About lidia.arana

Author Archive | lidia.arana

Telebistak gizendu? Bai, haurrak batez ere…

obesitateaGaur egun ohituta gaude telebista piztu eta mota guztietako opil, freskagarri eta litxarrerien iragarkiak ikustera. Ez gara konturatzen, ordea, haurrengan duten eraginaz, produktu hauek kontsumitzera bultzatzen baitituzte, gizentasunaren alde eginez. Horren aurkako neurriak hartu beharko lirateke eta itxuraz hartzen dira, baina telebista kateek ez dituzte betetzen; beraz, zer egin dezakegu hiritarrok horren aurka?

Denok ezagutzen dugun elikaduraren piramidearen lehenengo mailan egunero kontsumitu beharreko elikagaiak topa ditzakegu; bigarrenean, astean zenbait aldiz kontsumitu beharrekoak, eta, azkenik, hirugarrenean, noizbehinka bakarrik kontsumitu behar direnak. Hala ere, “Consumer” aldizkariak egindako ikerketa batean behatu zutenez, gehien iragartzen diren hamabost produktuen %80 hirugarren mailako produktuak dira, hau da, elikagarritasun balore gutxiena izateagatik onuragarriak ez direnak. Beste %20 bakarrik da elikagai osasungarrien ingurukoa, galletak edo legamiatutako esneak esate baterako. Gainera, egunero kontsumitzea gomendatzen diren produktuak -zerealak, pasta, arroza, ogia, frutak eta barazkiak bezalakoak- ez dira ageri hamabost produktu horien artean.

Esan bezala, iragarkiek osasunerako gomendagarriak ez diren produktuak aurkezten dituzte; izan ere, ia emititzen direnen erdia ezin da osasungarritzat hartu. Gehien agertzen direnak azukre eta koipe gehiegi dituzten produktuak dira; barazki eta fruituenak, ordea, nahi baino gutxiago ikus ditzakegu. Aurretik aipatutako ikerketak dioenez, produktu osasungarriek iragarkien %2 baino ez dute betetzen. Ikerketa honetan aztertu zituzten iragarkien %15 elikaduraren sektorekoak izan ziren. Sektore honetaz gain, ikusitako iragarkiak beste hogei bat sektoretan banatu dituztela kontuan hartuta, kopuru handia da.

obesitatea_2Aipatzekoa da gure herrialdearen egoera (Espainiak bereziki arazo larria du osasun publikoan haurren gizentasunari dagokionez ,%16), Europar Batasuneko kopuru handiena baita bertakoa. Telebistak du horren erru handia, gomendatzen denaren aurkakoa iragartzen baita. Elikaduran eta osasunean adituek esaten dutenez, arazoari aurre egiteko era bakarra kontsumoari dagozkion egokiak ez diren ohiturak aldatzea eta bizimodu osasungarriagoa eramatea da. Horretarako, telebista erabiltzea ondo legoke, haur eta gazteek ordu ugari pasatzen baitituzte aparatu honen aurrean. Antza denez, guraso eta hezitzaile asko aditu hauen ideiekin bat datoz, eta telebistak erabiltzen dituen estrategiek gazte eta haurrengan ohitura txarrak eragiten dituztela uste dute. Honek, gure herrialdean argi geratzen denez, gizentasuna dakar.

Hala ere, egia da telebista kateek akordio bat sinatu zutela 2004an haurrak eduki batzuetatik babesteko. Egia da arau etiko batzuk betetzea adostu zutela. Dena dela, haurrek telebista gehien ikusten duten orduak Gobernuak eta telebista kateek babestutako ordutegi horretatik kanpo daude. Hori gutxi balitz, agerian geratu da beste ikerketa batean telebista kateek beraiek ezarritako arau hauek hautsi dituztela. Beraz, hasierako galderara itzultzen gara: ba al dago ezer egiterik? Agian, gurasoek esfortzu handiagoa egin beharko lukete euren haurren elikadura kontrolatu eta horrela gizentasun arazo gutxiago izateko.

Amaitzeko, ez noa aurretik esandako guztiari pisua kentzera, telebistak eragin handia duela pentsatzen dut, haurrengan batez ere; halere, ez da bidezkoa gailu honi egokitzea arazoaren erantzukizun osoa. Gaur egun, manipulatu egiten gaituzte, onerako eta txarrerako. Argi dago ez dugula telebistan edo bestelako komunikabideetan agertzen den guztia sinetsi behar. Ez genioke eduki horri guztiari jaramonik egin behar. Beraz, ondo legoke arazo hau konpontzeaz gain, gurasoek euren seme-alaben elikadurarenganako ardura gehiago izango balute. Bide batez, haurrek telebista gutxiago ikustea ere ez litzateke gaizki egongo, euren mesederako.

Comments { 4 }
-->