About lgarmendia

Author Archive | lgarmendia

Pirateria, lapurreta ala negozioa?

pirateriaUrterik urtera gizakiak aurrerapauso itzelak ematen ditu arlo askotan. Gure aiton-amonen garaian, esaterako, nork imajina zezakeen telefono mugikor bat edukitzea, messenger bidez beste norbaitekin txateatu ahal izatea edota mp3 txiki batean musika guztia alde batetik bestera eramatea posible izango zenik? Inork ez, egia esan. Eta guk, ordea, ezin dugu irudikatu ere egin teknologiarik gabeko gizarte batean bizitzea. Arlo honek gaur egun horrenbeste egin du aurrera, non berari lotuta bizi baikara. Hain da handia dugun menpekotasuna, ezen dagoeneko musika, liburuak, jokoak… ordenagailu baten bitartez lor ditzakegun. Honi lotuta pirateria deritzoguna dator, noski.

Egun, pirateria arazo izatera iritsi da; izan ere, gero eta film, musika, liburu… gutxiago erosten dira, hauek guztiak erraz internetetik jaisteko aukera baitugu. Honek artistei, autoreei eta diskoetxeei ekonomikoki bete-betean erasotzen die. Baina gu ez gara tuntunak. Zergatik erosi asko balio duen zerbait, gutxigatik lortzeko aukera edukita? Adibidez, merkatuan dagoen edozein disko askoz ere gutxiago ordainduta  eskuratzea dugu Top Manta delakoan. Hori gutxi balitz, eMule, Ares edo bestelako programak erabilita, dohainik lor dezakegu nahi dugun musika guztia saguarekin klik pare bat eginez.

Hariarekin jarraituz, pirateriak diskografiei izugarrizko kaltea suposatzen diela esan dugu. Baina, egia esan, baliteke hau pixka bat bidezkoa izatea, kontuan izan behar baita kaltetuenak ur handiko arrainak direla, hots, guri dirua ateratzen saiatzen diren diskoetxe interesatu horiek. Beste alde batetik, artistak edo idazleak ere kalteturik ateratzen direla esan beharra dago eta ideia hori gutxiago gustatzen zait.

DVD pirateriaEdonola ere, nire ustez, pirateria arrazoi sinple bategatik ematen da: gizarte kontsumista batean bizi gara eta horrexek gauzak erostera bultzatzen gaitu. Ez gara konformatzen disko bat edo bi edukitzearekin. Ez horixe! Gustatzen zaizkigun disko guztiak nahi ditugu, baina ezin dugunez hori guztia ordaindu, bide errazagoa bilatzen ahalegintzen gara eta, teknologia berriez baliatuz, pirateriara jotzen dugu. Horrela, nahi duguna lortzen dugu, berekoiak bihurtzen gara eta ez dugu kontuan hartzen artistei egiten diegun kaltea. Gauzak horrela, hauei hainbeste kostatu zaizkien lanak dohainik eskuratzen ditugu, lapurretaren itzala beste edozein aitzakiaren pean estaliz.

Egia esan, ez dakit arazo honen konponbidea zein izango litzatekeen, ezta zer izango litzatekeen onena ere. Baina diskoetxeek prezioak jaitsiko balituzte, agian, arazo honi konponbidea emateko bidean jarriko ginateke. Zer diozue zuek?

Comments { 1 }

Ekialdeko mamuak – JON ARRETXE

Jon Arretxe BasaurinArretxe jaio zen 1963. urtean. Euskal Filologian doktore gradua lortu zuen eta Heziketa Fisikoan ere lizentziatua da. Izugarri gustatzen zaio bidaiatzea eta abenturak bizitzea. Honek bere bidaiei buruzko liburuak idaztera bultzatu du.

Denetarik idatzi du: narrazioak, nobelak, haur eta gazte literatura… Nobelen esparruan, adibidez, Urrezko triangelua, Manila konexioa eta Kleopatra topa ditzakegu; narrazioan, aldiz, Ostegunak, Ostiralak eta Larunbatak trilogia, Zazpi kolore, Oroituz eta Sustrai beltzak, besteak beste. Haur eta gazteen literatura ere jorratu du. Esaterako, Hakuna matata, Harresi handirantz eta Lurraren taupadak. Egindako bidaia baten kronika liburua da nik irakurri dudan Ekialdeko mamuak. Hala ere, baditu gehiago genero honen barnean: Tubabu, Tuparen seme-alabak (Beñatek emango digu honen berri) eta Griot.

