About irene.usabiaga

Author Archive | irene.usabiaga

Zigorrik gabe zigortuak

Aparatu juridikoak inposatzen dituen zigor penalak ez dira eskuarki uste direna: praktika garden eta delitua kontrolatzeko ekintza hutsak. Gaur egun, zigorra bizitza sozialaren arazo sakona da eta ez da aintzakotzat hartzen. Dena delako zigor, isun edota neurriek ezertarako balio ez duten ustea gero eta hedatuagoa da gure gizartean, eta pentsamendu hau haurren heziketara ere iritsi da.

Durkheimen teoriak dioen bezala, gaztigua sozietatearen orden moralarekin erlazionatuta dago, behar sozial bat da. Soziologo frantsesaren iritziz, zigorrik ez egoteak hiritarren arau moralak honda ditzake eta, zer esanik ez, punizio hauek autoritate-hezigarri batean kokatuko bagenitu. Bizkitartean, Benjamin Spockek, 50. hamarkadan, hain arrakastatsua izan zen “Gurasoen gidaliburua” argitaratu zuenean, ekintza hauek benetan modu diziplinagarritzat erabil zitezkeen edo ez zalantzan jarri zuen. Autoritatearen zorroztasuna kolokan jarri zuen, eta honek are eta zulo handiagoa egin dio orden moralari.

Duela ez asko gaztelaniako eskola batean, gai honi buruz hitz egiten zuen testu bat landu behar izan genuen. Bertan gurasoen autoritate falta aurpegiratzen zuen Juan Carlos Tedesco hezitzaile eta pedagogo argentinarrak. Spockek proposaturiko autoritate ezak kalteak besterik ez zekartzala adierazten zuen. Fernando Savaterrek, aldiz, seme-alaben lagun izan nahi duten gurasoak edota hauen sekretu guztiak dakizkitela uste dutenak balio gutxikoak direla adierazten zuen.

Testu hartatik esaldi batek piztu zuen nire arreta: “Haurrak helduak izan daitezen hezi behar dira eta ez umeak izaten jarrai dezaten. Hobeto haz daitezen hezi behar dira eta ez haz ez daitezen”. Nire uste apalean, testuaren autoreak arrazoi du, eta horretarako zigorra ezinbestekoa da. Badirudi ekintza hau zerbait lotsagarri, negatibo edota irrazionala dela, baina zuzendu eta normalizatzeko modu positibo bat ere izan daiteke.

Azatz beretik jarraituz, aipatu beharrekoa da txikitatik autoritate falta izan duen gazte batek irakaslearen autoritatea ez onartzeko arriskua dagoela, eta zer esanik ez beste edozein nagusirena. Arau-hausteak ondorioa ez dakarrela ikasi duen haur batek edo sinpleki arauak izan ez dituen batek gizarteari oztopoa suposatuko diolakoan nago, eta hau azken finean gizarte osoarentzat da gaztigu.

Hitz gutxitan esanda, punizioak nahitaez erabili beharreko ekintzak dira gizartearen eta sozietatearen onerako eta gure orden moralari aurre egiteko. Hauek gabe gizarteak krisi larria jasango luke: zigorrik gabe zigortuak izango ginateke.

Comments { 0 }

Afiziorik gabeko tradizioa

Ordiziako Klasika (Prueba Villafranca) Ordizian, Gipuzkoan, jokatzen den lineako txirrindularitza proba da eta uztailean ospatzen da, herriko festekin batera. 1922an ospatu zen lehen aldiz, Francisco Sarasola garaile izan zela. Harrezkero, urtero-urtero jokatu da 1936 eta 1937 urteetan izan ezik (Espainiako Gerra Zibila). 2010ekoa 88. edizioa izan zen. Lasterketa ezagun hau Espainiako zaharrena kontsideratzen da eta mundu mailako hirugarrena, Milan-San Remo eta Flandriako Tourraren atzetik. Gainera, 2005. urtetik aurrera, UCI Europe Tour-en barruan dago, 1.1 kategorian.

