About izaskungs

Author Archive | izaskungs

Delitua emakumeen eskubide bihurtuta

Abortua Estatu Batuetako hiltzaile nagusiena da. Han, legalizatu ondorengo hamar urteetan, hamalau milioi bizitza galdu zituzten. Zer gertatuko da Espainian? Tabakoa eta trafiko istripuengatik hildako pertsonen kopuruaren aurretik jarriko al da abortuaren ondorioz jaiotzea lortzen ez duten ume kopurua? Otsailaren 24an onartu zen abortuaren lege berria eta uztailaren 5era arte ez da martxan jarriko. Orduan ikusiko da, lege aldetik, abortuaren ikuspuntua aldatzeak eragiten ote duen ala ez. Abortua delitu izatetik emakumeen eskubide bat izatera iritsi da. Baina hori baino gehiago gizonezkoaren salbazioa dela esango nuke. Izan ere, emakumearen eskubidea izatean, umearen ardura emakumearena baino ez dela ematen du eta, beraz, ardura horretaz desegiteko eskubide horren erabilera egitea besterik ez duela. Horrela, nire ustez, gizonaren kezkak amaitzen dira emakumeak abortatzeko aukera duela jakitean.

Gainera, zergatik berez zigortu beharko litzatekeen ekintza bat orain emakumeon eskubide bilakatu? Nahiz eta denborak aurrera egin, hilketa bat beti izango da delitu (hori espero dut, behintzat) eta beti zigortuko da, zigorra ezberdina izanagatik. Abortuaren kasua ez al da antzekoa? Izan ere, amaren sabelean egunetik egunera hazten doana bizidun bat da. Gameto arra eta emea elkartzen diren momentutik idatzita geratzen dira umearen ezaugarri guztiak kode genetikoan. 17. egunerako globuxka gorriak eta bihotza eratu dira. 24. egunerako bihotz taupadak agertzen dira. 6. asterako bere nerbio sistemak bere gorputza kontrolatzen du eta gizaki itxura du. 7.asterako barruko organo guztiak garatuta ditu. 9. eta 10. asteen tartean likido amniotikoa edan dezake. Eta hortik aurrera bere tamaina handitzen joaten da. Zaila da zehaztea zein momentutan bilakatzen den gizaki bat; izan ere, sabeletik atera ondoren ere garatzen joaten zaio bista. Argi dago, baina, espermatozoidea eta obulua elkartzen diren momentutik dagoela bizitza.

Abortatzearen arrazoiak gehiago izaten dira ama bizitzako momentu txar batean haurdun gelditu dela umeak berez gaixotasun bat duelako baino. Zergatik ez utzi horren berekoiak izateari? Denok dakigu harreman sexualak edukitzeak ondorio batzuk ekar ditzakeela, haurdun gelditzea eta gaixotasun benereoak hartzea, besteak beste. Dakigunez, neurriak hartu gabe sexua praktikatuz gero, nahi ez dugun zerbait etor dakiguke; beraz, kontsekuentea izan behar da. Ezin dena egin da “arazo” horretaz desegin. Egia da ume bat edukitzeak bizitza zeharo aldatzen duela eta ohitura ezberdinak hartzera behartzen zaituela, baina zergatik kendu behar diozu ume bati bizitzeko aukera momentu batean zuk egindako hanka-sartzearengatik? Ez al litzateke izango egokiago egoera hori zure gain hartzea eta etorri behar diren aldaketak era egokienean bideratzea? Hori bai, ume baten ardura edukitzea gehiegi baldin bada amarentzat, irtenbide egokia adopzioa izango litzateke; izan ere, familia asko daude umea nahi eta eduki ezin dutenak eta, inongo dudarik gabe, beraiena izango balitz bezala zainduko dutenak. Zaila da ezezagun bati umea ematea, baina hiltzea baino askoz ere errazagoa behintzat bada.

Informazio gehigarria:

http://www.aciprensa.com/aborto/datos.htm

Comments { 14 }

Gure geneen aurka borrokan

Ispilua emakume askoren amesgaizto bihurtu da. Errealitatea erakusten du eta askok urrundu egin nahi dute hortik gorputz argal, zizelatu eta betiko gaztetasunean izoztutakotik oso urrun gaudelako. Ispiluak emakumeok gehien kezkatzen gaituzten inperfekzio horiek agertzen ditu.  Betidanik izan gara zelulitisaren beldur; izterretan sortzen diren mendikate horiek ez agertzeko erregutzen dugu. Eta nork ez ditu inoiz Angelina Jolieren ezpainak desiratu? Baina, dudarik gabe, emakume guztiak adinez gora joan ahala, gehien gorrotatzen dutena zimurrak ateratzea da. Lehenengo, begien ondoan ateratzen hasten dira; gero aurpegi osora zabaltzen dira, eta iraganean izandako azal leuna oroimenean baino ez da geldituko. Beraz, nola gainditu edertasunetik aldentzen gaituzten “huts” hauek?

