About irodriguez

Author Archive | irodriguez

Andoni Agirregomezkorta: “Pertsona bakoitzak bere izaera propioa izan behar du eta hau besteengandik ikasiz lortzen da”

Azkenean iritsi zen horrenbeste desiratzen nuen eguna: Andoni Agirregomezkorta elkarrizketatzeko aukera izango nuen! Asko miresten dudan pertsona denez, zeharo urduri heldu nintzen EITBra, kamera bizkarrean hartuta. Nola agurtu? Nola jokatu? Ezagun izate hutsarengatik pertsona berezia edo goi- mailako norbait dela edo desberdin tratatu behar zaiola pentsa dezakegu, baina Andonik aurkakoa frogatu zigun, benetan jatorra baita. Nahiz eta leher eginda egon, lanean ari zela, tartetxo bat eskaini zigun.

Andoniri buruz asko ez dakienari adierazi diezaioket Andoni antzezle donostiarra dugula, eta gaur egun Vaya Semanitan lan egiten duela. Bere ibilbide profesionalari dagokionez, Tu a Tu eta A ze parea! antzezlanetan aritu da, besteak beste, baita Sorginen Laratza saioko zenbait sketchetan eta Hasiberriak telesailean ere.

Kaixo, Andoni! Eskerrik asko elkarrizketa honi tartetxo bat eskaintzeagatik. Zuei.

Beno, aipatu bezala antzezpen ikasketak burutu dituzu. Txikitatik al zenuen antzezle izateko grina hori? Bai. Beharbada kontzienteki, ez, baina betidanik gustatu zait antzezpena. Txikia nintzela, nire arreba nagusiak ikastolan egiten zituen antzezlanetako entseguetara joaten nintzen, eta asko gustatzen zitzaidan.

Horrez gain, hainbat iragarkitan parte hartu duzu Keler garagardoaren Epa! arrakastatsuan, adibidez, eta EITBrako spot askotan. Zer-nolako eragina izan dute zure bizitza profesionalean? Beste lanetarako ateak ireki dizkizute? Kelerren iragarkiaren kasuan, baietz esango nuke. Badakit, hura ikusita, orduan Vaya Semanitako zuzendari zena nitaz gogoratu zela. Beraz, gutxienez horretarako besterik izan ez bazen ere, balio izan zuen. Azkenen finean, ezagun egiten zara iragarki baten bidez. Eta oso garrantzitsua da bai jendeak eta bai lanbide honetan jarduten dutenek zu ikustea.

Onetik eta txarretik, denetik ikasten da

Izan al duzu inoiz zure bizitza profesionalean, zure esku balego, ezabatuko zenukeen egoera deserosoren bat? Beno, lanbide guztietan bezala, beti egoten da gauzaren bat itsusia. Baina beno, nik, ezabatu, ez nuke ezer ezabatuko. Onetik eta txarretik, denetik ikasten da. Eta txarrarekin bizitzen eta txarretik ikasten ere ikasi behar da.

Hasieran Oscar Terolek aurkezten zuen Vaya Semanita. Zer da burura datorkizun lehenengo gauza lan honen proposamena egiten dizutenean? Ardura handia eta ez dakit ez nukeen beldurra esango… (barreak) Nik ez nuen elkarrizketa bat egin sekula. Beno, kalean Jaiak saioan, bai. Baina pertsonaia ezagunei ez nien inoiz elkarrizketarik egin. Baliteke nik nire lana ondo egitea, baina, azkenean, zekitenek nigan konfiantza izan zuten eta itsu-itsuan onartu nuen.

Gero eta berrikuntza gehiago ditu saioak, antzezleei eta atalei dagokienez. Azalduko al dizkiguzu, zure ustez, alderdi onak eta txarrak? Zergatik eman zenituzten aldaketa horiek? Guk urtez urte egiten ditugu aldaketak, ahal izanez gero, noski. Gure ustez, programak oso freskoa izan behar du, eta, freskotasun horren ondorioz, atalak aldatu egiten dira. Beti izanen da atalen bat beste batek baino arrakasta handiagoa duena; beraz, erne egon behar izaten dugu jakiteko zeinek funtzionatzen duen eta zeinek ez, eta, hori ikusita, batzuk kendu eta besteak jartzeko. Batzuetan denek funtzionatzen dute eta ideia berriren bat dugunean, bada, aurrera…

andoni_agirregomezkortaVSko sketch ugaritan hartzen duzu parte, pertsonaia desberdinak jorratuz. Denen artean zein da, zure ustez, zure izaerarekin antza gehien duena? Uff ! (barreak) Nik esango nuke bat ere ez dagoela egiten ditudan guztietatik. Denak pertsonaia komikoak dira eta denek dituzte euren miseriak. Agian, guztiak hartuta, bakoitzetik atera genezake nire ezaugarriren bat. Dena den, ez dut uste inoren antza dudanik.

