Anorexiaren mundu beltza

anorexia2Askok diote itxura fisikoak beste ezerk baino gehiago balio duen garaian bizi garela eta ez nuke kontrakoa esango. Hori izan daiteke anorexiaren eragilerik nagusienetako bat; izan ere, gero eta gehiago dira anorexia jasaten duten pertsonak. Gaixotasun hau, batez ere, 14 eta 18 urtekoengan ematen da eta %95 emakumeak izaten dira, nahiz eta azken urteetan gizonezkoen kopuruak gora egin duen.

Anorexia izenez ezagutzen dugun gaixotasuna, elikagaien kontsumo desorekatu baten ondorioa da. Pertsona bera da pisua galtzearen eragile bakarra eta, tamalez, gaur egungo gizarteko gaixotasunik garrantzitsuenetakoa bilakatu da. Ondorio oso gogorrak ekar ditzake fisikoki eta psikologikoki gaixoen artean, eta baita bere ingurukoengan ere.

Kausa nagusia loditzeko beldurra da. Esan beharra dago pertsona batzuek beste batzuek baino aukera handiagoa izaten dutela gaixotasunaren atzaparretan erortzeko. Askotan, senide baten heriotzak, istripuek edota etxetik urrun egoteak dute eragina eta ez da batere erraza izaten behin mundu honetan sartu ondoren irtetea. Anorexiaren sintoma nagusiak, besteak beste, hauexek izaten dira: adina eta neurriak kontuan hartuz behar dena baino pisu handiagoa mantentzeko errefusa, pisuz igotzeko beldurra eta gorputzaren pertzepzio distortsionatu bat izatea. Normalean, gaixoaren inguruak detektatzen ditu sintomak eta hauek izaten dira neurriak hartzen dituztenak. Familiak hainbat jokabide bitxi antzematen du gaixoarengan, hala nola, obsesioa pisuarekin, janaria saihesteko azpijokoak edota janariari muzin egiteko beste hainbat ekintza. Gainera, gaixoak depresioa, nahaste emozional edo pertsonalak edota suminkortasuna izan ditzake.

modeloakGaixotasun hau gainditzeko tratamendu ezberdinak daude. Dena den, garrantzitsuena ahalik eta azkarren detektatzea da. Medikuak eritasunaren fasea detektatu eta gorabehera guztiak ongi ezagutzen dituenean, gertuko jarraipena beharrezkoa da. Kasu batzuetan, gaixotasuna areagotu ez dadin, beharrezkoa izaten da gaixoa ospitalizatzea. Kasu horietako batzuk desnutrizio maila handia denean edota familiarteko harremanak jasanezinak egiten direnean ematen dira eta ezinbestekoa da tratamendua eraginkorra izan dadin. Kasu hauetan oso garrantzitsua da famiaren erantzukizuna eta konpromiso irmoa gaixoarekiko.

Bestalde, anorexia agertzearen zergatiaz hitz egin beharko genuke. Zergatik da gaur egun maiz ematen den gaixotasuna eta orain dela gutxi arte, ordea, ez da kasurik ezagutu? Gure gizarteko baloreek eragin handia izan dute gaixotasun honetan. Ezin da ukatu modelo edota bestelako famatuek eskaintzen duten irudiak eragin zuzena daukala jendearengan, batik bat, gazteriarengan. Halaber, beharrezkoa da aipatzea moda munduan azkenaldian eman den iskanbila modeloen itxura dela eta. Modeloek hainbatetan izaten duten itxura fisikoa asaldagarria izaten da eta horrek zuzenean eragiten du gaixotasun hau jendearen artean sustatzeko garaian, zorionez edo zoritxarrez, gazte askoren eredu baitira modeloak. Azken finean, hasieran aipatu dudan bezala, itxura fisikoak ezerk baino gehiago balio duen garaian bizi gara. Edo ez da horrela?

Trackbacks/Pingbacks

  1. euskaljakintza» Blog Archive » Elikadura egokia horren garrantzitsua ote? - 2009(e)ko maiatzak 20

    […] dira nolako eta zenbat jaki jan behar den pentsatzen; eta honen ondorioz, hainbat eta hainbat anorexia kasu sortzen da. Beste batzuk, aldiz, gutxiegi arduratzen dira eta edozer jaten dute, nahiz eta […]

Utzi erantzuna

-->