About maitane.gonzalez

Author Archive | maitane.gonzalez

Iñaki Alkiza: “Etorri zen, ahaleginak egin nituen eta trankil geratu naiz”

Lo egin ezinik nenbilenez, goizean goiz esnatu nintzen. Eguzkiak gogoz jotzen zuen bitartean, elkarrizketarako galderak behin eta berriro irakurtzeari ekin nion; pentsatzen nuena baino urduriago nengoen. Iñaki Alkizarekin egina nuen hitzordua, ez bakarrik hura elkarrizketatzeko baita elkarrekin bazkaltzeko ere. Bapo bazkaldu ondoren ekin genion elkarrizketari.

Iñaki Alkizak ez du aurkezpenik behar; izan ere, bai futbolean nahiz politika munduan zeresan handia izan duen gizona baita. Donostiarra, Realeko jokalari eta presidente eta Gipuzkoako Diputatu Nagusia izateko hautagai izateaz gain, Gipuzkoako Batzar Nagusietakoko lehendakaria izatera heldu zen.

Iñaki, gaztetako kontuekin hasiko gara. 22 urte baino ez zenituela, Realak fitxatu zintuen. Hasieran, Hernani Kirol Elkartean jokatzeari ekin zenion, Realak fitxatu zintuen arte. Nola izan zen fitxaketa hori edo? Bueno, neure burua ez nuen ez jokalari on ezta jokalari txartzat hartzen: ni beste jokalarien modukoa nintzen. Halere, pentsatzen jarriz gero, zerbait hobea agian izango nintzen, Reala bezalako talde batek fitxatzeko. Hernanin jokatu ondoren, Eibarrean eman nituen urte batzuk; Urko izan zen nire entrenatzailea. Partidu bat izan genuen, eta bost eta hiru irabazi genuen. Nik bi gol sartu nituen, eta hurrengo egunean nire bila etorri ziren. Egun hartatik gaur egunera arte gauza anitz pasatu dira.

Oker ez banago hasiera-hasieratik titularra izan zinen. Nola bizi izan zenuen garai hura? Gazte, kirolari on, arrakastatsu… Nola bizi izan nuen garai hura? Egia esan, aspaldiko gauzak dira, eta ez ditut oso ondo gogoratzen; dena den, pentsatzen jarriz gero, ondo pasatu nuela uste dut. Urtebere igaro nuen Eibarren. Horiek urte politak izan ziren; niri, behintzat, oroitzapen onak datozkit burura. Realean ere aritu nintzen. Bertan bost urte igaro nituen. Egun batean, baina, mina sentitu eta geroztik gauza asko gertatu ziren.

1961ean futbola alde batera utzi, eta politika munduan murgildu zinen. Entzun dudanez, Donostiako udaletxean kudeatzaile moduan ere aritu zinen. Baina nolatan futboletik atera eta politikan sartu? Bi munduak oso ezberdinak dira, ezta? Urte asko igaro ziren futbola utzi eta udaletxeko lanetan hasi nintzenerako. Baina, bai; egia esan, bi munduak oso ezberdinak dira. Hala ere, bietatik milaka oroitzapen ditut buruan. Futbolean, Atletico Madriden aurka izandako partidua sarritan dut gogoan: bost eta zero irabazi genuen, eta, egia esan, oraindik barrenean dudan oroitzapen maitatuenetariko bat da. Politikari dagokionez, Donostiako Udalako garai horretan, lanera joaten nintzen; ez dakit lana behar bezala egingo nuen, baina lanera joaten nintzen, bai.

Urtebete igaro ondoren, udaletxeko kargua alde batera utzi eta berriro ere futbol munduan sartu zinen. Realean oraingo honetan zuzendaritza lana egiten hasi zinen, azkenik presidente izatera iritsiz. Presidente garai hartatik, zein azterketa egiten duzu? Nire ustez, oso polita izan zen. Hasieran, Realeko presidente izan aurretik, arkitekto moduan aritu nintzen lanean lauzpabost urtez; hau da, Donostiako alkate urtebetez izan eta kudeatzaile moduko lan hori amaitu ondoren gertatu zen hori guztia. Ondoren, 1983an egin ninduten Realeko presidente. Bertan hamar urte igaro nituen, 1993ra arte. 86-87ko denboraldian kopa irabazi genuen, eta hori oso gauza pozgarria dela iruditzen zait. Harrezkero, urte asko izan dira Realean gora eta behera: 1956an sartu nintzen lehenengo aldiz jokalari moduan, 1961ean atera politika munduan sartzeko eta gero berriz bueltan… Orain konturatzen naizela, urte dezente igaro nituen Reealean gero!

