Lehengoan, Berria egunkaria irakurtzen ari nintzela, albiste pozgarri honekin egin nuen topo:
D ereduko laugarren lerroa jarriko dute Patxi Larrainzarren. Iruñeako ikastetxean tokirik gabe gelditu ziren hamabi haurrek han ikastea onartu du Nafarroako Gobernuak.
Gurasoek hamaika ekimen egin ondoren, tartean hainbat elkartze eta prentsaurreko, ahalegin horiek guztiek eman dute bere fruitua, azkenean, D ereduko laugarren lerroa jarriko baitute Patxi Larrainzarren.
Zoritxarrez, ez du luzaroan iraun poz honek, orriari buelta eman eta honelako hau irakurri dudanean:
Ele biko unibertsitatea kalitate txarrekoa izango litzatekeela adierazi du Nafarroako presidenteak
.
Komunikabideen aurrean egindako adierazpenetan bazterrean utzi zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoa ele bikoa izateko aukera. BETIKO LEPOTIK BURUA!
Honek guztiak, Nafarroa Oinezeko logoa ekarri dit burura. Bertan agertzen den zurrunbiloak ikastetxe hauek aurrera egiteko dituzten oztopoetan pentsarazi dit. Ez da samurra urte osoan zehar ikastola hauek egin beharreko lana eta bota beharreko izerdia hau guztia ondo irten dadin. Nafarroa Oinez euskal kulturaren alde egiten duten ikastetxeen ospakizuna da. Urtero-urtero ikastetxe ezberdin batek antolatzen du hauek duten premiaren arabera. Aurten, Berako Labiaga ikastolari egokitu zaio antolakuntza honen buru izatea.
Ez da Berak Nafarroa Oinez ekimena antolatzen duen lehenengo aldia, bai 1983ko bai 1994ko ekitaldiak bertan egin baitziren. Lehenengoan, euskaltzale guztioi esker, sekulako arrakasta lortu zen eta aurrez ezarritako helburuak betetzeko adina laguntza jaso zuten. 1994ko ekitaldira ere 80.000 pertsona inguratu baziren ere, iluntzean, gertakizun desatsegin bat zela eta giroa ilundu zen (polizia nazionala sartu zen eta bertan zegoen jendearen aurka kargatu zuen).
Aurtengo jaialdia ere arrakastatsua izatea espero da; izan ere, kontuan hartu behar baita, Nafarroa Oinez ez dela egun bateko lana, urte osoan zehar jende askoren inplikazioa eskatzen duen ekintza baizik.
Beste alde batetik, festa gune ezberdinetan banatuta egongo da adin guztiko jendearentzat jarduera ugarirekin. Abestia, berriz, Skalariak taldearena da eta letra Estitxu Arozenak idatzia. Beste urteetan bezalaxe, aurten ere helburu nagusia ikastolen egoera ekonomikoa arintzea da; beraz, denak gonbidatzen zaituztet bihar ospakizun honetara hurbil zaitezten, Berako ikastolak bere helburuak bete ditzan. ORAINGOAN BAI!
Abestia entzun nahi duzu?
powered by ODEO
Iruzkin berriak