About iusabiaga

Author Archive | iusabiaga

Ana Usabiagarekin solasean

Txikitatik kirol ugarietan murgildu izan naiz eta adin horretan eskaintzen zizkiguten kirolen zerrenda oso zabala zenez, ahal nuen guztietan ematen nuen izena, mahai-tenisean, saskibaloian, futbolean eta txirrindularitzan, besteak beste.… Horietan guztietan arituz, lagun ugari egin nituen eta, gainera, adiskidetasun hori ez zen kirol esparrura mugatu, oraindik beraiekin harremana baitut; beraz, ez dira edonolako lagunak!!

Gaurkoan, bereziki txirrindularitzaz jardungo gara. Jada ezaguna den Ana Usabiaga txikitatik izan dut kide eta hainbat pasarte bitxi baditugu ere, gure abizena eta gure ile horiaren antzekotasunagatik, gaurkoan bere oihartzunaz hitz egingo dugu. Hedabideetan barrena entzun genuen Ana Usabiagak 4 urre (500 metro, abiadura, keirin eta scratch) irabazi zituela Espainiako txapelketan, berau gure ikastolako kide denez eta harreman ona dudan seinale, elkarrizketa bat egitea bururatu zait, hona hemen hitz egindakoa:

Ana UsabiagaTXIKITAKO KONTUAK:

  • Txikitatik garbi ikusi al duzu txirrindularitzan jardun nahi zenuela?

Ez, hasieran ez. Txirrindularitzan 9 urterekin hasi nintzen eta, nahiz eta asko gustatu, banituen beste kirol batzuk gehiago gustatzen zitzaizkidanak, atletismoa eta futbola, esaterako. Baina 12 urterekin gutxi gorabehera konturatu nintzen niri gehien gustatzen zitzaidana bizikleta gainean ibiltzea zela eta txirrindularitza munduan jarraituko nuela hurrengo urteetan, behintzat.

  • Probetan hasi aurretik, zure anaiari ikustera joaten zinen, hortik piztu al zitzaizun barruko grina?

Bai. Anaia bizikletan hasi zen urtean ez nekien oso ondo zer zen txirrindularitza delako hori, baina niri berdin zitzaidan nik bera ikusi nahi nuen eta hori ikusita amak ez zuen beste erremediorik izan. Lasterketa guztietara eraman ninduen anaia ikustera eta zenbat eta gehiago joan, orduan eta gehiago gustatzen zitzaidan. Horregatik, amak hori ikusi zuenean, hurrengo urtean ni ere apuntatzea erabaki zuen.

  • Hainbat kolpe jasoa izana izango zara, denok bezala, lehen pedalkadetan. Oroitzen al duzu lehiaketetan hasi aurretiko kolpe gogorrik?

Kolpe gogorrekin, esan beharra dago, zorte handia izan dudala. Aurten izan dut izaugarrizko bat, baina hori kenduz gero, ez dut gehiagorik izan. Hori bai, erorikoak milaka. Gogoan dut nire lehenengo erorikoa. Kaladun zapatilak erosi berriak nituen eta estreinatzera atera nintzen kalera. Oraindik ez nekien oso ondo hankak pedalean sartzen eta ateratzen, baina poligonora joan nahi nuen han buelta batzuk ematera. Bertara iritsi baino lehenagoko bidegurutzean, kala ateratzen saiatu nintzen, baina alferrik. Ezin izan nuen atera eta lurrean bukatu nuen!

ORAIN ARTEKO BIDEA:

  • Pistaz aparte, beste hainbat modalitatetan aritua izan zara, hala nola, ziklokrosean. Zein duzu gustukoen?Zergatik?

Errepidearekin geldituko nintzateke. Errepidean gehiago gozatzen dut eta, gainera, bertan ditut oroitzapen onenak. Bestalde, neska gehiago gaude eta giro politagoa dago. Beste modalitateetan ere oso gustura aritzen naiz baina betidanik izan dut gustukoen errepidea, hala ere, ez da erraza bat aukeratzea hirurek baitute gauza bat besteengandik bereizten dutena.

  • Jubeniletako mailara iristean, neska gutxi izatean, zer pasa zitzaizun burutik mutilekin jarraitu edota nesken probetan Espainian barrena aritzea?

Beti izan dut oso garbi neskekin jarraitu nahi nuela lasterketetan parte hartzen nahiz eta horretarako Espainia osoan zehar ibili behar astebururo. Mutilekin korritzea oso ondo dago eta ahal dudan guztietan egiten dut, baina hautatzaileak zugan ohartzea nahi baduzu, neskekin korritzera behartuta zaude. Bertako neskak begiratzen baitituzte, zein den beraien maila. Aurten nire helburuetako bat Europako txapelketan parte hartzea da; beraz, hori lortu nahi badut neskekin korritu beharra daukat.

