Gabon jai hauek ospatzera jende ugari joaten da kanpora, opor bidaia bat egitera, familiakoekin elkartzera… Autoaren erabilera asko ugaritzen den garaia da hau mundu osoan zehar, istripu kopuruek gora egiten dute eta hildako eta zaurituak ere izaten dira. Horrelakorik gertatzerik nahi ez badugu, zenbait xehetasun kontuan izatea komenigarria da.
Bidaia luzea den kasuetan jarraitu beharreko pausoak ondorengoak izan daitezke:
- Abiatu baino lehen, autoaren egoera begiratu behar da; akatsen bat izango balu, ezbehar bat izateko arriskua izango genuke eta.
- Autoan sartu aurretik geure buruei erantzun beharreko galdera da: “Behar dudan guztia hartu al dut?� Ahaztu behar ez den zerbait mapa bat da edo gaur egun gero eta gehiago erabiltzen diren GPS horietako bat.
- Jarraian irteera ordua finkatu. Ahal izanez gero, auto ilarak pilatzen diren orduak saihestu.
- Arropa erosoa eramatea gomendagarria da eta tarteka geldialdiak egitea, zerbait jan edo zangoak luzatzeko.
- Bidaia leku menditsura bada, kateak ere prest izatea komeni da eta ongi erabiltzen jakitea, noski.
Bidaia laburren kasuan, ez dago aurreko guztia jarraitu beharrik; dena den, beti da ona horietako hainbat kontuan izatea. Eta edonora joanda ere, ezbeharrak saihesteko, trafiko seinaleei kasu egin, abiadura moderatuan gidatu eta, ahaztu gabe, segurtasun uhala erabili. Bidaia ona izan! 🙂
Iruzkin berriak