Ekialdeko mamuak, arestian esan bezala, Jon Arretxek buruturiko bidaia baten kronika da. 2001. urtean, New Yorkeko Dorre Bikien erasoaren ondoren, Istanbulera abiatzen da idazlea aspalditik pentsatutako bidaia egitera. Bere asmoa Turkiatik atera eta Iraneko muga zeharkatuz, Teheranera iristea da. Horretarako bizikleta hartu eta bidaiari ekiten dio, 2.500 kilometro zeharkatuz bidaia osoan.

Liburuan zehar zeharkaldi honetan gertatzen zaizkion jazoerak eta bidean ezagututako jendearekin dituen erlazioak kontatzen ditu egunkari baten bitartez. Beldurrez hasten du bidaia, bertara joateko momentu egokia ez ote den pentsatuz. Baina beldur hauek alde batera utziz, bidaian murgiltzen da bertako jendeak zer pentsatzen duen eta nola bizi den bere begiekin ikustera. Noski, ez ditu bertako hizkuntzak ezagutzen eta batzuekin ingelesez hitz egiteko aukera izan arren, beste batzuekin keinuka edo ahal duen moduan mantentzen du harremana. Herri eta hiri mordoa zeharkatu eta ezagutzeko aukera izaten du.

Ekialdeko mamuakDenbora aurrera joan ahala, konturatzen da oso ikuspegi okerra dugula mendebaldekoek turkiar eta irandarrei buruz. Jendeak benetan oso tratu ona ematen dio. Adibidez, te etxe askotan jendea berarekin hitz egitera gerturatzen zaio, tea ordaindu eta haren etxean gaua pasatzera gonbidatzen dute… Nahiz eta jende arraro eta desatsegin bakar batzuekin topo egin, gehiengoa benetan pertsona umilak eta jatorrak dira. Hauetako askok bidaian dituen arazo txikiak gainditzen laguntzen diote. Adibidez, Turkian, Ismet lagunak Iranera sartzeko bisa lortzen laguntzen dio; Irango Tabrizen, gizon batek (Peter Khan) hiria erakusten dio dohainik eta leku askotara eramaten du, esaterako, emakumeak ingelesa ikasten duten eskola batera. Han, protagonistak emakumeekin hitz egiteko parada du. Berarentzat izugarrizko aukera ona da hauek zer pentsatzen duten jakiteko, ez baita erraza Irango emakume batekin hitz egitea. Bertan konturatzen da oso pentsamendu desberdinak ditugula. Gu hango emakumeez errukitzen gara aurpegia estalita eraman behar dutelako, baina haietako askok ez dute kultura hau gaizki ikusten…

Bidaia bukatzear dagoenean eta Iranetik bueltan datorrenean, bertako beste neska bat ezagutzen du. Honek, ordea, oso ideia desberdinak ditu. Iranetik alde egin nahi du Europara eta bertan bizi. Zenbat buru, hainbat aburu eta bidaian zehar oso iritzi ezberdinak topatzen ditu. Batzuk oso arro daude bere biziaz eta beste batzuek, ordea, Iranetik alde egin nahi dute. Askok esango diote protagonistari izugarrizko zortea duela Europakoa izateagatik. Liburu honek kultura eta pentsamendu desberdinak pixka bat gehiago ezagutzeko abagunea ematen du.

Ekialdeko mamuak irakurtzeko liburu oso erraza da. Ekintzak oso azkar gertatzen dira eta, horren ondorioz, oso arin irakurtzen da. Gainera, beste kultura bateko bitxikeriak eta bizierak ikusteko aukera aparta eskaintzen digu. Turkia eta Irango kulturari buruz beste ikuspegi bat ematen du eta guri, mendebaldeko biztanleoi, ekialdeko pertsona eta kulturari buruz dugun ikuspuntu gutxietsia ezeztatzen laguntzen digu. Niri pertsonalki izugarri gustatu zait. Pertsona orori gomendatuko nioke liburua hau; izan ere, daukagun pentsatzeko era eta hainbat aurreiritzi aldaraz baititzake. Mota honetako kontaketekin konturatzen zara benetan ez duela garrantzirik nongoak garen edo nondik gatozen eta leku guztietan aurki daitekeela jende umil eta jatorra. Udako opor hauek egun ezin hobeak izan daitezke bidaia liburu batean murgiltzeko; beraz, animatu!

