1938an, Albert Hoffman suitzar kimikariak azido lisergikoaren inguruko lehen ikerketa egin zuen. Onddo berezi batzuetatik lortzen den substantzia azido hau ustekabean lixeritu ondoren, LSDaren efektuak pairatu zituen, hala nola, haluzinazioak, gorputzaren tenperaturaren igoera edota euforia eta histuraren arteko txandakatzeak. Momentu horretan, droga berri bat lortzeaz gain, LSDa, alegia, (alemanezko Lyserg Säure Diethylamid-en laburdura), droga haluzinogeno mota hauek eragiten dituzten ispilatzeei erreferrentzia egiteko hitz berri bat txertatu zuen hiztegian: psikodelia.
Nahiz eta droga pil-pilean dagoen gaia izan, artikulu honek ez du eremu hori ukituko. Psikodelian oinarrituko da, noski, baina ez kimikak eragindakoan, efektu optiko gisa, hau da, irudi bat behatzean gure adimena imajina hori asimilatu ezinaren ondorioz sortzen den efektu nahiz sentsazioan, baizik. Horixe izango litzateke hitzaren bigarren esanahia, droga kontu horretatik eratorria, alegia.
Urteak pasa dira psikologoak fenomeno hauek aztertzen hasi zirenetik, baina oraindik ere efektu hauen zergatia ezezaguna da. Dagoeneko berrehun efektu optiko psikodeliko baino gehiago ezagutzen dira, eta hauek guztiek ezaugarri komun bi dituzte: alde batetik, distortsioa kitzikatzen dute, eta, bestetik, elementu kitzikagarri edota induktibo bat eta aldaketa jasaten duen beste bat izatea. Beste hitz batzuetan esanda, marrazkiko puntu bat erreferentzitzat hartuz eta horretan soilik oinarrituriz, puntu horren inguruneak izaten duen aldaketa (errealitatean gertatzen ez dena) izango litzateke fenomeno guztietan errepikatzen den prozesua.
Lehen marrazki honetan zerbait arraroa ikusten al duzu? Hasiera batean, dena zuzen dagoela esan daiteke…baina, arretaz begiratu irudiaren zentroan dagoen puntua. Denbora laburrez honi begiratzean, inguruko laukizuzen txikiez eraturiko zirkuluak biratzen hasiko dira norantza desberdinetan. Efektua areagotu egiten da begiak pantailara gerturatu edota urruntzean. Hau izango litzateke psikodeliaren adibideetako bat. Harrigarria, ezta?
Bigarren honetan, berriro ere imajinaren erdiko puntuari begiratzean, ez al duzu aldaketaren bat sumatzen? Kasu honetan ez da ingurunearen mugimendurik ematen, puntua inguratzen duen laino antzerako horren desagerpena baizik. Halere, gomendagarria da fenomenoa guztiz ikusi ahal izateko denbora luzeagoz irudian arreta jartzea.
Matrize hau puntu txurietan gurutzatzen diren lerroz osaturik dago, baina puntuak benetan txuriak al dira? Hauetan fijatzen baldin bazara, txuriak dira, eta ingurukoak, aldiz, grisak. Hala ere, grisari begiratzean, hau txuri bilakatzen da. Horrela, prozesua behin eta berriro errepikatzen da.
Hauek ezagutzen diren fenomeno psikodeliko guztien artean hiru adibidetxo besterik ez dira izan. Mota hauetako efektu gehiago ikusi nahi izanez gero, egin klik hemen. Beste motatako fenomeno optikoak behatu nahi badituzu, egin klik hemen edo hemen.
Iruzkin berriak