Soberan ditugun kilo horiek gainetik kentzeko, aldizkarietan ateratzen diren dietak egiten ditugu. Jangaitza izanagatik, emakume eta neska asko gai dira moda-modan dagoen argaltasun hori eskuratzeko. Batzuk obsesionatu egiten dira, eta jaten dutena kontrolatu eta kaloriak kontatzera iristen dira. Bide hau jarraitzeak ez du amaiera onik ekartzen, anorexia edo bulimia hortxe daudelako.

Hala ere, dieta egiteak argaltzea baino ez du ahalbidetzen. Beraz, nola lortu zimurrik gabeko aurpegia, haurdunaldiaren ondoren zintzilik geratutako azala desagertzea, deformidaderik gabeko sudurra edota zure titientzat neurriko bularretako bat eduki ahal izatea? Kirurgiaren bidez. Gero eta jende gehiagok jotzen du irtenbide honetara. Teknikak hobetzen ari dira eta, teknologia berriekin hainbat aurrerapen egin denez, kirurgiak lorpen handiagoak egitea ahalbidetu du. Beraz, orain gehiago dira kirurgian konfiantza osoa jarri dutenak beraien kezka horiek desagerrarazteko.

Famatuak hasi ziren kirurgiarekin gorputzeko atalak hobetzen, gorputzak beraien lanean zerikusi handia zuenez, gainerako pertsonentzat eredu izan behar zutela aitzakiatzat hartuz. Aitzakiak baino ez. Horren atzean, eder eta gazte mantentzeko grina zegoen. Izan ere, nolatan hartuko dute protagonistatzat zimurrak edo izugarrizko sudurra duen aktoresa bat?

Gurekin ere antzeko zerbait gertatzen da. Gaur egungo gizartean, aurreiritzi asko ditugu eta kanpoko itxurak garrantzi handia du. Modako moldetik ateraz gero, denen burla bihur zaitezke. 1,60 m neurtuz gero, txikia izango zara modelo izateko, eskatzen duten 1,’70 m-tik oso urruti zabiltzalako. Sudur handia edukiz gero, gaizki emango duzu pantaila aurrean, gehiegi ikusi eta aurpegi orekatu izatetik urruntzen zarelako. 36 tailan sartzen ez bazara, gizenegi egongo zara. Eta bularretakoaren 85 taila handiegi baduzu, nahiz eta 18 urte izan, oraindik oso gaztea zarela pentsatuko dute. Horregatik, gero eta jende gehiago joaten da inperfekzio horiek konpontzera.

Baina zergatik da horren garrantzitsua gazte eta eder mantentzea? Ezin al dugu garen bezala izan, eta, denborak aurrera egin ahala, naturaltasunez zahartu, biologikoki horrela programatuta gaudenean? Zergatik aldatu goitik behera gure itxura gure geneen kontra? Argi dago kanpoko itxurak beti izan duela garrantzi handia, baina azken hamarkadan gehiago oraindik kirurgiari esker. Horrelako gauzekin ahazten duguna da pertsona egiten gaituena gure barnean dagoela. Eta hori izan beharko litzateke garrantzitsua; izan ere, garrantzitsua esentzia da, ez estaltzen gaituena. Garen bezalakoak izaten jakin behar dugu; gure akatsak onartu eta dohainak indartu behar ditugu.

Comments { 0 }

Esku leuna – Gotzon Garate

Hasieran, galduta ibili nintzen liburua aukeratzeko orduan, baina liburua erraz irakurri eta lan hau gustura egiteko onena bide segurura jotzea zela pentsatu nuen. Beraz, niri gehien gustatzen zaidan eleberri mota irakurtzea iruditu zitzaidan egokiena: polizia eleberria. Gotzon Garate da euskal eleberrigintzan genero horretan gehien idatzi duen idazlea eta, beraz, liburu-dendara joan eta lehenengoa aurkitu nuena eraman nuen.

Gotzon Garate euskal filologo, filosofo eta idazle ospetsua da. Gipuzkoako Elgoibarren jaio zen, 1934ko irailaren 1ean. Durangoko San Jose jesuiten eskolan ikasi zuen. Bertan euskal kontzientzia hartu zuen. 21urterekin euskaraz idazten hasi zen etaJesusen bihotzaren Deia, Egan eta Eusko Gogoa aldizkarietan kolaboratu zuen, Gomiga goitizena erabiliz. Filosofian doktoratu zen eta teologian lizentziatura lortu zuen; gainera, marxismoan espezializatu zen. Ondoren, Deuston Filologia Erromanikoan lizentziatu zen, eta Euskal Filologiako lehen ikasketak sortu zituen, 1976an. Euskal Herri osoan zehar bidaiatu zuen, hizkuntza ikertu eta zona bakoitzeko ezberdintasunen informazioa jasotzeko. Horren ondorioz, liburu batzuk idatzi zituen euskararen erabilera egokiari zuzendutakoak: Erdarakadak , Atsotitzak … Euskaraz gehien irakurri eta idatzitako autoreetako bat da: kronikak, saiakerak, eleberriak, narrazioak…idatzi zituen. Euskal eleberri beltzaren aitatzat hartu da, eta genero honetan hainbat sari lortu zituen. Mundu osoan zehar ere bidaiatu zuen hizkuntza ezberdinak ikasi eta beraien historia ezagutzeko asmoz. India, Moscu, New York eta abarretan izandako esperientzietan eta ikasitako guztian oinarritu izan zen zenbait obra idazterakoan. 2008ko urriaren 8an hil zen Bilbon, 74 urte zituela.