Presidente lanetan hasi zineneko urtea Realarentzat oso urte garrantzitsua izan zen: ligako bi tituluak irabazteaz gain, Europako Kopan finalerdietara iritsi berriak ziren. Zuk presidentzia hartu zenuenean, bi aldaketa nagusi egin zenituen. Lehenik, John Benjamin Toshack teknikari izendatu zenuen Alberto Ormaetxearen ordez; bigarrenik, jokalari kanpotarrak fitxatzeari ekin zenion. Nolatan bi aldaketa horiek? Zer dela eta bi teknikarien arteko aldaketa? Kanpotarrak Realean? Zure ustez, horrek guztiak onurak ekarri al zituen? Garai hartan gauza asko gertatu ziren: futbol mailan oso goian ibiliak ginen, bospasei urte zori ona ondoan genuela aritu ginen. Baina, pixkanaka-pixkanaka jaisten hasi ginen, gero eta gehiago… Orduan, entrenatzaile berria behar genuela pentsatu genuen. Denboraldi txar horri buelta emango zion norbaiten bila hasi, eta orduan John Benjamin Toshack azaldu zen. Garai hartan, denbora izan genuen gauzak pixka bat aldatzeko, eta atzelariak ekartzea ere bururatu zitzagun. Baina atzelariak ekarri behar genituen denboraldi hartan Toshack oraindik ez zen gurean. Norbait ekarri behar genuen; beraz, norbait horren bila Londresera abiatu ginen. Bertan Celtic-eko entrenatzaile batekin hitz egin genuen, Realaren aurka jokatu zuen partidu batean ezagutu genuena. Garai hartan, Ingalaterrako bigarren mailako talde bateko entrenatzaile moduan zebilen. Igoera jokatzen ari ziren, baina esan zigun igotzen ez baziren Realera etorriko zela. Azkenean, mailaz igo eta, orduan, bera beste norbaiten bila hasi zen. Berak aipatu zigun Toshack . Horrela ekarri genuen.

Diozun legez, Realeko presidente zereginetan urteak eman zenituen. Zergatik utzi zenuen presidentzia? Urte gehiegi ziren Realean. Gainera, Bittor semea futboleko jokalari bezala sartu zen, Realak fitxatu egin zuen. Gauza gehiegi entzun behar izan nituela iruditu zitzaidan, eta, ondorioz, futbola alde batera uztea erabaki nuen. Eman behar nituen urteak nahikoa eta soberan eman nituela iruditu zitzaidakoan nago.

Zure seme Bittor ere ezaguna da. Pozgarria izango zen zuretzat futbol munduan sartzea… Pentsatzen dut nire kasuan zeuden edota dauden gehiengoari pozgarria egingo zaiola: semea zu bezala futboleko jokalari, eta, gainera, zure talde berekoa izateak pozten du, zalantzarik gabe. Bittorrez gain, beste bi seme ditut. Ahal izan dudan momentu guztietan ahaleginak egin ditut behar den bezala hazteko… Gainera, futbol jokalari izan nahi horrek nire barrenak nahasten dituen zerbait izaten jarraitzen du oraindik, egia esan.

