About iker

Author Archive | iker

Kolosala izango da – JOSEBA SARRIONANDIA

Joseba SarrionandiaJoseba Sarrionandia Uribelarrea Iurretan jaio zen 1958ko apirilaren 13an. Euskal Filologian lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean eta fonetikako irakasle izan zen Bergarako UNEDen. Anaitasuna, Ibaizabal eta Zeruko Argia aldizkarietan argitaratu zituen bere lanak. Garai hartan, Pott bandaren kideetako bat izan zen. 1980an kartzelaratu egin zuten ETAko kidea izateagatik. Epaitu eta hogeita zortzi urteko espetxe zigorra ezarri zioten. Urte berean hiru sari irabazi zituen, Maggie indazu kamamila eta Enperadore eroa ipuinekin eta Izuen gordelekuan barrena poema bildumarekin.

1985eko uztailaren 7an Martuteneko espetxetik ihes egitea lortu zuen, bertan izan zen kontzertua amaitu ondoren bafle batean sartuta. Ordudanik erbestean bizi da, baina literaturarekin itzultzen da gure artera. Bidaia horietan, Narrazioak (1983), Ni ez naiz hemengoa(1985), Marinel zaharrak (1987), Ainhoari gutunak (1990), Hezurrezko xirulak (1991), Gartzelako poema (1992), Hnuy illa nyha yahoo (1995), Hitzen ondoeza (1997), Lagun izoztua(2001) eta Kolosala izango da (2003) izan dira erabili dituen pasaporterik ezagunetakoak.

Nik irakurri dudan liburua azken hau izan da, Kolosala izango da eta laburpentxo bat egin aurretik gustatu zaidala esan beharra daukat. Bertan narratzen den istorioa 1936ko Espainiako gerra giroan kokatzen da eta Kalaportuko herrian bizi diren 11 urteko ume batzuen begietan islatzen du Espainiako Gerra Zibila.

Liburuko protagonista 11 urteko ume bat da eta bere lagun Joxe Marirekin bizitako momentuak adierazten dira gehienbat istorioan. 1936ko uztailaren 19an, aita “lanera” zihoala esan zuen Ferrolera edo Santanderrera eta ordudanik gauza asko aldatu ziren euren egunerokotasunean. Irratian gerra hasi zela esaten zuten baina bi gaztetxoek ez zuten ulertzen nongo gerra hasi zen, beraiek ez baitzuten ikusi inor hiltzen. Bazekiten, Espainian II. Errepublika zegoela eta azken hauteskundeak Frente Popularrak irabazi zituela, baina beraiek ez zekiten nortzuk ziren errebelatu zirenak.

Herria errepublikarekin zegoen, besteek alde egin baitzuten. Noizbehinka, Karl Marxen irudia zuen kamioi baten atzetik joanda, tiroak praktikatzen ikusten zituzten milizianoak eta, belardian ezkutatuz, beraien tresna xumeekin ere punteria praktikatzen zuten bi umeek.

Hasieran, gerra ez zela inoiz iritsiko pentsatzen zuten baina, egun batean, Nafarrak iritsi ziren oso ondo prestatuta eta herriko errepublikazaleak erresistentziarik gabe errenditu ziren. Orduan, aita iritsi zen eta dena ondo atera zela esanez, Bilbora zihoala adierazi zuen. Herrian gerra amaitu zenean, ohartu zen aita Alzamiento Nazionalekoa zela eta irakasle berriak Falangekoak. Eskoletan jende asko falta zen eta klaseak emateko moduak erabat aldatu ziren. Kaleetan Dios, Patria, Rey entzun zitekeen batzuen ahoetan eta besteenetan Franco, Franco, Franco.

Honela, herriko eta etxeko giroa asko aldatzen da eta, azkenean, kaleetan zeuden falangeetako guardiekin hitz egin ere egiten zuten gaztetxoek. Hauek umeei ea zertaz hitz egiten ari ziren galdetzean, bi umeek Alemaniako Cirque Krone zirkuaz hitz egiten ari zirela zioten eta alemanek, Frantzia okupatuta zutenez, lehenago iritsiko zirela pentsatzen zutela.

Laburpentxo honek grina sortu badizue, eskatu iezadazue liburua eta gustura utziko dizuet. Oso erraz irakurtzen da eta, besterik gabe, gomendatzen dizuet.

Comments { 0 }

Distribuzio alternatiboa

Lehengo batean, Anarirekin egon nintzen hitz egiten gaur egungo musika taldeek beraien diskoak editatu eta zabaltzeko duten aukerez. Eta Aste Santuko oporren ondoren, korridorean ikusi nuenean, disketxe berri baten berri eman zidan MusikHerria izena duena.
Honela, agian, ezagutzen ez duzuen beste distribuzio mota bati buruz hitz egingo dizuet eta aipatutako disketxeaz ere mintzatuko naiz.