Azken edizioan garaile suertatu zen txirrindularia Gorka Izagirre ormaiztegiarra da. Profesional mailara igaro aurretik, Ordiziako Txirrindulari Elkartetik (OTE) pasatu izandakoa da. Talde honek Goierri osoko partaideak izan ditu bertan. Benjamin mailatik hasi (8-9 urte) eta jubenil mailara (17-18 urte) bitarteko gazteak biltzen dituen elkarte honetatik hainbat ordiziar pasatu den arren, gaur egun ez dago bakar bat ere. Datu honek hurrengo gogoetara eraman nau: nola da posible kirol honekiko honelako tradizioa duen herri batean hain txirrindulari gutxi egotea?
Ni txirrindularia naiz, ordiziarra, eta barru-barrutik ezagutzen dut mundu hau. Lasterketa bat jokatzera kanpora irteten naizenean, aski ezaguna egiten zaio jendeari nire herria. Ospe hau, ia osotasunean, lasterketa honi zor zaio; edonola ere, ez dirudi hemen honek erakargarritasuna pizten duenik. Nor ez da txikitan triziklo edo bizikleta baten gainean aritu? Nork ez du kasketa bat izan amak bizikleta plazara eramaten utzi ez izanagatik? Zergatik, baina, uzten dugu bizikleta alde batera handitzen goazen heinean?

Agian, eragozpen nagusiena edo entzunena gaueko parranden murrizketa da, hau baita nire adineko gazteen artean txirrindularitza uzteko arrazoirik nagusiena. Gurasoak ere eragozpen nagusienen artean daude, euren seme-alabei errepidera irtetea galarazten baitiete trafikoa dela eta. Esanak esan, espainiar selekzioarekin Lazkaon aritu nintzenean, selekziokideak harriturik gelditu ziren hemen txirrindulariok nola errespetatzen gaituzten ikusita. Alde horretatik, beraz, ez legoke arazorik. Oraindik ere fidatzen ez direnentzat bidegorri zoragarri bat dagoela esan beharko nuke -bertan erritmo handira joan ezin daitekeen arren- Ordiziatik hasi eta Tolosaraino eta, beste aldetik, baita Ormaiztegiraino ere.

Hori horrela izanik ere, nire ustez, txirrindularitzak -eta kirolak orokorrean- ematen dizkizun abantaila nagusienak horren guztiaren gainetik daude. Irakasten dituzun edo ematen dizkizun baloreez ari naiz: esfortzurik gabe ez dela ezer lortzen, azken orduan prestatzen hasitako lanak emaitza nahikoa baina kaskarra ekar dezakeela, konstantzia, helburu batzuk lortzeko lan egitea, adiskidetasuna, kooperazioa, lehiakortasuna… Horiek dira aipagarrienak eta kirolerako zein eguneroko bizitzarako balio mugagabea dute. Bizitza beste ikuspuntu batez ikusten laguntzen dizuten baloreak dira. Hauez gain, ekarpen fisikoak ere badituela esan beharko nuke. Depresioaren eta, batez ere, estresaren gutxitzea baitakar. Hala bada, ni bezalako pertsonentzat, hots, pertsona urduri eta azkar estutzen direnentzat, energia hori guztia nonbait agortzeko bide ezin hobea da. Hori guztia gutxi balitz, gizentasunaren eta bizkarreko zein artikulazioetako minen aurkako jarduera bikaina da, baita D bitaminaren absortziorako eta minbiziarekin zein hiesarekin arazoak dituztenentzako ere.

Horrenbestez, non daukazu Olentzerok ekarritako bizikleta? Ez utzi garajean, hautsez bete dadin. 8 urtetik 18 urte bitartera badituzu, har ezazu zure bi gurpildun tramankulua eta etor zaitez gurekin txirrindularitzaz gozatzera. Ikastolako kirol-arduradunari adieraztea besterik ez duzu gurean egoteko. Zeren zain zaude?

