About enovo

Author Archive | enovo

2008, denboran zehar bidaia egitea gertuago?

Duela hilabete pare bat funtzionamenduan jartzekotan zen Large Hadron Collinder-a (LHC), partikula azeleratzaile eta kolpatzaile handia, CERN-en, Europako Ikerkuntza nuklearren erakundean, Ginebratik hurbil.

Hasiera batean esan zutenez, infinituki txikia denaren ikerketa egiteko, partikula subatomikoak aztertzeko edota big bang moduko bat birsortzeko, eraikitzen hasi zen 1995ean LHC delakoa 2600 milioi suitzar frankoko aurrekontuarekin ( 1700 milioi euro gutxi gorabehera). Hala ere, bi errusiar matematikarik diotenez, helburu honez gain, “makina” honek fikziozkoak diruditen zeharkako efektu batzuk eragin ditzake. Protoiak ia argiaren abiaduran elkarrekin kolpatzean -hori egiten baitu LHC-ak-, ate bat edo hainbat ate txiki ireki daitezke ustekabean, denbora-espazioan bidaia egitea ahalbidetuz. Honela, New Scientist aldizkariak esan duena aipatuz, 2008 denboran zeharko bidaien 0. urtea bihur daiteke.

Nola?

ph07-1Irina Aref’eva eta Igor Volovichek egin dute ageriko teoria hau artikulu batean. Bertan azaltzen dute bere ideien zergatia (ez dut hemen txertatuko, gehienbat nik ere ez dudalako ulertzen, baina norbaitek ikusi nahiko balu, esteka honetan du PDFa). Esaten dutenez, denbora makina bat eraikitzeko aukera teorikoa existitzen da.

LHCak zeharkatua izan daitekeen harzulo bat (agujero de gusano) sortzeko aukera emango luke. Harzuloa (edo Einstein-Rosenen zubia) espazio eta denbora zeharkatzen dituen laburbide baten antzera deskriba daiteke. Zulo guztien moduan, sarrera eta irteera izango luke filmetan askotan ikusi dugun bezala. Honen inguruan teorizatzen lehena Ludwig Flamm izan zen, 1916an, eta harrezkero eztabaida zientifiko ugariren kausa izan da.

Errusiar zientzialari hauek bi protoien kolpaketak denbora-espazioaren ehuna urratzeko gaitasuna izango duela adierazi dute, eta honek etorkizunarekin konektatuko gaituen tunel baten existentzia adierazten omen du . Dena den, lehen aipaturiko aldizkariak dioenez, zientzialari hauen kalkuluetan akatserako tartea ere egon daiteke, ez baitute zehaztu zenbateko energia beharko den atea irekitzeko. Beste aukera bat hainbat zulo txiki zabaltzearena da, baina atomoen tamainakoak izanda, inork ezingo luke bertan bidaiarik egin.

Baikortasun gehiegi?

lhc-6Brian Cox, Lisa Randall, Patrick Meade eta beste hainbat fisikarik segituan erantzun dute ikuspegi ezkorraz. Hala ere, duela urte batzuk Stephen Hawking fisikari ospetsuak denbora-makina diru kontua besterik ez zela aldarrikatu zuen.

Honez gain, oraintsu, Walter Wagner eta Luis Sancho fisikariek LHCaren jarduera salatu dute, mundua desagerrarazteko %75eko aukera dagoela aldarrikatuz. Hauen ustez, zulo beltzak sorraraziz, Lur osoa desagertu eta Nova bilakatuko litzateke.

Itxaron egin beharko dugu ea zer gertatzen den ikusteko. Hala ere, ziur daukadan gauza bat zera da, egia osoa ez digutela kontatuko. Esaten digutena esten digutela, espero dut gutxienez bideokoa ez gertatzea:

Comments { 0 }

Ahots gabe hitz egiten…

audeo1.jpgAmbient Corporation izeneko konpainia bat izan da mirari hau bete duena; hau da, telefonoz hitz egitea ahotik soinurik atera gabe. Zer? Nola? Hori ezinezkoa da pentsatuko duzue. Nik ere horixe pentsatu nuen hasieran, baina garbi dago mundu honetan gauza orok duela bere azalpena, nahiz eta askotan guk horiek ez jakin.

Lepoan ezarririko zinta bati esker, hitzei dagozkien burmuineko seinale nerbiosoak jaso eta, zuk ahoskatu baino lehenago, hitz horiek ordenagailu batera bidaltzen ditu kablerik gabe. Azkenean, honek seinale hauek jaso eta soinu bihurtzen ditu. Asmakizun honi Audeo izena jarri diote.