Politikan murgilduz, Guipuzkoako Batzar Nagusietako batzarkide izendatu zintuzten. Ondoren, bertako lehendakariorde izan zinen 95-99ko legegintzaldian. Azkenean, 99-03ko legegintzaldian, Guipuzkoako Batzar Nagusietako presidente hautatua zintuzten. Erantzukizun handiko kargua izanik, presio handia izango zenuen, ezta? Nola bizi izan zenuen garai hura? Zure bizitzak aldaketa handia eman zuen? Egia esan, urte gehiago izan ziren gora eta behera. Lehenengo lau urteak, aurretik esan dudan bezala, onak izan ziren. Ondorengoetan, lehendakari garaikoetan hain zuzen ere, gauza asko gertatu ziren. Ni bertan egon nintzen. Ahaleginak egin nituen dena ondo joateko, eta dena behar zen moduan ateratzeko. Nire ustez, ni eta beste guztiok ondo atera ginen garai hartatik, eta hori garrantzitsuena dela iruditzen zait. Aldaketak ere eman nituen. Eskubitik hasita ezkerrerainoko arku handi horretan guztiekin behar nuen moduan jokatu nuela uste dut: denekin hitz egiten nuen, besteen ideiak errespetatzen nituen eta harreman irekiak izaten nituen gehiengoarekin.

Baina denak zeuden ados zuk egin edota esaten zenuen guztiarekin? Ez, ez. Bai Realean pasatutako urte guztietan, bai politikan igarotakoetan, pentsatzen dut izango nuela jendea nire ideien eta nire eginkizunen aurka. Baina, gure gizarte, kargu garrantzitsua duen zerbaitetan murgilduta zaudenean, beti denetarik entzun beharra dagoela uste dut: sarritan gauza atseginak izango dira, baina beste batzuetan desatseginak ere bai. Horregatik, norberak ahal duen ahalegina egitea da modu egokiena.

Urteekin aurrera jarraituz, 2003an, bai politika eta bai futbola alde batera utzi zenituen. Bietan bizipen interesgarriak izango zenituelakoan nago. Atzera begira, bat aukeratzekotan, zein aukeratuko zenuke? Zaila da aukeratzea. Ezberdina da 20 urte dituzunean egiten dituzun gauzak eta duzun pentsaera eta 50 urte edo gehiago dituzunean. Atsegingarriak urte guztiak izan daitezke, baina pentsaerak zeresan handia duela iruditzen zait; izan ere, urteak aurrera doazen heinean, pertsona bera ere aldatzen baitoa.

Eta bi alorretatik zein izan zen gertakari politena edota gehien gogoratzen duzuna? Gertakari politenak aukeratzekotan, futboleko urteekin geratuko nintzeteke. Politikan ere badaude, baina gehienak buruhausteak dira. Futbolean ere badaude kezkak, noski; halere, partidu bat jokatu eta irabaztean, txapeldun sentitzen zara, nahiz eta hori momentuko kontua izan. Hurrengo egunean pentsatu beharra dago “atzokoa amaitu da, txarra edo ona izan”. Garaipen bat izaten denean, gerora zen egin behar duzun, norekin egon behar zaren, zein aldaketa eman behar duzun… pentsatu beharra dago. Pozak ordu batzuk besterik ez du irauten, hurrengo egunean gauzak beste modu batera suerta daitezkeelako. Parrandak ere, futbol garaian leku zabala hartzen du. Gazteak ginen jokalari gehienak, ezagunak, lagunak… Oso ondo pasatu ohi izan genuen elkarrekin, eta arratsaldeko partiduan garaipena lortuz gero, gaua parrandan igarotzen genuen. Egia esan, parrandan ibiltzea oso gustuko nuen.

Eta, orain, aurkakoa. Unerik latzena? Nire ideak lekuz kanpokoak izan ohi dira batzuetan, egia esan. Realean urte politak igaro genituen, eta kopa irabazi genuenean ondo egon arren, oso gaizki pasatu nuen hainbatetan. Garai hartan, ostiralero-ostiralero egunkarietan niri buruzko artikuluren bat agertzen zen. Bazegoen kazetari bat beti ni izorratu nahian ibiltzen zena. Hark “el que se fue a Sevilla perdió su silla” esan zidan behin. Horren arrazoia jakin badakit. Realekin irten nintzen hilabatez edo, lehendakari ateratzeko liga profesionalean. Kazetari hura bertara joan eta hurrengo egunean, “el señor Alkiza ha votado al Real Madrid” azaldu zan egunkari guztietan. Nik hori ikusi nuenean, ez nuen ezer esan; behin, ordea, Madrilen partidu bat jokatu eta taberna batean eserita geundela arratsalde batez, hara non eta kazetari hura ikusi nuen! Orduan, berarengana gerturatu eta egunkarian agertutakoari buruz galdetu nion: “¿Tú por qué has dicho que yo he votado al Real Madrid?”. Bera hori horrela izango zelakoan zegoen. Bada, zalantza handiak izan eta gero, egia esatera ausartu nintzen: “¿Pues sabes a quién he votado? Al Athletic de Bilbao”. Eta berak, lasai asko: “Como si le hubieras votado al Real Madrid”. Horrelako gauzekin kontuz ibili beharra dago; dena den, pentsatzen jarrita, zer egingo duzu horrelako pertsona batekin?