Comments { 0 }

Igor Anton: “Beso bat apurtu nuen, baina okerragoa izan zitekeen”

Astearte guztiak bezalaxe, ingeleseko klasea amaituta historiakoa zetorren, baina astearte hartan ez nuen betiko errutinaz jardungo; izan ere, ingeleseko klasea amaitu bezain laster, etxerantz abiatu nintzen aipaturiko historiako eta biologiako klaseak galduz. Nolanahi ere, hutsegite honek pisuzko arrazoi bat zuen, Igor Anton txirrindulariari euskaljakintzarentzat egingo nion elkarrizketa gauzatzera bainindoan. Aurkezpen moduko lanak, hau da, jendaurrean hitz egitea suposatzen duten lanak, ez ditut inoiz gustuko izan; halere, oraingo hau ezberdina zen, Igor Anton ezagutzeko aukera izango bainuen. Beraz, inoiz baino gogo biziagoz egin nion aurre lanari.

Etxera ailegatzean, familiarekin batera bazkaldu eta Galdakaorantz abiatu ginen anaia eta biok, zein baino zein urduriago. Bidean uste baino ustekabe gehiago izan genituen eta bidaia zertxobait luzatu zitzaigun, hitzartutako orduan iritsi ginen arren. Orduan, Igorrek berak mezuan azpimarraturiko “elkarrizketa ez oso luzea” hitzak burura etorri zitzaizkidan eta aurretik nuen urduritasuna areagotu. Bertara ailegatu eta bere etxe azpian itxaron genuen minutu batzuez, azkenik txirrina jo eta azaldu zen arte. Elkarrizketa handik gertu zegoen parke batean gauzatuko genuela adostu eta solasean aritu ginen hara iritsi arte. Solasaldi honek nire urduritasun guztiak baretzeko balio izan zuen.

Igor Anton Hernandez, 1983ko martxoaren 3an, Galdakaon jaiotako txirrindulari euskalduna da. 2005ean profesional mailara pasa zenetik, Euskaltel-Euskadi taldean dihardu. Txirrindulari eskalatzailetzat har dezakegu, bere saio onenak lasterketa menditsuetan egin baititu. Kontuan hartzekoa da, profesional mailan irabazi dituen lasterketa guztiak mendi gora batean amaitzen zirela, besteak beste Romandiako, Suitzako,Gaztela eta Leongo edota Espainiako itzulietan lorturiko etapa garaipenak. Hau gutxi balitz, azken honetan 2010. urtean egun batzuez lidergoa ere lortu zuen, eroriko batengatik itzulia bertan behera utzi behar izan zuen arte.

