Elkarrizketa bat egin behar genuela entzun bezain laster, nire elkarrizketatua izango zenaren bila hasi nintzen. Telefono dei batzuk egin eta gero, garbi neukan nire hurrengo urratsa Legorretara abiatzea izango zela. Pentsatu eta egin! Hantxe azaldu nintzen ni ikaskide bat eta bideo eta argazki kamera lagun nituela… Asierrekin elkartzeko asmoz.
Asier Oruesagasti, 21 urteko donostiarra, Goenkalen egiten duen Kevinen pertsonaiarengatik ezaguna dugu. 21 urte izan arren, bapo jardun du lanean: “Aldamio etxea, izango da gurea”, “Andereñoen orkestra”, eta “Shakespeare osoa edo ia”antzerkietan ibilitakoa da, besteak beste. Skizo filmean eta beste zenbait telesaiotan ere aritutakoa da, esaterako, Goenkalen (Kevin Iturriagaren papera eginez), Balbemedin eta Wazemanken.
Hasteko, Goenkale telesaioan denbora asko daramazu, zure paperik ezagunena izango da seguruenik. Nola hasi zinen bertan? Egia esan, urteak neramatzan Goenkalerako castingak egiten. Duela hiru urte inguru, Markelen pertsonaiarako castinga egin nuen, eta erantzuna ezezkoa izan zen. Hala ere, kapitulu pare batean agertuko zen Kevin izeneko pertsonaia bat bazegoela esan zidaten. Handik bi hilabetera, pertsonaia txiki bat bezala hasi zen, eta hortik aurrera gaur egun arte.
Goenkalen, Kevin Iturriagaren papera egiten duzu. Nola prestatu zenuen zure pertsonaia? Norbait izan zenuen eredu? Egia esan, ez; ez nuen izan inor eredu. Gainera, oso denbora gutxi izan nuen papera moldatzeko; hortaz, iristen zitzaizkidan testuen arabera hasi nintzen prestatzen pertsonaia.
Aurreko hariari jarraituz, eta aurretik aipatu dudan bezala, Goenkalen denbora asko daramazu. Zalantzarik gabe, denbora horretan guztian anekdota asko izango dituzu. Kontatuko al diguzu horietako bat? Egia esan, lanean baino, kanpoan gertatu zaizkit anekdota gehienak. Ondoen gogoratzen dudan bat Hernanin izan zen. Uda aldera izango zen, duela bi urte inguru. Kalean geundela gauez, bai niri eta bai Harkaitz Gartzia handiari, Goenkaleko beste aktore bati, 40 lagun inguru hurbildu zitzaizkigun autografo eske. Gainera, gauean izanda, harrapatzen zaitu oso… ez dakit!
Egunero grabatzen al duzue? Deskribatuko al diguzu nolakoa den grabazio egun arrunt bat? Bai, astelehenetik ostiralera grabatzen dugu. Luzea, oso luzea izaten da grabazio egun bat. Zehatzago esanda, ez ditugu sekuentzia gehiegi edukitzen aktoreok, baina gehienetan, bai nik baita beste aktoreek ere, goizeko zazpietan igo beharra izaten dugu eta hirurak arte han egon behar izaten dugu grabatzen. Beraz, luzeak, nahiko luzeak izaten dira.
Zein izan da antzeztu duzun eszenarik zailena edo larriena? Ez dakit. Larri gutxi, eta zailak azkenean erraztu egiten dira azkarrago joan ahal izateko. Oso denbora gutxi dagoenez grabatzeko, sekuentziak grabatzeko, zailak erraztu egiten dira. Beraz, zailak ez daude.
Antzerki munduan ere maiz ibilitakoa zaitugu. Zein da gogokoen duzuna egin dituzunetatik eta zergatik? “Eta zer?” izango litzateke gogokoen dudana antzezlanetatik, Dar-dar konpaniarekin. Hau, berez, nire lehen antzerki profesionala da. Besteak, aldiz, Zurriola eskolarekin egindakoak dira 12 urte hauetan. Politak? Asko, gehienak komediak. Oso oroitzapen onak dauzkat antzerki hauetaz. Baina gehien gustatzen zaidana “Eta zer?” izango litzateke.