2006an Vaya Semanitak Ondas saria jaso zuen. Zer eman zizun horrek? Bultzakada handia. Momentu horretan urtebete pasatuta zen taldearen banaketa gertatu zenetik, hau da, momentu hartan oraindik urte bat generamatzan martxan. Horregatik, norbaitek “Bide onetik zoazte” esatea behar genuen oraindik, eta Ondas saria jasotzea zerbait gehiago izan zen. Niretzat oso-oso gauza ederra izan zen.

Saioko zein atal duzu gustukoen: Euskolegas, Javier Clementeren kontakizunak, Los Batasunis…? Oso ondo pasatzen nuen Euskolegas egiten, Vaya Semanitaren barruan. Baina, aurten, Euskolegas ez da gurekin egongo, euren izaera propioa hartu dute eta, hortaz, bere telesail propioa izango dute; izan ere, luzapen edo iraupen handiko pertsonaiak ditu. Programaren barruan bi denboraldi uste dut izan direla. Gainera, harro sentiarazten nau arrakasta izateak eta horretaz baliatzeak telesail bat egiteko. Benetan gauza polita izan da.

Ba al duzu norbait eredutzat zure lanean jarduteko? Ez dut zehazki inor begiz jotzen. Pertsonaiekin bezala, nik miresten ditudan aktoreen edo lanbide honetan ibiltzen direnen artean, beti dago baten bat gustatzen zaidan ezaugarriren batekin eta bakoitzetik pixka bat hartzen dut. Baina ez dut esaten: “Begira, nik honek bezala jokatuko dut edo saiatuko naiz hau bezala izaten”. Eta azkenean aktore bakoitzak, beno, pertsona bakoitzak, bere izaera propioa izan behar du eta hau besteengandik ikasiz lortzen da.

Vaya Semanitako taldeaNola daramazu ezagun izatea eta jendeak kaletik ezagutzea? Batzuetan gogorragoa da, besteetan hobea. Programa komiko bat egitearen zortea dut; eta, beraz, pertsona gehienek (denak ez esateagatik) modu onean hurbiltzen zaizkit, irribarre batez, zoriontzeko asmoz. Baina, noski, nik ere baditut nire egun txarrak eta tarteka norbait hurbiltzen zait, txiste bat kontatuko diodalakoan, eta ez diot egiten. Baina, dena den, beti saiatzen naiz zintzo jokatzen jendearekin, inor ez dut gaizki tratatzen mundu guztia etortzen zaidalako modu onean eta, gutxienez, ondo trata dezadan merezi dutelako. Hala ere, badira bakarrik egon nahi duzun egunak eta, ezagun zarenean, zaila izaten da, mendira joan ezean. Askotan semearekin nabil herritik eta semeaz gozatu nahi izaten dut, lasai-lasai; baina beti sentitzen dut begiren bat edo beste niri begira. Beraz, batzuetan gogorra da. Azkenean, mundu honetan lan egiten duen batek jakin behar du hau gertatuko dela eta aurrera egin.

Nola edo non ikusten duzu zeure burua hemendik urte batzuetara? Beste zerbaitetan aritzea pentsatu duzu inoiz? Noski, Vaya Semanita ez da betiko izango, noizbait bukatu egingo da. Saioa jada dezente ari da luzatzen, gaur egun ez baitaude programa asko emititzen sei urte daramatzatenik. Beraz, bai, gero beste zerbait egin beharko dut. Zer izango den ez dakit, baina horretarako ere bat prest egon behar da eta nik ere prestatu behar dut pixka bat momentu horretarako, Vaya Semanita bukatzen denerako. Beste zerbaitetan aritu beharko naiz; dena den, beste horren zain egon beharrean, nahiago dut horren bila joan. Ez dakit zer izango den. Ahal izanez gero, telebista gehiago; bestela, antzerkia ere faltan botatzen dut.

Laneko kontuak alde batera utzita, zure aisialdian zer duzu gustuko? Lasai egotea. Jendeak kaletik ikusten gaitu eta gu oso ondo bizi garela pentsatzen du. Baina ni eta nire lankide guztiak ia-ia hemen, Miramonen, bizi gara, etxera joan gabe (barreak). Beraz, lana ez dudanean, etxean lasai egotea, etxe inguruan ibiltzea edo, ez dakit, asteburu pasa joatea gustatzen zait.

Bat bere buruaz eta egin dezakeenaz ziur egon behar du.

