Teknologia asko eta moral gutxi gure gizarteak daukana. Azkenaldian ziurrenik mila bider aditu dugu esaldi hau, baina ez al da, bada, egia? Teknologian eman diren aurrerakuntza ugari gizartearen eta gizakiaren hoberako izango ziren, ez dut zalantzan jartzen (urrun dauden pertsonekin komunikatzeko erraztasuna, zenbait gaixotasun sendatzeko aukera…); dena den, beste aurrerapen asko kontrako lanetara bideratuak izan dira, armak sortzeko, esaterako; irudikatu ezin ditugun arma bortitzak sortzeko eta armen modura bestelako zenbait gauza ere bai.
Gero eta gizaki hotzagoak garela esan liteke. Komunikazioaren aroa, jakintzaren garaia eta ez al gaude ezjakintasun bortitz batera bideraturik? Komunikabideei esker, manipulatu eta itsutuak, pentsatzeko astirik gabe roboten modura jokatzen dugu: lana, ikasketak eta, tartetxo bat badut, lagunekin egongo naiz… Ez dugu gure inguruan gertatzen diren basakeriez ohartzeko eta juzgatzeko edo horien inguruan iritzia emateko astirik hartzen. Niri afektatzen ez didan heinean berdin zait. Taldean bizi diren pertsona indibidualistak garela esan liteke eta arazoak gero eta handiagoak dira. Horren adibide garbia, ahalik eta azkarren moztu behar den arazoa, nerabeen artean oso modan dagoen jipoiak eman eta grabatzearena da. Ondoren, interneten argitaratu mundu guztiak ikus dezan. Ez al da lotsagarria? Ez al da moztu behar den zerbait? Non geratu da errespetua? Non galdu dira etika eta morala?
Nire iritziz, beti egon dira ahulekin sartu diren pertsonak, baina hori nolabait mugatzen saiatu izan da gizartea. Gaur egun, berriz, teknologia berriak erabiltzen dituzte gaizki egin duten hori harrokeria guztiz mundu osoari erakusteko. Hori al da aisialdira begira daukagun denbora pasa bakarra?
Sentimendu gabeko pertsonen inguruko dokumental bat ikusi nuen aurrekoan eta izugarri harritu ninduen bertan gazte batek esaten zuena aditzeak, berau jipoiak ematen aritzen zen horietako bat zen: “Zuri egiteak asko izorratzen du; gainera, gaizki geratzen zaraâ€. Harrigarria iruditzen zait, pertsona batek beretzat nahi ez duen hori beste bati egitea. Eta non daude gazte hauen gurasoak? Non daude gazte hauen irakasleak? Pertsonak hitz eginez ulertzen omen dute elkar eta, komunikazioaren aroa bizi dugunez, inoiz baino gehiago hitz egin beharko genukeela suposatzen da. Halere, gure jarrera eta jokaera oso bestelakoa dira; izan ere, komunikazioa oso murritza da, bai seme-alabek gurasoekin dutena, bai orokorrean gizartean dagoena. Horrek ez du esan nahi salbuespenik ez dagoenik, baina orokorrean pertsona axolagabeak gara, gurea besterik ikusten ez dugun pertsona axolagabeak. Teknologia eta modernitatea, bai! Horri garrantzia ematen diogu, baina adiskidetasuna, behar duenari laguntzea (guri sakrifizio bat eskatzen badigu ere) eta antzeko kontzeptuak bazterrera botata uzten ditugu, ez diegu garrantzirik ematen. Horregatik uste dut gure gizartea gaizki doala, aurreiritziz josiriko pertsona ezmoralak garela eta benetan garrantzitsuak diren gaiez ez dela inor arduratzen.
Iruzkin berriak