18 urte beteta edo betetzear gaude aurten gazte mordo bat eta gure etorkizuna  aukeratu beharrean. Batxilergoko bigarren eta azken kurtsoa amaituta, azken proba bati, eta ziurrenik gogorrenari, aurre egin behar izan diogu: HAUTAPROBA.
1992. urtean jaiotako gazteok aurkeztu gara azken froga honetara, unibertsitatera joan ahal izateko. Aurreko urtera arte zazpi azterketa egin behar ziren derrigorrez eta ariketa, kuestio eta problemen artean, bat edo beste aukeratzeko ahalmena izaten zen. Aurten, ordea, ez. Aurten hautaprobetako azterketa ia guztiak goitik behera aldatu dira. Ez hori bakarrik, aipatu bezala, zazpi azterketa egin behar ziren orain arte: Ingelesa, Gaztelania, Euskara, Filosofia edo Espainiako Historia eta modalitateko 4 azterketetatik bakarrik 3, bakoitzak bere kabuz hautatuta. 2010eko selektibitateko proban, bestalde, 5 azterketa baino ez dira ezinbestekoak: Euskara, Gaztelania, Ingelesa, Filosofia edo Historia eta bakoitzaren modalitateko azterketa bakarra. Helburua? Ideiarik ere ez.
Alde batetik, burutu beharreko azterketen kopuruaz gain, ereduak ere guztiz aldatu dira hainbat gaitan; Filosofian, Historian eta Gaztelanian, adibidez. Boloniako proiektuarekin globalizaziora iritsi nahi da, unibertsitateko graduak nazio artean balio izateko, toki guztietan selektibitateko azterketa eredu berdinak izateko… Baina metodo hau oso logikoa ez delakoan nago. Eredu aldaketa dela eta, protesta mordo bat egon da han eta hemen. Gainera, kontuan hartzen badugu eskoletan ezartzen diren azterketak ikasleek “ikas dezaten” egiten direla, zertarako jarri selektibitatean aukerazko hiru azterketa? Horietako erdiak zurian entregatzeko? Ene ustez, honek guztiak ez du ez hanka ez bururik.
Eta ez hori bakarrik, aukerazko azterketa horiek puntu gehigarriak irabazteko aukera emango dute, eta orain arte ez bezala (nota maximoa 10 izan da betidanik), aurtengo ikasleok 14!! bat ateratzeko aukera izango dugu. Zein da helburua? Unibertsitaterako bidea  oraindik gehiago zaildu nahian ala? Askok 5 bat beharko dute unibertsitatean sartu ahal izateko; halere, Medikuntza, Irakasle ikasketak, Arkitektura eta horrelako hainbat  ikasketari begira, zer gertatzen da? Orain arte 9 bat baino zertxobait gehiago behar izan da zenbait tokitan sartzeko, eta aurtengo metodo honek gazte askori gauzak erraztu egingo dizkio; beste talde txiki bati zaildu, ordea, eta asko gainera.
Zer espero den selektibitate berri honetatik, ez dakit. Sortzaileek nahi dutena beteko delakoan egongo dira, baina ez nintzateke horre ziur egongo euren tokian egongo banintz. Bestalde, aukerazko azterketa horiek duten beste “abantaila” bat penalizaziorik ez izatea da, hau da, 0 edo 4 atera azterketan, balio berdina izango du eta ez dute azken emaitzaren balioa jaitsiko. Aldiz, 5 baino gehiago ateratzen dutenek, emaitza hori bider 0,1 edo 0,2 egin behar dute azterketaren arabera, eta hori gehigarri izango da. Penalizaziorik ez izanda, nork ez du izena emango eta “gero gerokoak”? Izena eman, zertxobait begiratu apunteak eta ea zortea dudan, nik nahi dudana sartzen den eta 5 bat ateratzen dudan. Aurtengo azterketa mordo bat zurian edo erdi zurian entregatuko dira eta, aurrez esan dudan bezala, ez dut uste hori denik eurek nahi dutena.
Laburbilduz, kontraesana badirudi ere, unibertsitateko sarrera erraztu zein zaildu egin dute. Benetan ikasten dutenek eta nota nahi edo behar dutenek zertxobait gehiago ikasi beharko dute nahi duten plaza hori lortzeko. Bestalde, beste askori erraztu egin zaie unibertsitaterako sarrera, 2 azterketa gutxiago edukitzeaz gain, nota igo dezakezulako eta honela ikasle profil polit bat lortu. Aurtengo metodo honek ez duela ez hanka, ez bururik esango nuke.
Iruzkin berriak