalaterratik gira bat eginez. Festibal hori, orokorrean, oso garrantzitsua izan da niretzat.
Normalean, ikuskizunetan lan egiten duten pertsonek behin edo behin gertatutako anekdota edo pasadizo bitxiak izaten dituzte kontatzeko. Zuri noizbait gertatu al zaizu gaurko egunean gogoratzen duzun anekdota bereziren bat? Bai, pila bat anekdota daude. Gogoan dut lehendabiziko opera egin nueneko bat , 22 urte inguru izango nituen. Madrilgo eskolan nengoen, oraindik ez nintzen profesionala, ikasten ari nintzen. Beti gogoratuko dut: eszenatokian nengoela, barregura sartu zitzaidan. Nik, nire paperean, kanpaitxo bat neukan eta neska batek janzten laguntzen zidan. Don Pasqualen opera zen emanaldi hura. Orduan, nik kanpaitxoa hartu eta tin-tin-tin eginez, neskameari deitu eta hau korrika etortzen zen. Sarritan egin genituen entseguak eta ez zen arazorik egon inoiz. Baina entsegu orokorra iritsi zen eta kanpaitxoa jo behar nuen une berean, puskatu eta pum! Haren zati bat eskuan nuela gelditu nintzen eta beste zatia lurrera erori zen! Momentu hartan sekulako barregura sartu zitzaidan. Horrelako anekdotak asko daude.
Euskaljakintza 5eko Beñat Pecharromanek Ainhoa Garmendia sopranoari egindako elkarrizketa.
Iruzkin berriak