  • Kadete mailan ere irabaziak dituzu, lehengo urtean 5 domina. Zein egin zaizu zailago?

Pistan 500 metrotan lortu nuena. Urrea lortu banuen ere, 400 zentesimagatik irabaztea lortu nuen. 500 metroak bezalako proba motzetan horrelako distantziak egotea gure artean normala da baina nik pistan ez dut teknika handirik, orain arte ez baitiot garrantzi gehiegirik eman pistari. Proba horretan oso garrantzitsua da teknika ona izatea. Nire aurkari nagusia balearra zen eta han garrantzia handia ematen diote pistari; beraz, bera nahiko teknikoa dela esan daiteke eta nire beldurrik handiena irteeran ahalik eta denbora gutxien galtzea zen. Azkenean, lortu nuen nire helburua eta urrea irabaztea lortu nuen.

  • Etxe inguruan entrenatzen duzu, baina garrantzitsua al da taldearekin ere jardutea, lehiaketetako maila lortu ahal izateko? Maila ezberdina al da bertakoa kanpokoarekin alderatuta?

Normalean, bakarrik aritzen naiz entrenatzen eta norbaitekin topo egiten badut, berarekin bukatzen dut entrenamendua. Lehiaketa bat ondo prestatzeko ez da beharrezkoa taldekoekin aritzea, bakarrik entrenatzen ere lor daitezke helburuak. Hala ere, beti ondo etortzen da besteekin entrenatzea zure indarrak besteekin parekatu ahal izateko eta ikusteko gehiago estutu behar diozun zure gorputzari ala ez. Gaur egun, Espainiako nesken maila zoritxarrez nahiko baxua dela esan beharra dago. Espainiatik kanpora irtenez gero, konturatzen zara Espainian dagoen maila ez dela aproposena kanpoko txapelketetan aurrean ibiltzeko.

ESPAINIAKO TXAPELKETA:

  • Ba al zenuen ideiarik eskuan 4 urrezko medaila zenituela bueltatuko zinela Ordiziara?

Ez. Aurten nahiko “beldurturik� joan nintzen Espainiako txapelketetara. Apirilaren hasieran ospatuko zirela entzun nuenean, harritu egin nintzen, normalean ekainaren bukaeran edota uztailean ospatzen baitira. Denboraldia martxoan hasten da eta ni orduan lasaiago ibiltzen naiz. Denboraldia aurrera doan heinean, forma hartuz joaten naiz eta nire sasoirik onena urte bukaeran, hau da, uztailean eta abuztuan izaten dut. Denboraldia prestatzeko era asko daude eta batzuk nahiago izaten dute urte hasieran indartsuago egon eta bukaeran lasaiago bukatu. Horregatik, aurten Espainiako txapelketa hain goiz izanda, beldur nintzen zein sasoitan azalduko nintzen. Entrenamenduetan oso ondo ikusi nuen neure burua baina ez nuen pentsatzen 4 urre etxera ekartzeko moduan aurkituko nintzenik.

  • Zein izan da domina bereziena?

Scratcha. Bertan hiru euskaldun atera ginen. Hirurak geunden faborito nagusien artean eta hirurak geunden irabazteko aukera handiekin. Hautatzaileak bakoitzari lan bat jarri zigun proban. Nik sprint ona nuenez, nirekin arriskatu egingo zirela esan zidaten eta beste biek eskapada bilatzen saiatu behar zuten. Proba bukaeran talde osoa iritsiko bagina, beste biek niri lagunduko zidaten, ni sprintean sartzeko eta beraiek eskapadan bazeuden nik eta geratzen zen beste euskaldunak, tropelaren erritmoa jaitsiko genuen aurrekoak distantzia hartzeko. Proban zehar ihesaldi ugari egon baziren ere, ez zen lortu ihesaldia helmugara iristea. 3 itzuli falta zirela, denak genekien sprintean iritsiko ginela eta azkeneko itzulian taldekide batek izugarrizko lana egin ondoren, garaipena esku-eskuan utzi zidan berak bigarren postua lortuz. Izugarrizko poza eman zidan selekzioko kide guztiak pozik eta saltoka nire garaipena ospatzen ikusteak.

  • Izugarria izan behar da jaso duzun laguntza, bultzada eta animuak familiako eta ingurukoen aldetik. Chiclanan familia osoa egon al zen zu babesten?

