About egarmendia

Author Archive | egarmendia

Bizkarrean tatuaturiko mapak – HARKAITZ CANO

Harkaitz CanoArtikulu bat baino gehiago idatzi ditugu euskaljakintzan Harkaitz Cano idazle lasartearrari buruz, Belarraren ahoa liburuari buruz edota Jakintza ikastolan izan genuenekoa kasu; baita Euskadi saria irabazi zuenekoa ere. Literatura idazteaz gain, hainbat egunkaritan kolaboratu du, eta irrati zein telebistako gidoigile lanetan ere aritua da. Lehenengo argitalpenak poesiakoak izan baziren ere, ondoren prosarantz jo du eta gaur egun euskal literaturako idazlerik sendoenetakoa delako zalantza izpirik ez dago.

Bere lanen artean ondorengoak aurki ditzakegu: Kea behelainopean bezala (poesia, 1994), Paulov-en txakurrak (narrazioa, 1995), Radiobiografiak (ipuinak, 1995), Beluna Jazz (nobela, 1996), Telefono kaiolatua (ipuinak, 1997), Bizkarrean tatuaturiko mapak (ipuinak, 1998), Pasaia Blues (nobela, 1999), Belarraren ahoa (2004)…

Nik irakurri dudan obra Bizkarrean tatuaturiko mapak izan da. Canoren lan hau 49 ipuinez osatua dago. Horietako bakoitza hiri ezberdin batean kokatzen da: Amsterdam, Bartzelona, Dublin, Erroma, Liverpool, Mosku, Rio de Janeiro, San Petersburg, Tokio…

Hiri ezezagun batera iristean atseginagoa da bertakoen istorioak entzutea gidak egunero errepikatzen duten historia entzuten egotea baino. Horrela, Harkaitz Canoren ahotsean entzun ahal izan zituzten Euskadi Irratiko Goizean Behinzale guztiek 49 hiri hauetako istorio bana. Orain liburu honetan kontatuak. Arantxa Iturberen sarrera, Canok liburu hau idaztearen arrazoia azalduz, eta liburuko pasarteren bat irakur ditzakezue hemen.

Bizkarrean tatuaturiko mapakErraz irakurtzen diren ipuinak direla esango nuke; labur-laburrak gainera, bakoitzak bi edo hiru orrialde baino ez baititu. Ez du inongo jarraitasunik eskatzen irakurtzeko orduan hiri bakoitzean aurrekoarekin guztiz ezberdina den istorioa kontatzen baitu.

Irakurtzeko gogoa bai, baina asti gehiegirik ez dugun momentuetarako liburu aproposa, pixkanaka irakurtzekoa, alegia. Izan ere, arestian esan dudan moduan, kontakizun laburrez osatutako liburua da eta nire iritziz, behintzat, ez da guztia jarraian irakurtzeko horietakoa, hots, ez duzu kontakizunaren haririk galduko.

Nik azaldutakoaz gain, beste iruzkin interesgarri hau aurkitu dut, liburuaren berri beste ikuspegi berezi batetik ematen duena; baita idazle honi eta beste askori buruzko informazioa ere, bere lanak, sariak… Eta, amaitzeko, hementxe duzue Harkaitz Canori eginiko elkarrizketa interesgarri bat.

Comments { 0 }

Buruhauste batzuk

pentsatzenNor ez da inoiz asmakizun bat askatu nahian buru-belarri aritu? Ziur naiz noizbait guztiok egin dugun zerbait dela. Eta euskaljakintzako atal hau aspaldian berritu gabe zegoenez, hemen doazkizue matematika arloari atxikitako asmakizun entretenigarri batzuk, seguru bainago batek baino gehiagok atsegin dituela horrelako buruhausteak.

Lehenengo ariketetan, kalkulu matematikoak burutu behar dira zenbakien artean batuketa, kenketa, biderketa… bezalako eragiketekin:

  • 8 8 8 8 = 120
  • 6 6 6 6 6 6 6 = 123

Nahi diren eragiketak eginez, 100 zenbakia lortu behar da; baina, hori bai, zenbaki hauek guztiak erabiliz:

  • 1 2 3 4 5 6 7 8 9

Asmakizunak:

  • 3 ontzi ditugu, bata 8 litrokoa, urez betea, eta beste bi hutsak, 5 eta 3 litrokoak. Nola lor genezake 3 ontzietan ur kopuru bera izatea?
  • 3 lagun taberna batera joan dira eta laranja-zuku bana hartu ostean, zerbitzariari zenbat den galdetu diote (asmakizuna zaharra denez, pezetatan da). Zerbitzariak zuku bakoitzak 10 pezeta balio duela esan die, horrela bakoitzak berea ordainduz, 30 pezeta ditu. Ordaintzerakoan, zerbitzariak 3 zuku hartzeagatik, eskaintza bat dagoela esan eta 5 pezeta itzuli dizkie, hau da, ogerleko bat. Ogerlekoa hiruren artean banatu ezin dutenez, bakoitzak pezeta bat hartu eta gelditzen diren biak zerbitzariari eman dizkiote eskupeko moduan. Ondorioz, bakoitzak 9 pezeta jarri ditu, bider 3 (hiru lagun dira), 27; honi zerbitzariari emandako 2 pezetak batuz, 29. Non dago falta den pezeta?