Comments { 0 }

Gizakiak gizaki izateari uzten dionean

torturaXXI. mendean bizi gara, gizarte aurrerakoi batean. Gizarte osoan aurrerapauso izugarriak eman dira, bai medikuntzan, bai ekonomian eta baita teknologia berrien munduan ere. Gizakiak ilargira joatea ere lortu du. Horrela ikusita, edozeinek esango luke gizarte perfektu batean bizi garela, ezta? Baina ez al da harrigarria medikuntzan eman diren aurkikuntzak eta egin diren asmakuntza guztiak ikusirik, animaliek oraindik ere jasaten dituzten torturak jasaten aritzea? Gainera, okerrena da tortura hauek hain daudela sartuta gure kulturan, non ez baikara konturatzen zein gogorrak eta ikaragarriak diren. Adibide garbiena, zezenketak, noski. Horregatik, gai honi buruz idaztea erabaki dut; jendea konbentzitu ahal izateko, tortura ez dela kultura, eta are gutxiago artea.

Zezenketa gure kulturan oso sartuta dago, baina ez dugu ahaztu behar, sartuta egon ala ez, tortura baino ez dela. Toreatzaileak ez du nahikoa zezena hiltzearekin; aitzitik, prozesu luze eta mingarri honetan animalia torturatzen du bizia kendu arte. Gainera, zezena ez da bere egoera naturalean ateratzen plazara. Honen aurretik, tortura ugari jasaten ditu: jipoitu egiten dute, sulfato kantitate handiak ematen dizkiote tripako mina eta nekea senti dezan, begiak baselinaz igurzten dizkiote ikusmena gutxitzeko asmoz… Horregatik, oso ahul iristen da zezen-plazara eta ez da gai izaten bere kabuz defendatzeko. Esan dezakegu “drogatua” iristen dela plazara; horrela, toreatzaileak ziurtatuta dauka borroka honen garaipena. Zer uste zenuten, baina, toreatzaileak zezen osasuntsu eta sendo bati aurre egiten ziola? Ez. Ikuskizunaren aurretik, dena ondo moldatzen dute animalia indartsuegi ez ateratzeko, gizakiaren garaipena ziurtatuz.

Bere tokian ipini

Baina jokoa ez da hemen bukatzen; izan ere, zezen gaixoari zezen-ziriak eta ezpata sartu ondoren (nahiko iraingarria nire ustez), belarria mozten diote bizirik egon arren.

Guztiarekin, dena den, okerrena da zezenketak ikustera joaten direnek gozatu egiten dutela animalia baten sakrifizioarekin. Ez al da nahiko bihozgabea, hori dena eginda, zezenaren sakrifizioa ospatzea? Nire ustez, jasanezina da; baina, tira, ikus dezakegunez, jendeari izugarri gustatzen zaizkio tortura makabroak.

larruazalakBeste alde batetik, animalien larruazalaren arazoa dago; izan ere, gero eta animalia gehiago akabatzen dira beraien larruazala erabiltzeko asmoz. Larru-industriek urtero 140 milioi animalia baino gehiago hiltzen dituzte mundu osoan larruazala kendu eta jantziak egiteko. Baina larrugintzak ez dakar bizidunen heriotza bakarrik, sufrimendua ere badakar. Larrua kendu ahal izateko, animalia astintzen dute makila bat erabiliz, hauek konortea galtzen duten arte. Baina ez dute piztia hiltzen, hobe baita azala bizirik daudenean kentzea. Honek, noski, animaliaren sufrimendua areagotzen du.

Bestalde, ekintza basati honek ehunka animaliaren bizia arriskuan jarri du; izan ere, bizidun asko galdu dira eta beste asko galzorian daude industria hauengatik. Adibide garbiak dira kastorea, pantera, itsas igaraba, tigrea, koala, txintxilla, katamotza, hartza eta beste hainbeste. Galdera, dena den, hauxe izango litzateke: beharrezkoak al ditu gizakiak horrelako larruazalak? Erantzuna uste dut garbia dela. Nahiz eta pertsona batzuek animalien azalez eginiko arropak gustuko izan, inork ez ditu beharrezko foka, azeri edo beste edozein animaliarekin eginiko jantziak. Honek guztiak bizi garen gizarte kontsumista agerian uzten du.

Bukatzeko, esan nahi dut nik bi animalia tortura motaz baino ez dudala hitz egin; halere, beste asko daude. Txinan, adibidez, hartzen bilisa erabiltzen dute propietate sendagarriak dituela pentsatzen dutelako. Noski, ez da egia. Mundu osoan kasu desberdin ugari daude eta nik, behintzat, ez dut bat gogoko; horregatik, edozein tortura dela, horren kontra borrokatuko dut. Espero dut artikulua irakurri ondoren, zuek ere begiak ireki eta hauen aurka ihardukitzea.

Hementxe uzten dizuet Reincidentes taldeak zezenketaren kontra idatziriko abesti bat. Letra entzun besterik ez duzue, ezin hobea!

Comments { 4 }
-->