Ezinduentzat laguntza

Zinta honetan dago askoren arazoen konponbidea, ordenagailuak edota telefono batek zure ordez hitz egin baitezake. Ambienten web orrian azaltzen duten bezala, hitzik gabe bizi diren gaixoei zuzendua dago gehienbat. Horrela diote korporazio horren fundatzaile diren Michael Callahan eta Thomas Colemanek: “Gure zeregina hitz egin ezin dutenen bizi kalitatea hobetzea da”. Konpentsazio ekonomikoari ere begiratuko diote, ezta?

audeo3.jpg

Enpresa bioteknologiko askok arazoak izaten dituzte beraien produktuak nori zuzendu aukeratzean. Arazorik gabeko jendearentzat edo ezinduentzat ikertu? Lehenengoak ekartzen ditu, ezbairik gabe, ekonomikoki irabazi gehienak… Audeoren sortzaileek esan dutenez, garbi dute euren teknologia hau nori begira garatu behar duten.

ZintaAlbo esklerosi Amiotrofikoa, burmuineko lesioak edota Parkinsona duten gaixoen pentsamenduak ordenagailuak irakurri eta soinu bilakatuko ditu. Horrela irakurriz, buruko ideien pribatutasuna galtzen dela pentsa dezake batek baino gehiagok; nolanahi ere, proiektukoek diotenez, entrenamenduarekin irits gaitezke kontrolatzera esan nahi duguna baino ez esateko. Honez gain, zintak hitza jaso ahal izateko pertsonak hitz horretan kontzentratu behar duenez, zaila izango da esan nahi ez dugun zerbaitek alde egitea.

Hala eta guztiz ere, teknologia berri gehienen moduan, gaur egungo Audeok muga batzuk ditu: 150 hitz eta esaldi baino ez ditu ezagutzen oraingoz.

Etorkizuna

Hala ere, urte honen amaierarako teknologia hau hobetzea espero da, berbategian mugarik eduki gabe. Bertsio honek hitzak edo esaldiak irakurri partez, fonema indibidualak jasoko ditu, hau da, hitzen soinua. Fonemak indibidualki pentsatu beharko dituenez, Jendeak polikiago hitz egingo du; halere, trukean nahi duen guztia esan ahal izango du.

[kml_flashembed movie="http://www.youtube.com/v/xyN4ViZ21N0" width="425" height="350" wmode="transparent" /]

Comments { 0 }

110. Street-eko geltokia – IÑAKI ZABALETA

Iñaki Zabaleta

Iñaki Zabaleta Leitzan jaio zen 1952an. Informazio zientzietan doktorea da eta New Yorkeko City University-n irrati-telebistako zuzendaritzan masterra lortu zuen. Egun, EHUko kazetaritzako irakasle da eta arlo horretako ikerlan asko egin ditu euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Euskal Idazleen Elkarteko gunean topa dezakegu bere lanen inguruko informazio zehatzagoa. Handik ateratakoa da ondorengo pasartea:

Prentsan, irratian eta telebistan ere ekintza ugaritan parte hartu du: Munduan: Paz y Desarrollo aldizkariko zuzendaria, Erreka aldizkarian arduradun, Eurokom aldizkariaren koordinatzaile, telebistako 15 dokumentalen gidoilari eta zuzendaria, Urak dakarrena, Euskaldunon Egunkariako bultzatzaile eta fundatzaileetako bat, CNN telebistan, Euskal Herriari buruzko erreportaietan gidoilari eta zuzendaria, Euskadi Irratiko, Goizean behin irratsaioan kolaboratzaile, Euskal Telebistako asteburuetako albisteen zuzendaria…

Euskal komunikabide eta gizarte-erakunde askoren sorreran bultzatzaile edo jarduera ezberdinetan partaide izan da, hala nola, AEK, Euskal Herrian Euskaraz, Egin, ETB, Euskaldunon Egunkaria, Kontseilua, EIRE…

Literatura arloan ondorengo lanak aipa ditzakegu:

  • Narrazioa: 110. Street-eko geltokia (1986, Susa) eta Carolyn Meyer Dantzaria (1986, Arabako Foru Aldundia)
  • Poesia: Bertsoaren ezpata (1978, Elkar) eta Eskuaren fereka (1981, Hordago).
  • Saiakera: Wihelm Von Humboldt: hezkuntza eta hizkuntza (2005, Jakin).

