About eztimaddi

Author Archive | eztimaddi

Euskararen Nazioarteko Eguna

euskararen_egunaGaur, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen ari gara urtero bezala. Hizkuntza baten bizitza ezin da egun bakar bateko festaz omendu, ordea. Funtsean, egunero-egunero erabiliz egin diezaiekegu gure hizkuntza eta euskaldunei gorazarre onena. Ez da erraza zenbaitetan, baina hor dago gakoa: egunerokotasunean frogatzen da norberak mintzaira zabaltzearren egiten duen saiakera, ez bakarrik gaurko egunean, baita biharkoan ere. Era berean, mapek garbi adierazi ohi dute euskararen egungo egoera. Situazio hori aldatzea, hoberako ahal izanez gero, denon esku dago.

Gure altxorra den mintzairaren izatea ospatzeko hainbat ekimen ospatzen da urtean zehar. Horien artean, Korrika eta Ikastolek antolaturiko hainbat festa ditugu, besteak beste. Lehena, AEK-k antolaturiko Euskal Herri mailako lasterketa da, non lekuko bat eskuz esku igaro ostean, euskaldun ezagun batenganaino iritsi eta honek mezu bat irakurtzen duen. Bestetik, ezinezkoa zaigu euskararen zabalkuntzan Ikastolen parte hartzea aipatu gabe utzi; hain zuzen ere, horien lanagatik izan ez balitz, gutariko askoren hizkuntza euskara ez den beste edozein izango bailitzateke. Gainera, euskararen aldeko zenbait jairen sortzaile ere izan dira: Kilometroak, Nafarroa Oinez, Herri Urrats, Araba Euskaraz eta Ibilaldia, esaterako. Festa hauek guztiek euskararen hedapenari ematen dioten bultzadatxoa eskertzekoa da. Halaber, goresteko modukoa da euskaltegien jarduna. Euskaldun zahar eta berriek denok batera baino ezin baikenezake Euskal Herri euskaldun bat lortu.

Ezin ahantz dezakegu Aitorren hizkuntz zaharra txikienei helarazteko garaian erabilitako pertsonaia maitagarria: Argitxo iratxoa. Ume-umetatik jarri zaigu dir-dira begietan bere izena entzutean. Kriseiluaz erakutsi zigun euskararanzko bidea eta bere txano gorriaren txintxarriaren zaratari segiz, kamino horretan murgildu gara. Haurrei egiteko euskaraz, orain eta gero, eskatzen zien Argitxoren kantuak eta makina bat gara abestiaren hitza betetakoak. Ondorengoak ere ez dira gutxiago izango.

armarriaHala ere, euskaldunon elkartasuna ez da Euskal Herrira bakarrik mugatu. Izan ere, historian zehar hainbat euskaldun arrazoi ezberdinegatik kanpora joan beharrean izan dira, munduan zehar sakabanaturik. Guztiarekin ere, banaketa horrek ez du euren jatorriaren ahaztura ekarri, euren sustraiak non dauden ondotxo baitakite. Horren adibide ditugu hainbat herrialdetan zehar banatuta dauden euskal etxeak.

Gaur Euskal Herrian Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen ari garen bezala, munduko hainbat txokotan ere ekintza honetan parte hartu dute. Adibide garbiena, baina ez bakarra, Bartzelonako euskal etxea dugu, non bai gaurko, eta bai datorren asterako hainbat ekintza antolatu dituzten, besteak beste, euskarazko bideo emanaldiak, Durangoko azokara irteera…

Amaitzeko, gaurkoa bezalako eguna ospatzea hainbat euskaltzaleri zor diegu. Aurrez aipaturiko ekimen guztiez gain, euskaltzale askok eman baitu bere biziaren zati handi bat euskararen normalkuntza ikustearren. Baina, berriz ere, etxeko andre, mediku, musikari, artista, zerbitzari… guztion lana izan da, da eta izango da, euskara bizitzako une guztietan modu normal eta naturalean erabiliz, normalizazio osora ailegatzea. Denok egin dezakegu zerbait, zerbait hori gutxi bada ere. Beraz, gaurko gogoeta izan daitekeen galdera botatzen dugu: nor da euskaldunetan nazioartekoena?