1. etapa. Gaur egun, tontorraren gorenean dagoen txirrindulari profesionala zara, baina honaino iritsi aurretik ikasle izan zara. Ikasle ona al zinen? Bueno, normala. Ez nituen oso nota altuak ateratzen, baina beti gainditzen nituen kurtsoak. Unibertsitatera joateko gogoz gelditu nintzen, bizikletarekin buru-belarri nenbilelako; hala ere, goi-mailako ziklo bat egin nuen.
2. etapa. Zergatik txirrindularitza eta ez esku-pilota edo beste ezer? Agian, oso mugitua nintzelako, eta txirrindularitzak kaloria edo nerbio hori erretzea posible egiten zidalako. Txirrindularitzak askatasun hori eman zidan.
3. etapa. Zein izan zen zure lehen bizikleta eta zein ezberdintasun aurki ditzakegu gaur egun duzunarekin alderatuta? Nire lehenengo bizikleta “mountain bike” bat izan zen… Bueno, denon antzera triziklo batekin hasi nintzen, baina nire lehenengo bizikleta “mountain bikea” izan zen. Errepideko lehen bizikleta, aldiz, “Fuji” markako bizikleta bat izan zen, gaur egun nire ezizena dena. Aldaketei dagokienez, oso handiak izan dira: beti pentsatu izan ohi dugu bizikleta sinplea dela, baina beti hobetzen doa eta orain, adibidez, kanbio elektronikoa dugu.
4. etapa. Espainiako Itzuliko 4. etapan garaipena lortu zenuen. Gaztetako zein garaipen gogoratzen duzu gehien? Gazte nintzela? Bada, Gernika dut gogoan, 10 urte nituen eta nire lehengo garaipena izan zen. Momentu polita izan zen. Azkenean, txikitan irabaztea gehiago gustatzen zaizu, ezta? Gero, profesionaletan, lan bezala hartzen duzu eta, oraindik ere oso polita eta hunkigarria den arren, txikitan beti motibazioa ematen dizu irabazteak.
5. etapa. Nolakoa izan zen zure jubenil eta afizionatu mailako ibilbidea? Urte haiek garrantzitsuak dira, baina ez dira errazak, gogorrak baizik. Urte haietan bizikleta utzi behar izan zuten lagun batzuk ezagutzen ditut. Gauza asko alde batera utzi behar dituzu, festak adibidez; halere, niri gehiegi gustatzen zitzaidala gogoratzen dut. Hobby bat da, baina hori baino gehiago afizio bat. Urte haietatik urte politak gogoratzen ditut, baita gogorrak ere. Gero, jada, profesionaletara ailegatzen zarenean, zaila egiten da; dena den, errazagoa alde horretatik, ez daukazu burua beste gauza batzuetan.
6. etapa. 2004an azkenik, proba modura, Etorkizuneko Tourrean estreinatu zinen Euskaltel-Euskadirekin. Zer-nolako esperientzia izan zen hura? 2004. urtea oso polita izan zen. Afizionatu mailan nire hirugarren urtea zen eta segituan joan nintzen Europako Txapelketetara. Ondoren,Etorkizuneko Tourrean egon nintzen Euskaltelekin, eta hura opari bat izan zen niretzat. Gainera, horrez gain, Munduko Txapelketak ere jokatu nituen urte hartan eta han, jada, hurrengo urtean profesional mailara pasako nintzela esan zidaten. Hilabete pare haiek oso politak izan ziren.
7. etapa. 2005ean, berriz, ordurako ofizialki profesionala zinela, etapa bidezko lehen itzuli handian hartu zenuen parte, Italiako Giroan hain zuzen... Esperientzia gogorrena, politena eta intentsuena izan zen. Nire profesional mailako lehenengo urtean eta hain gaztea izanik, Italiako Girobatean parte hartzeak nire pentsamoldea aldatu zuen eta kirol hau zein gogorra eta, aldi berean, zein polita den ikustera eraman ninduen. Abentura bat bezalakoa izan zen Giro hura.
8. etapa. Itzuliekin bueltaka gabiltza, baina aste honetan (elkarrizketa egin zen uneari egiten dio erreferentzia) Munduko txapelketak jokatu dira Australian… Zuk itzuliak ala egun bateko lasterketak nahiago? Itzuliak. Normalean, egunez eguneko esfortzuarekin hobeto sentitzen naiz. Egun bateko probak ere ez itzuliak bezainbeste, baina gustatzen zaizkit. Aurten, Liège-Bastogne-Liège,Flecha Valona… probetan aritu naiz eta oso politak dira. Lonbardia, hemendik gutxira dagoen egun bateko proba ere, oso polita da; halere, niri benetan gustatzen zaidana hiru asteetako itzulietan parte hartzea da. Oso gogorrak dira, baina niri gehiago gustatzen zaizkit.
9. etapa. Urtean 20.000-30.000 km inguru egiten dituzu bizikleta gainean, nolakoa da zure entrenamendu egun bat? Denetarik dago, ez dira beti berdinak izaten. Jendeak askotan esaten dit: “Joe, zelako gogorra den hau!”. Baina, ez, ez da momenturo sufritzen egon behar. Egun politak ere badaude, adibidez, urteko lehenengo kilometroak. Lehen kilometro hauek pixkanaka egin behar dira martxa hartzeko, ez da beti motorra martxan eraman behar. Hala ere, badaude egun batzuk oso luzeak direnak. Nik, normalean, ez ditut sei ordu baino gehiagoko entrenamenduak egiten, baina noizbehinka egin behar dira.
ATSEDEN ETAPA. Etapa askotako itzulietan, ohikoa da atseden egunak izatea. Zu noiz iritsiko ote diren zain egoten zara ala bizikleta gainean gusturago? (Barre egiten du) Batzuetan zain egoten naiz. Egoera fisiko eta mentalaren araberakoa izaten da. Batzuetan egun horiek edatea bezain beharrezkoak izaten dituzu: hainbeste egun kanpoan, egunero esfortzu handi bat eginez… Honelako egunetan, siestak eta masaje onak behar izaten dituzu.
10. etapa. Berriro ere bizikleta gainean. Egun euritsuak, egun beroak, egun haizetsuak… Zeintzuk dira hobekien eramaten dituzunak eta zeintzuk jasaten ez dituzunak? Horretan nire gorputzak ezusteko bat eman dit. Nik betidanik esan dut egun txarrekin edo bustiekin ez nintzela ondo sentitzen; halere, oker nengoela konturatu naiz, hobeto eta guzti aritzen naizela hain zuzen ere. Nire garaipen askotan eguraldi oso txarra egin du. Romandiako Itzuliko etapa batean, esaterako, egun euritsua egin zuen, ia-ia elurra ari zuen, eta garaipena lortu nuen. Azken Espainiako Itzulian ere bero handia egin du eta ondo aritu naiz. Azkenean, gustura egon behar duzu. Nolanahi ere, gustukoena 20ºC eta erritmo lasaian joatea izango litzateke, baina hori ezin da (barre egiten du).