110. Street-eko geltokiaNik 110.Street-eko geltokia irakurtzeko zortea izan dut. Bertan, euskaldun batek, poliziari ihesi, New Yorken izango dituen tirabirak kontatuko dira. Euskaldun hori, Joseba, poliziarengandik ihesi, New Yorken aurkituko du bizileku berria. Han, New Harlem izeneko hotel batean hartuko du ostatu. Bere gelaren ondoan, Gregory zaharra biziko da, bere lagun mina bihurtuko dena.

Alde batetik, Josebak kafetegi batean egiten du lan. Catherinek, kafetegi buruak, trafikatzeko lanak egitea behartzen du, bestela inmigrazioko poliziari deituko diola esanez. Bestalde, Angiek, estatubatuar emakumeak, publizitatean lan egiten du. Hasieran, kartel bat diseinatzeko egitekoa izango du eta hauetako bat egitean ezagutuko dute elkar bi protagonistek, kartelaren bidez mezutxoak bidaliko baitizkiote bata besteari. Josebak trafikatzen jarraituko du, gehiago ezingo duen arte. Orduan, berak xantaiatuko du Catherine, poliziari dena kontatuko diola esanez. Gauzak horrela, aske geratzen da; denbora gutxiaz, baina; izan ere, kale batean laban batekin hiltzen baitute…

Pertsonaia nagusiak, beraz, bi izango dira: Joseba, bizitzan aurrera egiteko gogo ikaragarriak dituen euskalduna eta Angie, oso langilea den estatu batuarra. Bigarren mailako pertsonaien artean, Josebaren lagun mina den Gregory, Angieren lankide eta adiskide den Tom eta Catherine, liburuko pertsonaia “gaiztoa” topatuko ditugu.

Narratzaileari dagokionez, liburu osoan zehar orojakilea dela antzeman daiteke; izan ere, lekuan gertatzen ari dena kontatzeaz gain, pertsonaien pentsamenduak ere deskribatzen baititu.

Formaren aldetik ez dut zailtasunik izan liburua irakurtzean, eta lexikoaren aldetik ere eroso egiten da irakurtzeko. Euskara Batua erabiltzen du, bai narratzean, bai elkarrizketetan, nahiz eta batzuetan ingelesezko hitzak tartekatzen dituen. Honez gain, iraganean kontaturik dago eta, lehen esan dudan bezala, era linealean; hau da, gertakizunak kronologikoki antolatuak adierazten dira.

Aipatu beharreko ezaugarri bat bi pertsonaien arteko bereizketa da, hau da, bi pertsonaia nagusiak bereizten ditu istorioan zehar. Alde batetik, Josebari gertatutakoak kontatzen ditu eta, beste aldetik, Angiren tirabirak narratzen ditu, beti ere kronologia errespetatuz, nahiz eta batzuetan ordu batzuen diferentzia egon pertsonaia baten gertakizunen eta bestearen jazoeren artean.

Espazioaren aldetik, bi leku azpimarratu nahi nituzke: New York bera, istorio osoa bertan gertatzen baita, eta 110. Streeteko geltokia, gertakari garrantzitsuenak bertan gertatzen direlako; hemendik dator, hain zuzen ere, liburuaren izenburua. Bata zein bestea toki egiaztagarriak izaki, nobelari errealitate kutsu nabarmena eransten diote.

Hasieran esan dudan bezala, liburu hau aukeratu eta irakurtzeko zortea izan dut. Nire etxeko apalategia begiratzen ari nintzela, gehien erakarri ninduen liburua izan zen izenburua ingelesez zuelako. Ingeles eta euskararen nahasketak harritu eta nire jakingura piztu zuen, lanerako zein istorio aukeratuko nuen zalantza guztiak uxatuz. Asko gustatu zait orokorrean. Aipatutako bi pertsonaia nagusien bereizketa eta, azkenean, biak elkartzeko modua bereiztu nahi nuke, sortzen duen intrigak bukaerara arte irakurtzen jarraitzera bultzatzen baitzaitu. Hala ere, bukaera, hau da, Josebaren heriotza aldatzea gustatuko litzaidake, gustu txarra uzten baitu amaieran. Bestela, istorio paregabea da mundu errealetik deskonektatzeko eta irakurtzen ondo pasatzeko (hau nahiko zaila izaten da). Gazteentzat bereziki gomendagarria iruditzen zait.

Amaitzeko, Irakurlearen Txokoko artikulu honetako informazioa liburutik bertatik eta armiarmatik lortu dut (Zabaletaren argazkia ere azken gune honetatik aterata dago).

Comments { 2 }
-->