Jende askok ez du ezagutzen zer den distribuzio alternatiboa, edo beste era batean esanda, ez komertziala. Horregatik, aukera aparta iruditu zait MusikHerria abiapuntutzat hartuz, hau azaltzea, nahiz eta hauek bezala, talde asko ibiltzen diren duela urte askotatik musika era autogestionatuan banatzen.

Hasteko, esan behar dudana zera da, MusikHerriako partaideak ez dira disketxe bat kontsideratzen nahiz eta nik horrela deitu. Honela, edozein talde kulturalaren antzera, beraien filosofia dute, eta hau mugimendu ez komertzialarekin bat etortzen da. Kulturaren barneko jabego intelektualaren merkatuaren aurka azaltzen dira, hau da, merkatua ideien gainetik dagoen erakundeen aurka azaltzen dira, besteak beste, SGAE, SESAN eta gisakoekin parte hartzen dutenak, hauek gutxi batzuen mesedetan kultura pribatizatzen dutela esanez.

MusikHerriak musika zabaldu nahi duela dio eta jabegoa ulertzeko beste eredu bat sustatu, honen erdigunean musikariak egonda. Garbi dago, ez direla lehenengoak musikaren autokudeaketan ibili direnak, baina beraiek esaten duten bezala “beste saiakera bat gara”.

Musikaren mundu zabalaren barnean sartzen bagara, merkatu komertzial oso zabala aurkitzen dugu, eta horregatik, merkatu honen gainean daudenak oso konpentitiboak izan beharra dute beraien komertzioa aurrera atera ahal izateko. Hau honela izanik, ikuspuntu kulturala ezabatzen dela pentsa daiteke, kulturaren eta musikaren eszenatoki zabala ikusi beharrean, ikuspuntu ekonomikoa ikustea soilik baitute helburu.

Honen aurrean, MusikHerria bezalako erakundeak jarrera ezberdinak hartzen dituzte musikaren zabalpenaren mesedetan. Hauen ustez, musika herri kulturaren adierazpena da, eta hau honela izanik, musikaren esentzia oso merkea dela diote (aspektu ekonomikoa begiratuz), beraien lana, herriaren ahotik jaso dutena debalde izanik, herriaren belarrietara debalde iristea dela diote. Honela, disketxe komertzialek egiten dutena alde batera utziz, ez dute inolako etekin ekonomikorik ateratzen eta bertan sarturik dauden 70 taldeek erabakiak sozializatuz eta aurrera eramanez, musika taldeen alternatiba bezala azaltzen eta jarduten dute. Hauen lanek copyleft lizentzia dute, hau da, kopiatu eta banatzeko eskubidea dago baina etekin ekonomikorik ateratzeko asmorik gabe. Beraiek banatutako diskoak 3-4 eurotan salduko dituztela diote, beraien pentsakerarekin kontsekuenteak izanez, eta, lehen esan bezala, modu librean eta autogestionatuan jende gazteari aukera eman ahal izateko helburuarekin jardungo dutela ziurtatu dute.

Hau dena esan ondoren, amaitu dudala pentsatzen dut. Baina distribuzio alternatiboaz zerbait gehiago jakin nahi baduzue, klikatu ezazue hemen eta era zabalago batean azalduta agertuko zaizue.

Comments { 2 }

Frantziako lehen kontratuaren aurkako mobilizazio historikoak

Frantziako mobilizazioak Entzunda eta ikusita izango duzuen bezala, Frantziako ikasleak eta zenbait sindikatu mobilizazio ugari ari dira egiten Dominique de Villepinek, Frantziako lehen ministroak, martxan jarri nahi duen lehen kontratuaren aurka. Lehen kontratu hau 26 urte baino gutxiago dutenei zuzendua dago eta, funtsean ondorengoa dakar: 2 urteko iraupena duen kontratu batean, inolako kalte ordainik gabe kaleratzeko eskubidea ematen dio enpresa buruari.

Gauzak honela daudela, 3 milioi pertsonatik gora mobilizatu dira kontratu honen abolizioa eskatuz. Baina Villepinek esan duenez, kontratua ez da kenduko nahiz eta zenbait gauza eztabaidatzeko alde agertu den. Sindikatu gehienek eta ikasleek mahai inguru batean biltzeari uko egin diote eta lehen kontratua bertan behera uzteko eskatu diote Frantziako lehen ministroari.

Egoera honen aurrean, jendeak bere iritzi propioak plazaratu ditu eta batzuek diotenez, Le Pen eta faxismoaren aurka 2002ko maiatzean egin ziren protestekin konparatu dute. Beste batzuek, berriz, 1968ko maiatzaren 2an Parisen hasitako mobilizazioekin.

Baina egoera horrela dagoela, ikasleoi batez ere eragingo dizkien kalteak zein izan daitezkeen ikusita, erreflexio bat merezi duela pentsatzen dut. Horregatik zuen iritzia eskatzen dizuet denon artean eztabaidatu ahal izateko.

Hau dena esan ondoren, artikulu oso interesgarri bat aurkitu dudala esan nahi nizueke, bertan munduko ikasleen borrokaz mintzatzen da historian zehar pasa diren gertakariak azalduz.

Comments { 9 }
-->