11. etapa. Espainiako Itzulian, zure bigarren etapa garaipena. Oraintxe aipatu duzu zure lehen garaipena Calar Alton izan zela, baina hori al da garaipenik garrantzitsuena edo badago besteren bat? Bai, nik beti esan dut nire Calar Altoko lehen garaipena dela garrantzitsuena, gaztetan izan zelako eta, batez ere, Espainiako Itzuliko etapa nagusienean lortu nuelako. Hori izango da beti niretzat garrantzitsuena. Agian, denborarekin, garaipen garrantzitsuagoak lortuko ditut, Frantziako Tour batean alegia; dena den, oraindaino nire garaipenik garrantzitsuena Calar Alton lortu nuena da. Beste garaipenak beste arlo batean dute garrantzia.
12. etapa. Eskuak altxatuta iritsi ez zarenen artean, zein garaipenekin amesten duzu? Denek diote Frantziako Tour batean garaipena lortzea dela dagoen handiena. Hala ere, badaude beste garaipen mota batzuk, Samuel Sanchezek olinpiar jokoetan lortu zuena, adibidez, edota munduko txapelketa bera. Nire eskuetan daudenen artean, berriz, Frantziako Tourreko etapa menditsuren bat edota Flecha Valona edo bestelako klasika garrantzitsuren bat izango litzateke egokiena.
13. etapa. Garaipen hauetan guztietan, zenbateko portzentaia da norberaren meritu propioa, eta zenbatekoa talde-lanarena? Zer da zuretzat zure taldea? Bada, handia izaten da. Esaterako, aurten Espainiako Itzulian, ni lider nindoala, nire taldearengatik izan ez balitz, ez nuen lidergoa mantentzea lortuko. Honelakoetan %100 taldearena da; beste batzuetan, aldiz, zuk egin behar duzu esfortzu hori. Horietan ere, halere, garrantzitsua da talde-lana.