Bai. Han izan nituen gurasoak eta nire ahizpa. Anaiak bere taldearekin kontzentrazioa zuen eta ezin izan zuen joan, baina besteak han nituen. Selekzioko besteen gurasoak ere han zeuden eta horiek ere gogor aritu ziren animatzen. Horiek ere sekulako animuak eman zizkidaten.

GEROARI BEGIRA:

  • Zein da zure hurrengo helburua? Erraz gainditzeko esperantza al daukazu?

Momentu honetan nire helburuetako bat uztailaren hasieran pistako Europako txapelketara joatea da. Espainiako maila oso ona ez da eta, ondorioz, nik Chiclanan egin nituen denborak ez dira oso onak. Ez zen oso belodromo egokia denbora onak egiteko, baina, hala ere, belodromo azkar batean ere nire denborak ez lirateke oso onak izango. Horregatik, orain gogor saiatu beharra daukat maiatzaren bukaeran Sevillan izango baitugu kontzentrazio bat eta bertan erabakiko baitute ni joan ala ez.

  • Hurrengo urtean 2. batxilergoa amaitzean, ikasketak direla eta zer asmo duzu, kirolari loturiko zerbait burutzea?

Bai. IVEF egitea gustatuko litzaidake, kirolarekin lotura duen zerbait egin nahi baitut. Gainera, etorkizuneko kirolarietako bat naizenez, IVEF egiteko ez didate batez bestekorik eskatuko eta bertara sartzeko probak ere ez dauzkat pasatu beharrik.

  • Ikasketak izango al dira kirola uzteko aitzakia?

Ez dut uste. Oraindik bi gauzak ondo eramateko gai naiz. Denbora ondo antolatuz gero, bi gauzetarako denbora dago. Hemendik bi urtera ere pentsatzen dut bi gauzak egiteko gai izango naizela; izan ere, baditut ezagunak IVEF egin dutenak eta horiek ez dute zailtasun handirik izan bi gauzak ondo egiteko.

  • Zein izango litzateke zure ametsa?

Profesional izatera iristea eta, iritsiz gero, Italiako Giroa korritzea. Mutilentzat Frantziako Tourra den bezala, nesketan garrantzitsuena Italiako Giroa da eta egunen batean han korritzea gustatuko litzaidake.

Elkarrizketa amaitzeko, hona hemen bere hitzak Espainiako txapelketan izandako hainbat gorabeherari buruz:

Azkenik, ikus ezazue zein izan den Anaren garaipenak izan duen oihartzuna:

Comments { 3 }

Oroitzapenak eta geroa

oroitzapenakNeurri handi batean herrietako historia eta historiak ekintzek egiten dute. Istorio eta gertakizunek beti, edo askotan behintzat, errealitate eta fantasia kutsua izan ohi dute. Hainbat aldiz ere tradizioa edo ohiturek izaten dute berebiziko oihartzuna eta haien izenean osatzen dira hainbat pasadizo. Horren lekuko garbi dira gure antzinako kondairak, pertsonaia mitologikoak, aurrekoek utzitako dokumentu grafiko zein ahoz jasotako hainbat zuzeneko bizipen.

Historia. Gure historia. Zure historia. Nire historia. Hona iristean, geldiune bat egin beharrean nago. Ni ere protagonista naiz historia honetan guztian. Historia, letra maiuskulaz idatzitako horretan, agian ez, baina bai nire belaunaldiari dagokion historiako zatian, une horretan parte naizen heinean. Historiako partaide izanik, leku eta denbora jakin bateko protagonista naiz. Euskal Herriko euskalduna naiz eta nire historia, partikularra eta neurea, dut. Igarotako denborari, gaztea izanik, gutxi bada ere, kontuan hartzekoa dela deritzot.

Bi atal nagusi nabarmendu beharren nago. Familiako esparrua eta jakintza esparrukoa, bata besteaz osatzen baita, sehaskatik jasotako oroitzapen eta gogoetak eta haien kanpoko janzkera hezurmamitu duten oinarrizko jokabideak.

Gizarte alorra aipatu behar derrigorrez. Familia eta ni. Haurtzaroko garai hura, hainbatetan gogoan dudana, nire lehen urratsa da nire kontaketa partikularrean, nire historiakoa da. Gozotasuna, begirada, kasketa, haserrea, atsedena, patxada, nekea, negarra, inozokeria, errealitate mugatua, jolasa eta jostailua… Inori ez zaiola axola pentsa dezaket, baina nola ez, bada, niri axola zait eta! Hauek oroitzapenak! Gogoko ditut benetan! Baita askotan aipatu ere!

