Askok jakingo duzuen bezala, 2006ko urtarrilaren 1ean tabakoaren aurkako legea indarrean jarri zen. Bertan azaltzen denaren arabera: “Taberna, jatetxe eta aisialdirako edozein establezimenduren jabeek, beraien lokaletan erre ahal daitekeen ala ez aukeratu behar dute. Erre ahal daitekeela aukeratuz gero, erretzaileentzat prestaturik dagoen zonalde bat eraiki beharko dute, baina zonalde honek ezin du establezimenduaren %30a baino gehiago hartu.”
Lege hau lau urtez indarrean egon ondoren, 2011ko urtarrilaren 2an, aurretik azalduriko lege horren erreforma aldarrikatuko da lege hori gogortzeko asmoarekin. Erreforma honen ondorioz, eremu publiko guztietan erretzea debekatu da; baita osasun-zentro, ikastetxe (unibertsitateetan ez) eta haurrentzako jolasleku orotan ere, nahiz eta hauek atari zabalean egon. Honen ondorioz, esan daiteke Espainia tabakoaren kontrako mugimendu honen aurrean jarriko dela orain arte gogorrena izan den Irlandaren aurretik, bertan behintzat kanpoan erretzerik badago eta.
Egia da, tabakoak sortzen dituen kalteak izugarriak dira. Dakigun bezala, tabakoak ez dio erretzaileari bakarrik eragiten, bere inguruan daudenei ere bai. Medikuek diote Espainian gutxi gorabehera urtero 3.000 erretzaile pasibo hiltzen direla. Beraz, bazen garaia egoera honi irtenbide bat emateko. Baina zein izan da konponbide hau erabakitzerakoan kontuan harturiko irizpide nagusia? Argi eta garbi esango dizuet: ekonomia beste edozer baino lehen.
Hasieratik gauzak ez dira era egokian egin. Ez dago dudarik lege hau martxan jartzearen kaltetu nagusiak ostalaritza zerbitzuko langileak izan direla. Askok eta askok 2006an ateratako legea zela eta, euren lokalak birmoldatu behar izan zituzten eta orain, berriz, alferrik egindako gastu baten aurrean daude.
Horrez gain, etengabe kexaka ari dira tabakoaren kontrako legeek beraien ekonomia pertsonalean erabat eragiten duelako. Baliteke norberaren ekonomia edonoren osasuna baino lehen kontuan hartzearen ikuspuntu hau berekoitzat hartzea, baina zerk harritzen gaitu? Gobernua bera ez al da berdin-berdina egiten ari?
Hitz gutxitan esanda: tabakoak gure osasunean hain kalte latzak eragiten baditu, ez dut ulertzen zergatik ez den produktu honen salmenta guztiz debekatzen. Antza denez, Estatu Espainiarraren diru-sarreren portzentaia gogoangarri bat produktu honen salmenten ondorioa da. Hortaz, bistakoa da ez diotela diru kopuru horri guztiari uko egin nahi, jende ugari horren ondorioz gaixotzen jarraitu arren. Nolanahi ere, arazo hau ez da herrialde honetakoa soilik, munduko edozein herritan aurki baitaiteke.
Orain ulertuko duzue zein den ostalarien jarrerak ni horrenbeste ez harritzearen arrazoia, azken finean gure mandatariak imitatu besterik ez baitute egiten. Hau guztia gutxi balitz, gai honi hainbeste publizitate emateak erretzaile kopuruaren hazkundea besterik ez dakar, eta ni lan madarikatu horren partaide naiz.
Gehiago ikusi nahi baduzu:
- Pulmoes comparados (bideoa)
Iruzkin berriak