About maialen.otamendi

Author Archive | maialen.otamendi

Pikutara testu liburuak!

Egunero klasean egindakoa etxera ekarri behar da egunero ikas dezazun, zeuk egin behar duzu azterketa eta ez nik, ikasi, ikasi… Zenbat aldiz entzun beharra izaten ditugu hitz hauek gurasoengandik? Nik, zoritxarrez, maiz. Haiek ikasteaz eta nota onak ateratzeaz arduratzen dira, beste ezer kontuan izan gabe. Bizkar-zorroa egunero etxera eramateak ekar ditzakeen ondorioez ari naiz, ez baitira batere onak. Zama daramazun momentuan ez du eraginik izango agian, baina jakina da, gerora begira, izugarrizko kalteak sor ditzakeela. Larriena da pisuaren kontua aitzakia dela uste dutela. Ez da txantxetako gauza bat, ordea, hau ganorazko kontua da.

Hasteko, esan beharra dago bizkar-zorroek, behar bezala erabiltzen diren bitartean, ez dutela arazorik sortzen; aitzitik, oso erosoak izan daitezke. Arazoa dator oker erabiltzen ditugunean, eta ez naiz motxila alde batean edo bestean eramateaz hitz egiten ari (honek ere sekulako kalteak dakartza, baina hau beste kontu bat da), pisuaz baizik. Adituen arabera, gure pisuaren %10 eraman beharko genuke, ez da egokia bakoitzari dagokion pisua baino gehiago eramatea. Honek esan nahi du, pertsona batek 50 kg pisatuz gero, ezingo lukeela 5 kg baino gehiago dituen bizkar-zorrorik eraman. Duela egun batzuk nire motxila pisatu nuen (astelehen batean eraman beharreko gauzez beterik) eta 6,4 kg-ko pisua zuen; beraz, ez dut uste zaila denik zama gehiegi eramatea.

Maiz entzuten dugu Eskoliosi hitza, gero eta gehiago. Hau gaixotasun bat da, bizkar hezurraren zeihardura sortzen duena. Bizkarrean zama gehiegi eramateak ez du gaixotasunik eragiten, gorputz-jarreraren alterazioak eta kontrakturak baizik. Oraindik, behintzat, ez da hori frogatu (gaixotasuna eragiten duenik), baina ez dut uste frogatzeko beharrik dagoenik gerora begira kalte handiak ekar ditzakeela jakiteko.

Arazo honi aurre egiteko, teknologia berriak proposatuko nituzke; ordenagailu portatilak, esate baterako. Ez dut uste zentzuzkoa denik dauzkagun tresnak edukita, testu liburuekin jarraitzea. Idaztiak aurreko kontuak dira, bada garaia tresna hauekin lanean hasteko. Ez dut esan nahi bat-batean aldatu behar dugunik, ez baita batere erraza gure belaunaldiarentzat liburutik ikastetik ordenagailutik ikastera pasatzea. Niri neuri oso zaila egiten zait horrelako aparatu batetik liburu bat irakurtzea edota ikastea, baina horregatik ohitu behar ditugu haurrak horretara. Txikitatik ordenagailuan irakurtzen irakasten badiegu, arraroa liburutik ikastea izango litzateke haientzat, eta hori aurrerapauso handia da. Gainera, liburu bat eta ordenagailu bat erkatzen baditugu, argi dago bigarren honek baliabide gehiago eskaintzen dituela. Biologiako klasean, adibidez, beti pizten dugu eta bertatik bideoak ikusten ditugu. Bideoek oso lagungarri gertatzen dira edukia ulertzeko garaian.

Laburbilduz, gaur egun, bigarren batxilergoan ikasten duen pertsona batentzat, behintzat, ezinezkoa da egunero klasean landutakoa etxera eramatea. Lehen esan bezala, bizkarreko arazo larriak ekar ditzake. Ez hori bakarrik, argi dago -nahiz eta horretan ez naizen luzatu-, askoz ere baliabide gehiago dituztela ordenagailuek. Guraso askok aitzakia dela uste dute -eta jende askok atzakiatzat erabiliko du kontu hau-, baina ez da txantxetakoa. Ez dut ulertzen konponbidea muturren aurrean edukita, egoera aldatzeko gai ez izatea. Zergatik itxaron?