Eta, bukatzeko, emango al zeniguke aholkuren bat zureak bezalako elkarrizketa borobilak egiteko? Batez ere, bat bere buruaz eta egin dezakeenaz ziur egon behar du, eta lasai. Azken finean, aurrez aurre daukaguna beste pertsona bat da, gu bezala, bere akats eta bertuteekin. Beraz, gureak ulertzen ere jakingo du. Lasaitasunez hartu behar dira gauzak.
Beno, bada, eskerrik asko eta zorte on! Zuri.

Elkarrizketarekin amaitu genuenean, Andoniri eskerrak eman besterik ez nuela uste nuen. Baina hori ustekabea! EITBko telesail eta saio desberdinak grabatzen diren guneak erakutsi zizkidan! Hau guztia dela eta, eskerrak eman nahi dizkiot Andoniri eskainiriko aukera honengatik eta bere bizitzaren zatitxo bat gurekin partekatzeagatik. Hitzordu honen bidez frogatu digu distira handia duen izarra dela; bai profesionalki, eta baita pertsonalki ere!

Comments { 3 }

Aerofobia, egun gaindi daitekeen gaixotasuna

AerofobiaGaur egun hegazkinak oso arruntak dira, erabilerari dagokionez; izan ere, bai lana bezalako beharrizanetarako, bai oporretara joateko, denok jotzen baitugu 1903an Wright anaiek sortu zuten garraio hau erabiltzera. Baina nahiz eta hegazkina garraiobiderik seguruena izan, azkenaldi honetan izan dira oihartzun handiko istripu larriak, Concorde-arena, esaterako. 2000. urtean, Frantzian, hegazkin erraldoi honek pistan zegoen txapa bat zapaldu zuen aireratzen ari zenean hegoaren depositua errez. Pilotuak hegazkinaren kontrola galdu zuen eta, ondorioz, Gonesse hotelaren kontra jo zuen 113 hildako suertatuz. Edo, gertuago denboran, aurten gertaturiko Spanair konpainiakoa, Madrilen, eta Aeroflot konpainiakoa, Rusian. 150 hildako inguru izan ziren lehenengoan eta 88 pertsona zendu ziren bigarrengoan.

Dena den, hauek guztiak ez dira datu soilak, kontuan izan behar baititugu hildako hauen senide zein bestelako edonori sortutako arazo psikologikoak. Pertsona batzuek, horrelakoak entzun ondoren, beldurra sentitzen dute hegazkin bat ikusi hutsarekin. Horrelako pertsonek aerofobia dute, hau da, hegazkin bidez bidaiatzearen beldur dira. Adituek eginiko ikerketa baten arabera, Espainiako biztanleriaren %17k pairatzen du gaixotasun hau. Ziur nago aerofobia duen norbaitek edozer emango lukeela autoan joaten deneko lasaitasunaz bidaiatzeko hegazkin batean.

Hori guztia dela eta, adituek paniko sentsazio hori kontrolatzeko gomendatzen dituzten sistemak erakutsi nahi dizkizuet. Lehenengoa, eta pauso guztietan garrantzitsuena, buruko kontrola da. Aerofobia duen pertsona baten arazorik larriena imajinazioa da; izan ere, behin norbaitek esan zuenez, “logika eta imajinazioa gatazkan daudenean, beti imajinazioak irabazten du”. Gauzarik okerrena gertatuko delakoan daude eta oso gaizki pasatzen dute, ez baitzaie erraza egiten “hegan egiten duen metalezko kaxa batean” sartzea. Horrelakoetan, arnasketa sakona burutzea eta lasaitzea aholkatzen da, nahiz eta zaila egin.

PanikoaHorretaz aparte, datu batzuk buruan garbi izatea ere oso onuragarria izan daiteke gaixotasun hau gainditzeko, besteak beste, pilotuak oso ondo prestatuta dauden profesionalak direla, hegazkina garraiobide guztien artean seguruena dela eta, kasurik okerrenean, hegazkinari zerbait gertatzen bazaio, segurtasun handiko baliabideak daudela.

Gainera, ahal izanez gero, konpainia izatea hegazkin bidezko bidaietan eta, hartara, beldurra partekatzea bezalako metodo erraza oso ona izan daiteke aerofobia duen gaixoarentzat; izan ere, elkarrizketa bat mantentzeak entretenitu eta lasaitu egin dezake pertsona hau. Dena den, beti egongo da erne eta urduri; ondorioz, aurreko bi metodoetara jo beharko du.

Azken aukera profesional baten aholkua eskatzea da. Horrelako arazoetan iaioa den adituarengana jo eta honek hemen adierazten den antzeko terapia bat antolatzen dio eriari. Bide hau aerofobia bizia dutenei baino ez zaie gomendatzen.

Aurreko guztia laburbilduz, zera esan daiteke: aerofobia gaur egun gaindi daitekeen gaixotasun psikologikoa da. Beraz, gogoratu: ekiozu arazo honi aurre egiteari!

Comments { 10 }
-->