Ahots gabe hitz egiten…

audeo1.jpgAmbient Corporation izeneko konpainia bat izan da mirari hau bete duena; hau da, telefonoz hitz egitea ahotik soinurik atera gabe. Zer? Nola? Hori ezinezkoa da pentsatuko duzue. Nik ere horixe pentsatu nuen hasieran, baina garbi dago mundu honetan gauza orok duela bere azalpena, nahiz eta askotan guk horiek ez jakin.

Lepoan ezarririko zinta bati esker, hitzei dagozkien burmuineko seinale nerbiosoak jaso eta, zuk ahoskatu baino lehenago, hitz horiek ordenagailu batera bidaltzen ditu kablerik gabe. Azkenean, honek seinale hauek jaso eta soinu bihurtzen ditu. Asmakizun honi Audeo izena jarri diote.

Ezinduentzat laguntza

Zinta honetan dago askoren arazoen konponbidea, ordenagailuak edota telefono batek zure ordez hitz egin baitezake. Ambienten web orrian azaltzen duten bezala, hitzik gabe bizi diren gaixoei zuzendua dago gehienbat. Horrela diote korporazio horren fundatzaile diren Michael Callahan eta Thomas Colemanek: “Gure zeregina hitz egin ezin dutenen bizi kalitatea hobetzea da”. Konpentsazio ekonomikoari ere begiratuko diote, ezta?

audeo3.jpg

Enpresa bioteknologiko askok arazoak izaten dituzte beraien produktuak nori zuzendu aukeratzean. Arazorik gabeko jendearentzat edo ezinduentzat ikertu? Lehenengoak ekartzen ditu, ezbairik gabe, ekonomikoki irabazi gehienak… Audeoren sortzaileek esan dutenez, garbi dute euren teknologia hau nori begira garatu behar duten.

ZintaAlbo esklerosi Amiotrofikoa, burmuineko lesioak edota Parkinsona duten gaixoen pentsamenduak ordenagailuak irakurri eta soinu bilakatuko ditu. Horrela irakurriz, buruko ideien pribatutasuna galtzen dela pentsa dezake batek baino gehiagok; nolanahi ere, proiektukoek diotenez, entrenamenduarekin irits gaitezke kontrolatzera esan nahi duguna baino ez esateko. Honez gain, zintak hitza jaso ahal izateko pertsonak hitz horretan kontzentratu behar duenez, zaila izango da esan nahi ez dugun zerbaitek alde egitea.

Hala eta guztiz ere, teknologia berri gehienen moduan, gaur egungo Audeok muga batzuk ditu: 150 hitz eta esaldi baino ez ditu ezagutzen oraingoz.

Etorkizuna

Hala ere, urte honen amaierarako teknologia hau hobetzea espero da, berbategian mugarik eduki gabe. Bertsio honek hitzak edo esaldiak irakurri partez, fonema indibidualak jasoko ditu, hau da, hitzen soinua. Fonemak indibidualki pentsatu beharko dituenez, Jendeak polikiago hitz egingo du; halere, trukean nahi duen guztia esan ahal izango du.

[kml_flashembed movie="http://www.youtube.com/v/xyN4ViZ21N0" width="425" height="350" wmode="transparent" /]

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->