Comments { 1 }

Non gogoa, han zangoa

Comments { 1 }

Eliza, pederastiaren sopikun!

Azkenaldi honetan asko entzuten ari gara apaiz pederasten inguruko berriak. XX. mendearen erdialdetik aurrera ugaritu egin dira elizgizon hauen aurkako salaketak sexu gehiegikerien ondorioz. Kasu asko ari dira agerira ateratzen, baina hau ez da gaur egungo kontu bat. Komunikabideetan azaldu ez arren, hau beti gertatu izan den kontu bat da. Pederasta gehiengoak apenik gabe geratzen dira eta Elizaren babesa jasotzen dute gertaera hauek ezkutatuz, inongo salaketarik egin gabe eta inplikaturik dauden apaizak elizbarruti batetik bestera eramanez, eskua sartzen jarrai dezaten. Horrenbestez, esan dezakegu Eliza pederastiaren sopikun bihurtzen dela.

Oraindik orain, Elizak kritika asko jasan behar izan ditu horrelako gertaerak argitaratu direnean, zenbait gotzainek erakutsi duten jarrerarengatik; biktimekiko agertu duten hoztasunarengatik, esate baterako. Hoztasun honi buruz hitz egitean, kasuak ez argitaratzearren ordaintzen dituzten dirutzaz mintzatzen ari natzaizue. Kaltetuei laguntzak eskaini beharrean, biktimen isiltasuna erosten dute. Oso larria da abusuak egitea, are larriagoa apaiz batek burutzea, baina ez zaio garrantzirik kendu behar aurrez aipaturiko Elizaren jarrerari. Lotsagarria da, transmititzen dituzten baloreak kontuan hartuta, jokaera hau edukitzea.

Beste alde batetik, zenbait kasutan biktimek ez dute jaso familiaren babesa ezjakintasunagatik, beldurragatik eta, gehienetan, apaizekiko zuten errespetuagatik. Senide batzuek, jakinaren gainean egonagatik, ezikusiarena egin izan dute, beste alde batera begiratuz, Eliza babestearren. Baina, zorionez, XXI. mendean beldur hauek bukatu dira eta horregatik lehertu da eskandalua. Bazen garaia!

Eliza katolikoaren ezaugarri bat apaizen zelibatua da. Batzuen aieruz, apaizek ezkontzeko baimena izango balute, ez lirateke hainbeste pederasta egongo, emaztearekin -eta ez haur gajo batzuekin- bere betebehar fisikoak asetzeko aukera izango luketelako. Baina ez dut uste hau pisuzko arrazoi bat denik, pederastia kasuak elizatik kanpo ere ematen baitira. Halaber, frogatuta dago lege hau ez dagoen beste erlijioetan ere makina bat kasu daudela. Beste batzuen ustez, berriz, apaiz zelibatuaren aitzakiarekin sartzen dira instituzio honetan; izan ere, inork ez luke inoiz pentsatuko apaiz bat hori egiteko gai denik. Ez hori bakarrik, jakina da apaizek hezkuntzan protagonismo berezia izan dutela eta haurrekin kontaktua izatea ez dela beste munduko ezer.

Orain arte, delitu hau burutzen zuten apaizek Aita Santuaren barkamena jasotzen zuten, eta zigorrik gabe geratzen ziren; egungo eskandalu honekin, ordea, gauzak aldatzea espero dut. Pederastia delitu bat da, eta edonork hamar urte baino gehiagoko kartzela zigorra jasan beharko luke (gutxiegi dela esango nuke, baina horrela dago legea jarrita). Legearen aurrean denok berdinak garenez, apaiz pederastak pareko zigorrak jaso beharko lituzkete, hori izango litzateke justizia. Bestalde, elizatik kanporatuak ere izan beharko lukete. Horrelako kasuek ez dituzte biktimak bakarrik mintzen, Elizaren irudia ere zikintzen da eta, dagoeneko, zikindu samarra dagoela uste dut.

Bideo interesgarri bat ipini nahi nizuen (watch?v=2JRPuP_J2iI”>Papa Benedicto XVI, encubridor de pederasta), baina ezin da txertatu (Embedding disabled by request). Goiko estekan klik eginda, youtuben bertan ikusi ahal izango duzue.

Comments { 1 }
-->