Horretaz gain, euskaljakintzatik euskarari bai emateaz gain, gure hizkuntzarekiko konpromiso batzuk hartzera gonbidatu nahi zaituztegu. Zuek aukeratu zer nolakoak izango diren; hori bai, eguneko joan-etorri guztietan betetzeko modukoak izan daitezela aholkatzen dizuegu. Zer konpromiso hartzeko prest zaude?

Comments { 7 }

Mikel Laboa: agur eta ohore!

LaboaIkastolan jaso dugu euskaldunon bihotzetan zulotxo estalezina utzi duen berri auhendagarria (zulotxo diogu, leize itsuaren zatirik handiena bere abestiek beteko baitute). Jangelan albistea jaso dugunetik, sabeletik datorren sentipen mingarri bat jabetu da gure izateaz. Irakasleei gertakariaren berri eman diegunean ere erreakzioa ez da oso bestelakoa izan; izan ere, guztiok geratu gara laboazurtz. Sarritan gertatzen zaigu, Mikel Laboa bezalako pertsonekin, batik bat, inoiz ez direla hilko aintzat hartzea. Badirudi, beti hor izango ditugula pentsatzen dugula eta gure artetik joan arte, ez garela jabetzen noizbait amaitu egingo dela. Zorionez, Laboaren gisako artistak ez dira Herioaren besoetan desagertzen, arrastoa utzi duten bihotzetan geratzen baitira. Artista apartaz gain, pertsona bikaina zela diote ezagutu zutenek. Horrelakoa egin zuen bizitzak.

Euskaldun jator hau 1934ko ekainaren 15ean jaio zen Donostian. Handik gutxira hasi zen Gerra Zibilaren ondorioz, aita Bordelera erbesteratu eta ama seme-alabekin Gardatara (Lekeitio-Ispaster) joan zen. Behin Donostiara itzulita, Batxilergoa amaitu eta medikuntza ikastea erabaki zuen. Han eta hemen bueltaka ibili eta gero, 1967an haur neuropsikiatrian espezializatu zen.

Etxean, Gabonetan abesteko ohitura zuten eta, koinatuak bultzatuta, gitarra jotzen ikasi zuen. Horrela, jende aurrean euskaraz kantatzen hasi zen, zentsura zela eta bere lehen diskoak Iparraldean grabatuz.

MikelKatalunian zegoela, Nova Canço musika mugimendua ezagutu zuen eta Iparraldeko herri musikarekiko interesa piztu zitzaion. Hari hartatik tiraka, J.A. Artze, Jexux Artze, Jose Angel Irigarai, Lourdes Iriondo, Julen Lekuona, Benito Lertxundi eta Xabier Leterekin “Ez Dok Amairu” taldea osatu zuen, euskara eta euskal kulturari bultzadatxoa emanez.

Geroztik, euskaldunon ikur bilakatu diren hainbat kantu abesten ikusi dugu, besteak beste, Txoria Txori, Izarren hautsa, Haika mutil eta Ez nau izutzen negu hurbilak.

Dudarik gabe, beste musikagile gutxik lortu dute Laboak utzi duen arrastoa uztea. Hizkuntzaren aberastasunez baliatuta kantu benetan ederrak utzi dizkigu. Ez hori bakarrik, euskara eta Euskal Herri askea aurrera ateratzeko ekimen horretan bideko sasiak kentzen erakutsi digu, geurea denagatik borrokatzen.

Euskal kulturari emaniko guztiarekin batera ulertu behar dugu Euskal Herriari eskaini zion guztia. Hil aurretik berak hainbeste irrikatutako Euskal Herrian biziko zela egiten zuen amets, hegoak ebaki gabeko txoria izango zela. Hegoak ebaki zizkioten, ordea, eta ez zen gehiago txoria izango. Guk, doluminez beterik, txoria maite genuen, maite dugu eta maiteko dugu, bere txorrotxioa gure seme-alaben belarri eta bihotzetaraino hel dadin. Agur eta ohore!

Comments { 3 }
-->