Aukeratutako polizia eleberria Esku leuna da, berak idatzitako lehen nobela genero honetan. Arrakasta dezente izan zuen eta Irun Hiri Nobela saria irabazi zuen. Donostiako familia aberats bateko emakume alargun bat hilda aurkitzen dute. Hasieran, adina dela eta bihotzekoak eman diola uste da; autopsia egin ondoren, ordea, norbaitek emakumeari bihotza jostorratz batez zeharkatu diola garbi geratzen da. Arazoa isilpean gorde nahian, kasua Jon Bidart detektibearen esku uztea onena dela erabakitzen dute familiartekoek. Bere lehenengo ikerketatan galdu samar ibitzen da, badago zerbait denek ezkutatzen diotena; gainera, emakumea hiltzeko arrazoirik ez du aurkitzen. Lagun bati esker jakiten du familia osoa dela susmagarria. Hala ere, zerbait gehiago dago isilpean. Ustekabeak, maitasun istorio eta heriotza gehiago egon beharko dira tartean, azkenik, Jon Bidartek hiltzailea zein den salatzeko.

Garrantzi gehien duen pertsonaia Jon Bidart detektibea da. Nahiz eta polizia eleberri gehienetan susmagarriak izan funtsezkoenak, honetan autoreak detektibeari eman dio inportantzia. Jon ez da horrelako nobeletan agertu ohi diren detektibeak bezalakoa. Atsegina da, nahiko ona bere lanean, ez da bitxia edo arraroa (ez oso ohikoa detektibeengan), ia denek begi onez ikusten dute, eta itxura onekoa da.

Idazleak euskara eta euskaltzaletasunaz idatzi nahi izan zuen. Argitu beharreko kasuan badu zerikusirik horrek; izan ere, euskaltzaletasun hori dela eta, alargunak herentzia aldatzea erabakitzen du, dirua ikastolen sorreran erabiltzeko. Horren ondorioz, familiartekoak herentziako dirua galduko duten beldur dira. Garai horretan Euskal Herri osoan piztu zen sentimendua erakusten digu, nazionalismoa eta euskararenganako maitasuna agerian utziz.

Denboraren aldetik, garaia aipatzen ez badu ere, berak nobela idatzi zuenekoa dirudi. Gizarte mota, euskararen egoera eta teknologien erabilerarengatik ondoriozta daitekeenez, 80ko hamarkada ingurukoa ematen du. Espazioari dagokionez, istorio osoa Donostian gertatzen da. Pertsonaien etxeetan eta Donostiako zenbait lekutan.

Oso interesgarria da liburua, lehenengo momentutik sartzen zaitu bete-betean istorioan. Ia kapitulu guztien bukaeran zerbait argitu edo kasua oraindik gehiago zailtzen duen gertaera batez harritzen saiatzen da idazlea, irakurlearen atentzio osoa bereganatuz. Honek guztiak irakurketa arintzen du. Hala ere, bukaerak zertxobait dezepzionatu nau. Horrelako nobeletan detektibearekin batera hiltzailea nor den, zergatik egin duen eta egiteko modua asmatzen joaten zara istorioa aurrera doan ahala, susmagarrien kopurua erantsiz eta kenduz. Kasu honetan, baina, hilketaren konklusioa bukaeran azaltzen du, kontaketan informazio horren guztiaren berri eman gabe. Egia da irakurlea erabat ezustean uzten duela, baina pistak edo sujerentziak aurrez adierazi gabe ezinezkoa da irakurlea ez harritzea.

Bestalde, gaur egun erabili ohi ez diren hitz bitxiak eta esaerak daude. Hori dela eta, batzuetan, ez da testua horrenbeste ulertzen. Gainera, aipatzekoa da -edo niri, behinik behin, deigarria egin zait- euskara batuaren aurrekoa dela, garai hartan araututa ez zeuden formak agertzen baitira, bait- partikula eta orduen idazkera , esaterako. Hauek zuzendu egin beharko liratekeela iruditzen zait. Hau da, euskara batuak onartzen ez dituen (EGAko azterketan ikasleoi idazlan bat suspenditzeko arrazoi nahikoak izango ziren) akats gramatikal horiek zuzendu, edo, behintzat, beraien erabilpen egokiaren azalpen bat agertu beharko litzatekeela iruditzen zait. Horretaz gain, jatorrizko bertsioa euskararen historiaren oroigarri bezala gorde beharko litzateke.

Orokorrean gustatu zait liburua eta irakurtzeko erraza eta interesgarria da. Beraz, esan beharra dago, Agatha Christieren nobeletatik oso urrun gelditu arren, guk ere baditugula irakurtzea merezi duten polizia eleberriak.

Informazioa gehiago

Garateren denbora-lerroa

Comments { 0 }
-->