Harremanak osatzearren, laguntxoak egiten ditut. Eskola garaian ari naiz, noski. Ez dira nire bizilagunak, ezta ezagunak ere, baina herrikoak dira. Batzuk, gutxi batzuk, ni eta gu baino handiagoak dira, helduagoak. Irakasleak dira. Eskola da. Jakintzaren alorraz arduratzen dira. Arrazoiaren eta logikaren mundua lantzen laguntzen didaten pertsonak dira. Hotza badirudi ere, nire haurtzarotik honako denbora gehiena okupatu duen eremu sozial nagusia izan da.

Jakintza eta pertsona izaera uztartzen joan dira niregan. Gorabehera, haserreak, erantzukizuna, betebeharrak, eskubideak, konpromisoa, kontrola… etxea eta kanpoa, lagunak eta eskola, gaztetxoak eta helduak, ikasleak eta irakasleak… nire historia, gure historia, taldeko historia… herriko historia akaso, historiaren historia…

Haurtzaroa, gaztaroa… hemendik aurrera, helduen historia hasiko dut. Helduena diot, bai. Noizbait heldua izango dena, osotasunean, bete-betean. Denbora horren testigu izango da eta zuek ikus dezazuela!

NIREAN, GUREAN
NIREKIN, GUREKIN
GAREN GUZTIAK…
IZAN GAITEZEN !!

Comments { 0 }

Atzokoaren gaurkotasunaren ordena??

Aste SantuaAspaldiko lagunen artean, aldian behin elkartuta behintzat, diosalaren ondoren egin ohi dugunaz zer berri? galderari, zaharrak, berri! erantzuna ematea ohikoa da. Ez dugu aparteko albisterik kontatzeko. Lehengo erara, antolaketa, erritmo, joan-etorria… gabiltzala esan nahi dugu. Ez dugu gure egunerokoan aldaketa nabarmenik izan. Erlojuaren tik-takaren antzera, behin, berriz, berriz eta behin eta berriz, berdintsu, berdin…

Denbora joanean ekintzak doaz, gaurkoak atzokoen atzetik eta biharkoak gaurkoenetatik. Egun, aste zein hilabete, urtaro, urte… aurrera darraite. Beti berdinetan! Ez dut uste horrela denik. Hurrengo porrak iristear ditugu eta pasa berri ditugunak non geratuak ote? Nola eta zertan igaroak izan ziren, bakoitzak dakigu. Zalantza gabe aitor genezake joanak direla eta datozkigunak beste ukitu batekin pasatuko ditugula. Orduko albisteak, gaur, historia dira; gaurkoak, ordea, bai berriak, desberdinak, negua eta udaberria ezberdinak diren bezala. Zeinu espirituala eta profanoa desberdintzen diren antzera, tradizioa eta gaurkotasuna markatzen den bezala, haurtzaroaren segida gaztaroa harrapatzean bezala. Orainak ez dut ikusten garbi zein jarioari erantzuten dion. Hain azkar eta nahasi doa. Horren iraupen laburra duen denbora, iheska doakigu eta atzokoaz zerikusirik izan gabe, Denboraren segidako arauak korapilatu eta zurrunbiloan aurrera doaz.

Aurtengo Aste Santua igaro berri da. Aste Santua orain delakoa eta egungoa, esanahi antzekorik duten irudia, ez dirudi. Aipatzekoak, gure inguruan, Segurako eta Hondarribiakoak dira, beste herrialde batzuen artean. Zentzu erlijiosoa festa hauei. Sena garrantzizko hori, mendebaldeko kristautasuneko ikuspegitik, ardatz oinarrizkoa izan delarik eta oraindik orain ere, gizartean ez du isla bera ematen. Gure eliza atariak, prozesioak, ospakizunetako kolore more nabarmena eraldatzen ari da. Aisialdia da indartuz doana nabarmen eta isiltasuna, hausnarketa kritikoa, poztasuna eta alaitasun jatorra jai hauetako balio nagusiak bezala izaki ere, bigarren, hirugarren, laugarren… beheragoko mailara jaisten. Irteera deigarriak leku urrun miresgarriak, gazteen topaketa erraldoiak, herritik, etxetik kanporako deiak… lasaitasunaren aurkari ia beti, estresa, nekea, ondorengo depresioa… Bitartean lehena, tradizioa, izaera erlijiosoa, prozesioak…iragana da. Gizarte aurrerakoiaren seinale ote edo?

… “Zaharrak berri� erantzunari esanahia aldatu beharko genioke, agian, gaurkorako zaharkitutako balioen eskerga duelako eta horien jarraikortasuna gero eta argiago bermatzen ez delako.

Comments { 0 }
-->