Twitter, Facebook, Tuenti eta bestelako sare sozialak, gaur egun, ezagunak bezain erabiliak dira. Denok daukagu garbi hori, ezta? Aisialdirako, lagunekin hitz egiteko, argazkiak eta bideoak partekatzeko eta beste hainbat gauzatarako baliagarriak direla badakigu. Hain ospetsu eta ibiliak diren sare sozial hauek norberaren onurarako bakarrik erabili ordez, beste bati laguntzeko ere balia daitezke; benetan laguntza behar duten pertsonei laguntzeko, hain zuzen ere.
Ideia hau kontuan hartuta, gaixoek laguntza handia behar dutela konturatu ziren Osakidetzako berrikuntza taldekoak. Gaixo guztien artean gaixotasun kronikoak -luzerako edo betiko diren gaixotasunak- dituztenak dira benetan laguntza behar dutenak. Askok galdetu dezaketen galdera da: zeintzuk dira gaixotasun kroniko hauek? Bada, askotarikoak daude: diabetesa, bihotz-hodietako gaixotasuna, asma, epilepsia, parkinsona, ultzeradun kolitisa… Zure bizitza osoan jasan beharreko gaixotasunak.
Gaixo hauek laguntza berezi bat beharko zutela pentsatu zuten, medikuen laguntzaz gain. Izan ere, hauetako gaixotasunen bat izanez gero, ingurukoen laguntza medikuena bezain beharrezkoa izaten da askotan. Gainera, gero eta gehiago dira gaixo kronikoak egungo ospitaleetan, hala nola, %80 dira mediku kontsultetan, 2/3 larrialdietan eta %60 ospitaleratuak.
Pertsona hauei laguntza handiagoa eman ahal izateko -momenturo nola sentitzen diren, non daude, hobeto ezagutu eta tratatzeko eta gaixo aktibo bihur daitezen-, aplikazio bat sortu zuten orain dela urtebete 270 pertsonekin. Orain denentzat zabaldu dute Kronet webgunea. Bertan, bai gaixoek, familiartekoek, eta bai esperientzia hau gertutik bizi izan dutenek edo laguntzeko prest eta lagundu nahi duen pertsona guztiek har dezakete parte. Bizipen eta aholkuekin gaixoari hobeto sentiarazten lagunduko diote pertsona hauek.
Webgune hau atal ezberdinetan dago banatua: Lagundu, egokitu, ikasi eta eraiki. Lehena, Lagundu, zurekin nago delakoa da. Izenak dioen bezala, gaixoari sostengua eta babesa eman eta zalantzak argitzeko asmoa da. Ondoan norbait duzula eta norbait zurekin dagoen segurtasuna ematen ahalegintzen dira. Bigarrena, Egokitu, babes beharra daukat da. Gaixotasun kroniko berri honekin moldatzeko, zure bizitza egokitzeko hartara eta gaixotasuna hobeto ezagutzeko baliabideak ematen dizkizu. Hirugarrenak, Ikasi, erantzunen bila nabil, une txarretan bizipenak kontatu, zure barrua hustu, aholkuak jaso eta besteen bizipenak entzuteko aukera ematen dizu. Medikua izan beharrean, zure gauza berak sentitzen dituzten pertsonekin partekatzeko aukera ematen dizu. Eta azkena, Eraiki, aurrera noa, da. Nork bere gaixotasunarekiko dituen mugak ondo ezagututa, bizi kalitatea eta zaintza hobetzeko laguntza eskaintzen dizu.
Azkenean Kronetekin lortu nahi dutena da gaixoa ez sentitzea bakarrik eta laguntzarik gabe; izan ere, gaixoak gehien sufritzen duena bakardadea baita, gaixotasunari zuk bakarrik aurre egin behar diozula inongo laguntzarik gabe. Honi aurre egiteko, familiaren eta lagunen laguntzaz gain, zure bizipen berdinak bizi dituen jendearen laguntza ezinbestekoa izan daiteke, eta webgune honek horretan laguntzen dio gaixoari. Batzuetan medikuaren aholkuak baino gehiago lagun dezakete horrelakoek. Proiektuaren inguruan lanean ibili direnek diotenez, gaixoak gehienbat bere buru egoera dela eta sartuko dira sarean. Eta nolabait, hitz eginez, bakoitzaren animoak gora egin dezake, bideo honetan Sheila Urbiñak dioen bezala: “Sar naiteke goizeko hiruretan webgunera, insomnio momentu izugarri batekin, eta seguruenik norbait egongo da bertan kaixo sinple bat esango didana. Goizeko hiruretan, kaixo sinple batek, sinetsi, laguntzen dizu.”
Beraz, esan beharrik ere ez dago, horrelako sareek izugarri lagun dezaketela jendeak bere eguneroko bizian aurrera pausoak errazago eman ditzan. Bide batez, aprobetxatu nahi dut artikulua zuek animatzeko sarean parte hartzera, horrelako bizipenen bat gertuko baduzue. Eman izena kronet.net-en. Besteei lagunduz, ziur nago zuek ere zuen buruarekin hobe sentituko zaretela.
Informazio gehiago nahi baduzu: http://cronicidad.blog.euskadi.net/eu/
Iruzkin berriak