Egunero klasean egindakoa etxera ekarri behar da egunero ikas dezazun, zeuk egin behar duzu azterketa eta ez nik, ikasi, ikasi… Zenbat aldiz entzun beharra izaten ditugu hitz hauek gurasoengandik? Nik, zoritxarrez, maiz. Haiek ikasteaz eta nota onak ateratzeaz arduratzen dira, beste ezer kontuan izan gabe. Bizkar-zorroa egunero etxera eramateak ekar ditzakeen ondorioez ari naiz, ez baitira batere onak. Zama daramazun momentuan ez du eraginik izango agian, baina jakina da, gerora begira, izugarrizko kalteak sor ditzakeela. Larriena da pisuaren kontua aitzakia dela uste dutela. Ez da txantxetako gauza bat, ordea, hau ganorazko kontua da.
Hasteko, esan beharra dago bizkar-zorroek, behar bezala erabiltzen diren bitartean, ez dutela arazorik sortzen; aitzitik, oso erosoak izan daitezke. Arazoa dator oker erabiltzen ditugunean, eta ez naiz motxila alde batean edo bestean eramateaz hitz egiten ari (honek ere sekulako kalteak dakartza, baina hau beste kontu bat da), pisuaz baizik. Adituen arabera, gure pisuaren %10 eraman beharko genuke, ez da egokia bakoitzari dagokion pisua baino gehiago eramatea. Honek esan nahi du, pertsona batek 50 kg pisatuz gero, ezingo lukeela 5 kg baino gehiago dituen bizkar-zorrorik eraman. Duela egun batzuk nire motxila pisatu nuen (astelehen batean eraman beharreko gauzez beterik) eta 6,4 kg-ko pisua zuen; beraz, ez dut uste zaila denik zama gehiegi eramatea.
Maiz entzuten dugu Eskoliosi hitza, gero eta gehiago. Hau gaixotasun bat da, bizkar hezurraren zeihardura sortzen duena. Bizkarrean zama gehiegi eramateak ez du gaixotasunik eragiten, gorputz-jarreraren alterazioak eta kontrakturak baizik. Oraindik, behintzat, ez da hori frogatu (gaixotasuna eragiten duenik), baina ez dut uste frogatzeko beharrik dagoenik gerora begira kalte handiak ekar ditzakeela jakiteko.
Arazo honi aurre egiteko, teknologia berriak proposatuko nituzke; ordenagailu portatilak, esate baterako. Ez dut uste zentzuzkoa denik dauzkagun tresnak edukita, testu liburuekin jarraitzea. Idaztiak aurreko kontuak dira, bada garaia tresna hauekin lanean hasteko. Ez dut esan nahi bat-batean aldatu behar dugunik, ez baita batere erraza gure belaunaldiarentzat liburutik ikastetik ordenagailutik ikastera pasatzea. Niri neuri oso zaila egiten zait horrelako aparatu batetik liburu bat irakurtzea edota ikastea, baina horregatik ohitu behar ditugu haurrak horretara. Txikitatik ordenagailuan irakurtzen irakasten badiegu, arraroa liburutik ikastea izango litzateke haientzat, eta hori aurrerapauso handia da. Gainera, liburu bat eta ordenagailu bat erkatzen baditugu, argi dago bigarren honek baliabide gehiago eskaintzen dituela. Biologiako klasean, adibidez, beti pizten dugu eta bertatik bideoak ikusten ditugu. Bideoek oso lagungarri gertatzen dira edukia ulertzeko garaian.
Laburbilduz, gaur egun, bigarren batxilergoan ikasten duen pertsona batentzat, behintzat, ezinezkoa da egunero klasean landutakoa etxera eramatea. Lehen esan bezala, bizkarreko arazo larriak ekar ditzake. Ez hori bakarrik, argi dago -nahiz eta horretan ez naizen luzatu-, askoz ere baliabide gehiago dituztela ordenagailuek. Guraso askok aitzakia dela uste dute -eta jende askok atzakiatzat erabiliko du kontu hau-, baina ez da txantxetakoa. Ez dut ulertzen konponbidea muturren aurrean edukita, egoera aldatzeko gai ez izatea. Zergatik itxaron?
Iruzkin berriak