Hauek guztiak erdal orrialde honetan aurkitu ditut eta gehiago badaude. Hala ere, izugarri gustatu zaidan beste honekin has zaitezke. Puntu bidez elkartutako hainbat lerro mugitzean datza, elkar ukitu edo moztu gabe. Erantzuna aurkitzean, hurrengo mailara igarotzen da zailtasun maila handituz.

Nor animatzean da asmakizun hauetakoren bat askatzen? Ea nor den aurrena guztiak asmatzen!

Comments { 1 }

Grafologiaz geure burua ezagutzen

Grafologia, pertsona baten idazkera aztertuz, haren izaera zein den jakiteko helburua duen jakintzaren alorra da. Hau aztertzeko modurik egokiena orri zuri batean gutun bat idaztea da. Egokiena idazluma bat erabiltzea izango litzateke, baina gero eta gutxiago erabiltzen denez, boligrafoz idatzitakoak ere balioko digu.

Zaila da hasiera batean grafologia bezalako zerbait menperatzea. Hau dela eta, lehenik ezaugarri nagusiak aztertzen ikasi behar da eta, ondoren, xehetasunak. Esan bezala, inondik markatu gabeko orri zuri batean idatzitako testu bat aztertzea izaten da egokiena, ikastolan hartutako apunteak edota lanak, esaterako, azkar eginak nahiz aurrez ongi prestatuak izan baitaitezke eta ez dute balio. Aldiz, gutuna momentuko zerbait da, naturaltasun osoz idazten dena. Behin orria idatzia dugula, ondorengo ezaugarri hauek, eta beste asko, jakina, azter ditzakegu:

Orriaren ertzetan utzitako marjinaren arabera:

grafologiaGoiko marjina:

  • Txikia: zakarkeria.
  • Arrunta:autokontrola.
  • Handia: barnerakoitasuna, pertsona lotsatia edota pertsonalitate falta.

Beheko marjina:

  • Txikia: Letra txikia bada, zorroztasuna adierazten du, zikoizkeria puntu batekin. Letra handia dutenek beraien buruaganako autoestimu handia dute. Goiko marjina handia eta behekoa txikia den kasuetan nola erreakzionatuko duten ez dakigun pertsonen aurrean gaude.
  • Arrunta:ezer esanguratsurik ez.
  • Handia: normalean beharra izaten da (esatekorik ez). Baina, kontakizunak aurrera jarraitzen duenean pertsona zuhurra izango da.

Ezkerreko marjina:

  • Eskasa: iraganean mantentzeko joera, lotsatia.
  • Arrunta ordena, autokontrola, kulturaduna eta gustu estetiko onekoa.
  • Zabala: erabakiak hartzean kementsua dena, eskuzabala.
  • Txikitzen doana: naturala, zuhurra.
  • Handitzen doana: pazientziarik gabea, pertsona bizia.

Eskuineko marjina:

  • Eskasa: ekonomia begiratzen duena, kanporakoitasuna, abentura eta arriskurako grina duena.
  • Arrunta: gustu estetiko onekoa.
  • Zabala: etorkizunaz beldur dena.
  • Txikitzen doana: konfiantza eskaintzen duena, desordenatua.
  • Handitzen doana: egoera berriei ihes egiten diona.

Goiko eta beheko marjinak berdinak:

  • Orientazio zentzumen ona duena, gainditze pertsonalerako grina duena eta kontrolatua.

Ezker eta eskuineko marjinak berdinak:

  • Gustu literarioak dituena (poesia, esaterako, gustuko duena), pertsona sentibera, kulturaduna.

Testuaren makurtzearen arabera:

  • Ezkerrerantz (\\\\\\\\\): pertsona itxiak, barnerakoiak, konkistatuak izatea dute gustuko eta ez konkistatzea, gainera batzuetan egoistak ere badira.
  • Bertikala (lllllllllll): burua beti bihotzaren gainetik duten pertsonak. Gehiegikeriak ez dituzte atsegin eta ez dira batere aldakorrak.
  • Eskuinerantz (/////////): makurtze maila zenbat eta handiagoa aurreko ezaugarriak orduan eta gehiago berretsi eta handitzen dira.

Hauez gain, beste ezaugarri mordoa daude nolakoak garen azaltzen laguntzen digutenak, baina ezin guztiak aipatu. Hala ere, garrantzitsua da hizkera bat aztertzean, jarraitu beharreko pausoen hurrenkera.

Lehenik, ordena, marjinak eta letren arteko distantzia. Honek pertsonaren organizazio eta planifikazio maila zein den ezagutzen laguntzen du. Jarraian, letraren tamainak autoestimu maila adieraziko digu. Makurdurak pertsona itxia edo irekia den aztertzen du, gehienbat, eta idaztean erabilitako norabideak (zuzena, gorantz edo beherantz) baikorra, egonkorra… den erakusten digu. Idaztean egiten den presioak pertsona bakoitzaren maila energetikoa edo gaixorik ote dagoen adieraz dezake eta azkartasun eta formak ere eragina dute honetan guztian.

Hau guztia azaltzen duten orriak ugariak dira, nahiz eta euskarazkorik aurkitu ez dudan. Informazio gehiagorako, klikatu hemen.

Comments { 2 }
-->