Egun, futbolean eta politikan, gauzak aldatuta daudela uste duzu? Berriz ere parte hartuko zenuke aldaketaren bat edo emateko? Aldaketaren bat edo emango nuke. Urte asko igaro dira ni bi mundu horietan nengoenetik eta, agian, garai hartan nituen ideiak ez nituzke gaur egun izango. Aldaketak emango nituzke gaur egun -zenbait gauzarekin ados ez nagoelako edota zenbait gauza beste modu batera egin behar litzatekeelako-, baina ezin dut alderatu zein nintzen, nolakoa nintzen, zein kargu nuen, gauzak nola egin behar nituen. Orain beste pentsamendu batekin egingo nituzke gauzak.

Eremu profesionala alde batera utziz eta pertsonalera hurbilduz, aholku bat eskatu nahi dizut. Aurten, ni eta nire ikaskideak gure etorkizuneko ikasketak zeintzuk izango diren erabakitzen ari gara, hau da, zein karrera egingo dugun aukeratzen gabiltza. Gure bizitzan zer izango garen aukeratze hori zaila egiten zaigu, Gainera, bide egokiena aukeratu beharrean gaude… Zu esperientzia handiko pertsona zara. Zein aholku ematen diguzu horren guztiaren aurrean? Oraindik gazteak zaretela uste dut, baina norberak nondik nora ibili nahi duen jakin behar du. Bide egokiena hartzea zaila izan arren, bide asko egongo dira batek gustuko dituenak eta beste zenbait bide, ez. Baina zuk, esaterako, nahi duzun bidea aukeratu, eta ahaleginak egin bide hori behar bezalakoa izateko eta gauzak ondo ateratzeko. Aitak, amak, lagunak… esaten dutenei kasurik ez egin: pixka bat berekoia izan eta zeure buruarekin pentsatu. Lehenengo gakoa bidea aukeratzean datza, ona ala txarra den jakin gabe. Erabakiak hartzea pertsonala eta norberarena dela iruditzen zait.

Gaur egungo egoera ikusita, gu horretan gaudela aprobetxatuz, berriro ikasketa munduan hasiko bazina, zer ikasiko zenuke eta zergatik? Ikasi? Niri ikastea gustatzen zait. Gaur egungo bai gazte eta bai zaharrak ere asko ikasi beharrean gaude. Entzun eta ikasi egin beharra dago. Bertsotan esaten den moduan: onena hartu eta bestea utzi. Entzun, zure bizitzan garrantzia duten pertsonei entzun behar diezu; isilik geratu, eta ondoren zeure erabakiak hartu. Hori da bide egokiena. Niri dagokidanez, pena handia dut hizkuntzak behar bezala ez ikasi izana. Frantses eta ingeles pixka bat banekien eta badakit, baina gehiago jakiteko gogoz geratu naiz. Realeko garai hartan, Ingalaterrako jokalariak etortzen zirenean, gure hizkuntza ikastea izugarri kostatzen zitzaiela ohartzen naiz. Partiduetara joateko bidean, autobusean hain zuzen, liburua eskuan zutela ibilitzen ziren jo ta ke. Oso zaila egiten zitzaien; halere, urteak igaro ahala, zerbait ikasi zutela onartu beharra daukat.

Amaitzeko, zein hiru hitzekin definituko zenuke izandako ibilbide profesionala? Definizioren bat ematea nahi duzu? Hitz konkreturen bat?

“Al gusto del servidor”, esaten den bezala… Etorri zen, ahaleginak egin nituen eta trankil geratu naiz.