14. etapa. Erorketa famatua! Norainoko eragina izan dezake zorteak honelako proba batean? Urte osoko lana une batetik bestera joaten ikusi zenuenean, zer pasatu zitzaizun burutik?Horrela da, bai; gure lana ez da beti entrenamendua eta dedikazioa. Baditugu beste gauza asko hain onak ez direnak, eta horien artean daude erorketak edo arrisku hori, behintzat. Etapak irabazi nituenean, trankil mantendu nintzen, erraza ez dela ohartuz, baina beti lasaitasunez. Jausi nintzenean, berdin. Azkenean, aurrera begiratu behar da. Beso bat apurtu nuen, baina okerragoa izan zitekeen; beraz, pozik alde batetik, eta, bestetik, amorratuta.
Zuretzat Itzulia hementxe amaitu zen arren, guk ez dugu elkarrizketa hemen utziko, Itzulia amaitu ez zen bezala. Beraz…
15. etapa. Erorketaren ondorengo eguna. Hortik aurrera, geratzen den aukera bakarra da ahalik eta azkarren errekuperatzea. Zer moduz doa errehabilitazioa? Noiz ikusiko zaitugu berriro ere bizikleta gainean? Ni bizikletaren gainean banago, baina nire etxean (barre egiten du). Arrabolarekin aritzen naiz pixkanaka, gorputza pixka bat mugitzeko behintzat… Eta errehabilitazioa, ondo doa. Ukondoa tolesteko mugimendu osoa egiteko ez zait asko falta. Horretan sei egun daramatzat eta orokorrean ondo doa. (Elkarrizketa urrian egindakoa da).
16. etapa. Mikel Nievek taldearen 17. garaipena lortu zuen etapa honetan, eta zuri eskaini zizun. Urte hasieran taldeko zuzendariak ezarritako helburuak betetzen ari al zarete? Bai, bai! Esan dezakegu Euskaltel-Euskadiren denboraldirik onenetariko bat izan dela aurtengo hau. Azkenean, 17 garaipen lortu ditugu, baina 8 txirrindulari ezberdinen artean. 8 txirrindulari ezberdin, 17 garaipen ezberdin. Samuel Sanchezek Frantziako Tourrean 3. egingo balu eta nik Espainiako Itzuli hau irabazi edo, behintzat, podiumean egon izan banintz, izugarria izango zen. Planifikazioa oso ona izan da. Lehen Italiako Giroa egiten genuen, eta aurten, hura kenduta, hobeto atera zaizkigu gauzak. Etxeko lasterketetan, adibidez, oso ondo aritu gara.
ATSEDEN ETAPA. Beste lasaitasunerako egun bat. Zure gurasoak ikusi genituen han. Egun hauek familiarekin gozatzeko aprobetxatzen dituzu? Gaur egun txirrindularia izango zinateke euren sostengua izan ez bazenu? Zer dira gurasoak zuretzat? Beraien esfortzua orain ez da ikusten. Urte asko pasa dira, baina momentu askotan zenbat goizean goiz jaikitze, zenbat desplazamendu… egin behar izan zituzten! Gogoan dut nire gurasoak Taillineraino (Estoniaraino) joan zirela ni ikusteko, eta horrek motibatu egiten zaitu. Hortaz aparte, momentu onak ere pasa izan dituzte. Aurten, adibidez, etapa garaipena eta lidergoa lortu nuen Espainiako Itzuliko Paleko etapan egon ziren, eta han nik baino gehiago disfrutatu zuten.
17. etapa. Banakako erlojupekoa, lasterketa teknikoa. Erlojupekoetan espezialista izateko txirrindulari indartsua edota zentzuduna da egokiena? Biak azken batean. Ni eskalatzailea naiz eta hori izango naiz beti. Puntu horretan hobetu egin beharra daukat. Beti egongo dira oso onak diren txirrindulari batzuk eta horiei irabaztea ezinezkoa egingo zait, edo oso zaila behintzat. Hala ere, nik ez dut inoiz ahaztu behar eskalatzailea naizela.
18. etapa. Etapa lauak, bistan konplikaziorik gabekoak, esprintean amaitzen dira asko. Ziurrenik, pendiente duzun arloa? Bai, laua edo ez laua. Tentsio hori da, haizearekin nola kolokatu… Normalean, esprintean, taldekideak eskulekua edo ukondoa sartzen dizute eta arriskua dago erorketaren bat eragiteko. Gainera, nire hankak mendiak igotzera ohituak daude, baina honelako momentuetan kostatu egiten zait eta kostatu egingo zait. Beti izango dut puntu gogor bat esprintarekin.
19. etapa. Itzuliaren amaierara ailegatzen ari gara eta nekea begibistakoa da. Etapa luzeetan zer eramaten da atzeko poltsikoan “pajara” famatuak ez izateko? Denetarik, azkenean beti barritak izatea neketsu bihurtzen da, eta, orduan, opil txikiak edo gominola antzeko batzuk eskatzen ditugu pixka bat aldatzeko. Gelak ere asko erabiltzen ditugu likidoak baitira eta erraz digeritzen baitira euren eragina azkartuz. Botellinean, berriz, uraz aparte, gatz mineralak edota karbohidratoak eramaten ditugu. Azkenean, beti betikoa izaten da, ez dago aldaketa posible askorik.

