Xabier Montoia, euskal narratzailearen ezagun diren liburuetatik 1999. urteko Hezur Gabeko Hilak liburua hautatu dut irakurketarako. Nobela hau Montoiaren Hilen Bizimoldea trilogiaren lehen liburua da. Bigarrena, Blackout eta hirugarrena, Elektrika.
Hezur gabeko hilak Lehen Mundu Gerran kokatzen da, alemaniarren aurkako borroka bertan. Protagonistak Jean Etxegoien, Iparraldeko gazte bat, Frantziaren alde borrokatzen duen soldadua, eta David Mandel errusiarra dira. Nobelan beraien arteko elkarrizketa luzeak azaltzen dira, borroka garaian bi soldaduen pentsamendu eta nahiak islatzen direlarik. Elkarrizketa horietatik biak izaeraz zeharo desberdinak direla antzematen dugu; Etxegoienek, maiteminduta dagoen bihotz-oneko gazteak, Mendel bakarti eta gogorraren itxura ematen duen gizonarekin kontrastea sortzen du.
Montoia ez da kontakizunean gertakariak leuntzen saiatzen, errealitate hutsaz hitz egiten du. Hori lortzeko elkarrizketaz soilik baliatu da; datu edo izen garrantzitsuetara jo ez izanak irakurketa arina izatea lortzen du.
Irakurketarekin jarraituz, hizkuntza landua baina astuna ez dena nagusi da. Protagonisten sufrimendu eta haserrea irudikatzen duen hizkuntza aproposa erabiltzen du, gerraren zentzugabekeria azpimarratuz.
Liburua irakurtzeko orduan erakargarria gertatu zait. Irakurterraza da, nahiz eta Iparraldeko euskalkia nagusi izan. Elkarrizketa erabiltzearen sistemak irakurtzen jarraitu nahi izatea ekartzen du. Horrez gain, landutako gaia interesgarria da, guztiok ezagutzen dugun gai bati buruz ari baita, bi pertsona aitzakiaz hartuta. Zuk zeuk zure iritzia sortu nahi baduzu, liburuaren zati bat irakurtzea aholkatzen dizut.
Iruzkin berriak