Film batzuetan ere parte hartu duzu, esaterako, Skizo filmean. Nolako esperientzia izan zen film bat grabatzea? Oso esperientzia ona. Gainera Goenkalen aritu ondoren… ez barkatu, Skizon hasi nintzen Goenkalen baino lehen; beraz, oraindik ez nuen ezagutzen Goenkaleko martxa; hala ere, oso esperientzia ona. Gainera, sekuentzia bat grabatzeko denbora asko hartzen da eta honek ematen dizu denbora pertsonaia lantzeko. Eta hori, Goenkalerekin konparaturik, esperientzia desberdina zen. Agian, niri gehiago gustatzen zait zinea telebista baino. Baina, adibidez, beste jende askorekin hitz eginda, batzuek esaten dute nahiago dutela telebista.
Grabatzeko hartzen den denboraz gain, zein beste desberdintasun dago film eta telesail baten grabazioen artean? Beste desberdintasun bat izan daiteke gidoia bera. Telesail batean badakizu nola hasten zaren, baina ez dakizu inoiz nola bukatzen den edo zer gertatuko zaion pertsonaiari. Antzerkian eta film batean, aldiz, gidoia hasieratik bukaerara ematen dizute. Badakizu pertsonaiek zein gorabeherak izango dituzten eta nola eboluzionatuko duten. Nahiko nuke telesail batean horrela izatea, baina ezin da…
Aipatutako generoetatik zeinetan aritzen zara gustukoen eta zergatik? Gustukoena antzerkia dut, egunero emanaldia desberdina izan daitekeelako. Gainera, publiko edo ikuslearen erantzuna ere bertatik bertara jasotzen duzu. Eta hortik abiatuz, badakizu zerk funtzionatzen duen eta zerk ez. Horrela, jolastu egin dezakezu: zerbaitek ez badu funtzionatzen, saltatu edo ahalik eta azkarren pasa, eta aurrera jarraitu. Film edo telesail batean, berriz, ez dakizu jendeak nola hartuko duen.
Zure lanari buruz asko hitz egin dugu dagoeneko. Orain, zure bizitzari buruz galdetu nahi nizuke. Ba al duzu ametsik? Izango ez dut, ba! Izan ere, duela 3 urte nire ametsa film batean parte hartzea zen. Orain ere nire ametsa berriro ere beste film batean parte hartu ahal izatea da.
Nolako portaera izaten du jendeak zurekin kalean topo egitean? Ezagutzen al zaituzte? Arazorik suposatu al dizu horrek inoiz? Ezagutu, ezagutu, bai. Ikusten da, ez? Kaletik zoazela, Donostiatik paseatzen eta begiradak edo… Orduan begi bistakoa da, desberdina da herri txikietan. Hauetan askoz ere gertutasun handiagoa dagoela ematen du: hurbiltzen zaizkizu, eskutik heldu eta… Baino oso esperientzia ona. Orain arte, gainera, Kevinen pertsonaiarengatik ezagutu naute eta ezagutzen naute denek. Esan dizkidaten gauzak guztiak onak dira: zer ondo egiten duzun, edo zer gaizki pasatzen ari zaren, edo horri merezi duena eman …
Nolakoa zinen ikasle garaian, hau da, zein motatako ikasle izan zinen? Zein ikasgaitan zinen txarra? Txarra. Behartuta ikasi behar nituen gaiak eta oso gaizki eraman ditut beti; beraz, ikasle aldetik oso txarra. Bakarra? Historia, agian. Testu asko… ez zitzaidan interesatzen, beraz.
Nolatan piztu zitzaizun aktore izateko grina? Bada, oso txikitatik piztu zitzaidan grina. Gurasoek beti kontatu izan didate bizpahiru urterekin nire antzerki propioak prestatzen nituela nire gelan, eta gero sofan eserarazi eta erakusten nizkiela; beraz, oso txikitatik.
Bukatzeko, euskaljakintzako Goenkaleko zaleentzat ba al duzu esklusibarik? Esklusibarik? Bada, esklusiba bat izan daiteke laster hasiko naizela “Ahuntza” izeneko antzerki obra batean, Txalo konpainiarekin, eta oso pertsonaia interesgarriarekin. Espero dut gogokoa izatea.
Elkarrizketa bukatu ostean, euskaljakintzarentzat autografo bat eskatu nion. Legorretan egin behar zuen emanaldirako prestatu egin behar zenez, eskerrak eman nizkion eta berehala pertsonaia prestatzera joan zen. Asier, mila esker tartetxo hori eskaintzeagatik eta zorte on zure lanari dagokionez. Ea hurrengo urteetan film askotan ikusten zaitugun! Mila esker bene-benetan.
Iruzkin berriak