Arauak 27: Iraupena eta maiztasuna

jakintzaMaiz iraupena eta maiztasuna nahasten ditugu. Ez da gauza bera periodo edo epealdi oso bati erreferentzia egitea edo noizean behin egiten dugun hori aipatzea; halere, ezjakintasunez edo, ohikoa izaten da horiek nahastea. Nola adierazi behar dugu zerbaitek 3 aste iraun duela? Hiru astean, hiru astetan, hiru astez… Zein kasu marka erabili behar dugu? Eta maiztasuna aditzera emateko? Lau hilabetez behin edo lau hilabetean behin? Biak? Bada, hori guztia argitzen saiatuko gara jarraian. Ohi bezala, Euskaltzaindiak dioenarekin hasiko gara eta, amaieran, ikasitakoa praktikan jartzeko ariketa bat eskainiko dugu. Hasteko prest?

1. IRAUPENA ADIERAZTEKO

— Iraupena adierazteko: NOR (absolutiboa), -Z instrumentala eta NON (inesiboa) erabiltzen dira maiz .

— NON sintagma hauei dagokienez, mugagabea onartzen bada ere, mugatu singularra erabiltzea hobesten da periodo edo epealdi oso bateko iraupenari erreferentzia egiten diogunean, hau da, zenbatzailedun sintagma horrek adierazten duen denbora etengabeko unitate bakar gisa hartzen denean (inesiboaren bidez prozesu edo gertaera baten iraupena adierazten denean). Adibidez,

Hiru astean asko hazi da haurra.

Hiru urtean ikasi du euskara .

Lau urtean lan egin du Afrikan.

Hauetan denetan mugatu singularra erabiltzen da iraupena adierazteko.

Iraupenik adierazten ez denean, noski, mugagabeak ohiko lekua izango du. Hiru urteko iraupena adierazi beharrean hiru urte desberdinetan gertatu den zerbait adierazi nahi bada, mugagabea beharko da:

Hiru urtetan antolatu dute tanborrada (hiru urte desberdinetan).

praktika iraupena

[kml_flashembed movie="https://euskaljakintza.com/ariketak/arauak/iraupena.swf" width="550" height="400" wmode="transparent" /]

1. MAIZTASUNA ADIERAZTEKO

— Mugagabea erabiliz, eredu hauen artean aukera dezakegu:

Lau urtez behin elkartzen dira senitartekoak.

Lau urtetarik behin elkartzen dira senitartekoak.

Lau urtetarik lau urtetara elkartzen dira senitartekoak.

Lau urterik behin elkartzen dira senitartekoak.

— Mugatu singularrean ere aukera ezberdinak ditugu:

Lau urtetik behin elkartzen dira senitartekoak.

Lau urtetik lau urtera elkartzen dira senitartekoak.

— NON kasuan, berriz, forma mugatua erabili behar da honelakoetan:

Lau urtean behin elkartzen dira senitartekoak.

— Maiztasuna adierazteko egituren artean, [izena + -ero] gisako esamoldea onartzekoa da:

{ Astero, hilero, ordulaurdenero…} etortzen da.

Kontuz! Gaitzestekoa da: -ERO atzizkiaren bidez osatua den * [zenbatzailea + izena + -ero] sintagma:

* Bi urtero egiten dute bilera batzordekoek.

*Hamabost egunero etortzen zait bisitan.

—Hamabostero, ordea, onartzekoa da, hamabostean behin nahiz hamabosterik behin-en parean.

praktika maiztasuna

[kml_flashembed movie="https://euskaljakintza.com/ariketak/arauak/maiztasuna.swf" width="550" height="400" wmode="transparent" /]

Araua osorik.

,

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->