Jon Arretxe Basaurin jaio zen 1963. urtean. Euskal Filologian doktore gradua lortu zuen eta Heziketa Fisikoan ere lizentziatua da. Izugarri gustatzen zaio bidaiatzea eta abenturak bizitzea. Honek bere bidaiei buruzko liburuak idaztera bultzatu du.
Denetarik idatzi du: narrazioak, nobelak, haur eta gazte literatura… Nobelen esparruan, adibidez, Urrezko triangelua, Manila konexioa eta Kleopatra topa ditzakegu; narrazioan, aldiz, Ostegunak, Ostiralak eta Larunbatak trilogia, Zazpi kolore, Oroituz eta Sustrai beltzak, besteak beste. Haur eta gazteen literatura ere jorratu du. Esaterako, Hakuna matata, Harresi handirantz eta Lurraren taupadak. Egindako bidaia baten kronika liburua da nik irakurri dudan Ekialdeko mamuak. Hala ere, baditu gehiago genero honen barnean: Tubabu, Tuparen seme-alabak (Beñatek emango digu honen berri) eta Griot.
Ekialdeko mamuak, arestian esan bezala, Jon Arretxek buruturiko bidaia baten kronika da. 2001. urtean, New Yorkeko Dorre Bikien erasoaren ondoren, Istanbulera abiatzen da idazlea aspalditik pentsatutako bidaia egitera. Bere asmoa Turkiatik atera eta Iraneko muga zeharkatuz, Teheranera iristea da. Horretarako bizikleta hartu eta bidaiari ekiten dio, 2.500 kilometro zeharkatuz bidaia osoan.
Liburuan zehar zeharkaldi honetan gertatzen zaizkion jazoerak eta bidean ezagututako jendearekin dituen erlazioak kontatzen ditu egunkari baten bitartez. Beldurrez hasten du bidaia, bertara joateko momentu egokia ez ote den pentsatuz. Baina beldur hauek alde batera utziz, bidaian murgiltzen da bertako jendeak zer pentsatzen duen eta nola bizi den bere begiekin ikustera. Noski, ez ditu bertako hizkuntzak ezagutzen eta batzuekin ingelesez hitz egiteko aukera izan arren, beste batzuekin keinuka edo ahal duen moduan mantentzen du harremana. Herri eta hiri mordoa zeharkatu eta ezagutzeko aukera izaten du.
Denbora aurrera joan ahala, konturatzen da oso ikuspegi okerra dugula mendebaldekoek turkiar eta irandarrei buruz. Jendeak benetan oso tratu ona ematen dio. Adibidez, te etxe askotan jendea berarekin hitz egitera gerturatzen zaio, tea ordaindu eta haren etxean gaua pasatzera gonbidatzen dute… Nahiz eta jende arraro eta desatsegin bakar batzuekin topo egin, gehiengoa benetan pertsona umilak eta jatorrak dira. Hauetako askok bidaian dituen arazo txikiak gainditzen laguntzen diote. Adibidez, Turkian, Ismet lagunak Iranera sartzeko bisa lortzen laguntzen dio; Irango Tabrizen, gizon batek (Peter Khan) hiria erakusten dio dohainik eta leku askotara eramaten du, esaterako, emakumeak ingelesa ikasten duten eskola batera. Han, protagonistak emakumeekin hitz egiteko parada du. Berarentzat izugarrizko aukera ona da hauek zer pentsatzen duten jakiteko, ez baita erraza Irango emakume batekin hitz egitea. Bertan konturatzen da oso pentsamendu desberdinak ditugula. Gu hango emakumeez errukitzen gara aurpegia estalita eraman behar dutelako, baina haietako askok ez dute kultura hau gaizki ikusten…
Bidaia bukatzear dagoenean eta Iranetik bueltan datorrenean, bertako beste neska bat ezagutzen du. Honek, ordea, oso ideia desberdinak ditu. Iranetik alde egin nahi du Europara eta bertan bizi. Zenbat buru, hainbat aburu eta bidaian zehar oso iritzi ezberdinak topatzen ditu. Batzuk oso arro daude bere biziaz eta beste batzuek, ordea, Iranetik alde egin nahi dute. Askok esango diote protagonistari izugarrizko zortea duela Europakoa izateagatik. Liburu honek kultura eta pentsamendu desberdinak pixka bat gehiago ezagutzeko abagunea ematen du.
Ekialdeko mamuak irakurtzeko liburu oso erraza da. Ekintzak oso azkar gertatzen dira eta, horren ondorioz, oso arin irakurtzen da. Gainera, beste kultura bateko bitxikeriak eta bizierak ikusteko aukera aparta eskaintzen digu. Turkia eta Irango kulturari buruz beste ikuspegi bat ematen du eta guri, mendebaldeko biztanleoi, ekialdeko pertsona eta kulturari buruz dugun ikuspuntu gutxietsia ezeztatzen laguntzen digu. Niri pertsonalki izugarri gustatu zait. Pertsona orori gomendatuko nioke liburua hau; izan ere, daukagun pentsatzeko era eta hainbat aurreiritzi aldaraz baititzake. Mota honetako kontaketekin konturatzen zara benetan ez duela garrantzirik nongoak garen edo nondik gatozen eta leku guztietan aurki daitekeela jende umil eta jatorra. Udako opor hauek egun ezin hobeak izan daitezke bidaia liburu batean murgiltzeko; beraz, animatu!
No comments yet.