Mila esker, Iñaki, tarte hau eskaintzeagatik. Ondo izan eta laster arte. Eskerrak zuri!

Euskaljakintza 5eko Maitane Gonzalezek Iñaki Alkizari egindako elkarrizketa.

Comments { 0 }

Hi, Photoshopik gabe hobeto hago!

Famatuak berezko eran (tecnogratis.com)Gaur egun guztiok dakigu zer den Photoshop. Batetik, gure etxeko ordenagailu gehienetan dugulako; eta, bestetik, famatu gehienak aldizkarietan ateratzen direnean izaten dituzten profil perfektuak islatzean ikusten dugulako. Azken erabilera honi dagokionez, erabilpena oso erraza izaten da: paisaia polit bat, itxurazko arropa, makillaje pixka bat eta… voilá! Baina aldizkari bateko azalean agertzen den hori nola dago horren perfektu? Garai batean, hori zen gure burutik pasatzen zen galdera harrigarria; hala ere, gaur egun denok dakigu zein den horren erantzule: photoshopa.

Mundu osoan zehar erabiltzen den tresna ahaltsua da; izan ere, gehienok erabili izan dugu noiz edo noiz argazkiren bat edo beste txukuntzeko. Baina zehatz-mehatz zer den edota nondik datorren ba al dakigu? Adobe Photoshop du berezko izena, argazki denda. Harrigarria ezta? Hasieran, argazkiei ukituak emateko erabiltzen zen: efektuak sartu, testuak ipini… Urteak aurrera joan ahala, ordea, gero eta aukera gehiago ematen ditu. Hau guztia, dena den, egun gertatzen denaz hitz egiten hasteko aitzakia besterik ez zen. Joan gaitezen, bada, harira.

Aldizkariak bide garrantzitsua dira pertsonen fama areagotzeko, pertsonak ahalik eta ederren irudikatzeko… Zuk, nik, gure amonak, bizilagunak.. edozein pertsonak aldizkariren bat erosi eta bai azala edota barruan datorren edozein publizitate, elkarrizketa edo bertako argazkiren batean arreta ipiniz gero, konturatuko gara bertan azaltzen direnek ez dutela akatsik: pikorrik gabeko azala, zimur barik… Askotan photoshoparekin gehitzen zaie perfekzioa: distira, azalaren kolorea, begi eta ilearen kolorea, iztar Elle aldizkariko azala (ceslava.com)estuagoak… Orduan pentsa genezake, “nik ere horrelako zerbait egin dezaket: norbaiti argazki bat ateratzeko eskatu, ukitu batzuk eman eta listo!” Ba ez, hori ez da horrela izango seguruenik. Zergatik, baina? Baliabide hau erabiltzeko, trebezia handia behar izaten delako. Ez dago esan beharrik aldizkariek eta pertsona ospetsuek, normalean, konpainia edota pertsona konkretu bat izaten dutela horrelako mirariak egiteko.

Kontuak kontu, ez dut ulertzen nork bere akatsak ezkutatzea eta perfekziotik gertu egoteko nahi hori. Polit dena beti izango da polit; eta itsusi dena, beti izango da itsusi! Gainera, denok dugu aukera eder egoteko, eta horretarako badakigu guztiok zer egin behar dugun: kirol pixka bat, pozik bizi, elikadura egokia izan eta parrandak zein janari azkarrak, besteak beste, alde batera utzi.

Gauzak horrela, baliabide hau zenbait kasutan gehiegi erabiltzen dela iruditzen zait. Gainera, gehiegizko ukituak segituan antzmaten dira. Ondorioz, pertsona modu artifizialean ikusten da. Horregatik, nire ustez, kontrolatu behar den zerbait da. Are gehiago, photoshopa ez erabiltzearen ideia defendatzen dut. Egia esateko, honi buruz

argi eta garbi hitz egiten hasi zenetik, gauzak zertxobait aldatu dira. Ez da nahikoa, ordea. Dena “berezko eran” izan behar delakoan nago. Aupa Nivea krema baino erabiltzen ez duten famatuak!

Bideo bat uzten dizuet, Photoshopak egin eta lortzen duena ikusi dezazuen :

Comments { 4 }
-->