20. etapa. Munduko Bolara igo zineten egun honetan, eta honek etapa ikusgarri egiten zuen. Honelakoetan afizioak garrantzi handia izaten du. Zure ustez, non dago afiziorik onena? Hemen, Euskal Herrian, zorte handia dugu eta, afizioarengatik izango ez balitz, ez genuke Euskaltel-Euskadi edota horrelako lasterketa politik izango. Horrek guri motibazio handia ematen digu. Ikusi ditut beste afizio batzuk, Holandan eta Belgikan, kasu, baina ezberdinak dira. Han Klasikak eta galtzadarriko lasterketek dute afizio handia. Hauez gain, Alemanian ere egon da afizio ona. Hemen, Euskal Herrian, afizio aparta daukagu; zorte handikoak gara.

21. etapa. Jadanik itzulia amaituta, baina zure karrera profesionalari etapa asko geratzen zaizkio oraindik. Hurrengo urteari begira, non eta nola ikusten duzu zeure burua? Eta bizikleta uztean? Oraindik ez dakit zer egingo dudan hurrengo urtean, baina Italiako Giroa nire buruan dago. Nire ustez, derrigorrez egin beharko genukeen itzulia da. Frantziako Tourra, Italiako Giroa eta Espainiako Itzuliaren artean bi aukeratzekotan, Italiako Giroa eta Espainiako Itzulia ez lirateke aukera txarrak izango. Eta bueno, denborarekin bizikleta uzten dudanean, ez dakit, agian, mundu honetan sartuta lan egitea gustatuko litzaidake…

Kamera itzali eta bere ahotik atera ziren lehengo hitzak hauexek izan ziren: “Arin bukatu dugu, ba…” Honek nire hasierako dudak uxatu zituen eta, jarraian, argazki pare bat ateratzeko eta etxetik ekarritako beste argazki bat sinatzeko aprobetxatu genuen anaiak eta biok. Ondoren, berriro ere bere etxeranzko bidean beste solasaldi txiki bat gauzatu genuen, eta nire txirrindulari egoera goraipatu zuelarik iritsi ginen etxe atarira. Han agurtu eta bakoitza bere bidetik joan zen berriro ere.
Amaitzeko, egun ahaztezin hau posible egin duen Igorren taldekide den Gorka Izagirre ormaiztegiarrari ere eskerrak eman nahi dizkiot, hari esker izan bainuen Igor bezalako profesional batekin elkarrizketa hau gauzatzeko aukera. Eskerrik asko, beraz, zuri ere Gorka.

Igor Anton Euskaljakintzan from Maite Goñi on Vimeo.

Euskaljakintza 6ko Irene Usabiagak Igor Anton txirrindulariari egindako elkarrizketa.

Comments { 5 }
-->