Musikaren etorkizunean murgilduta

Musika gaia dezente landu izan dugu kurtso guztian zehar gure blog honetan, eta orain niri tokatzen zait publizitate pixka bat egitea.

Gaurkoan ezagutzen ditudan talde batzuez hitz egingo dizuet. Musika mota ezberdinak lantzen dituzte, baina oso onak dira guztiak. Batzuek ezagutzea emateko lan izugarria kostatu zaien maketatxo bat grabatu dute. Esango nuke merezi duela beraien abestiak entzutea; beraz, banan-banan aurkeztuko dizkizuet eta zuen iritzia eman.

Krilin

Donostiako lau mutilek osatzen dute gaur egun hainbeste entzuten den punk-rock talde hau. Ahots aldaketa izugarriak ematen dituzte, atzeko ahotsei garrantzi handia ematen diete, eta gitarrak bizitasun puntua ematen dute. Denbora dezente daramate musika munduan, jada bi maketa baitituzte, bat duela gutxi kaleratua, ingelesez den Ride the Clouds. Beraien abestiez gainera, bertsio ederrak jotzen dituzte, Nirvana edo Muse taldeenak, adibidez. Donostia inguruan oso maiz jotzen dute eta Frantzia inguruan ere izan dira. Uztailean Beasaingo gaztetxean jotzea pentsatzen dute.

Nacen de las Cenizas

Madrilgo taldea, bost taldekidek osatzen dute, gitarra jotzen duenetako bat duela gutxi taldean sartu delarik, bestearekin arazo batzuk egon ondoren. Emocore musika antzeko bat egiten duela esatera ausartuko nintzateke, hain da berezia beraien soinua, non zaila baita izenpetzea: gaztelaniaz abestutako melodia, erritmo bizia eta oihuak era perfektu batean konbinatzen dituzte. Joan den urtean bost abesti grabatu zituzten beraien kabuz, eta lagun eta ezagunen artean banatu zituzten, ez baitzuten uste inora iritsi ahal izango zutenik. Horren ondorioz, ezagutzera eman eta aurtengo apirilean, estudioan sartzea lortu dute …Y una noche de luto izenarekin laster kalean izango den beraien lehen diskoa izango dena grabatzera. Madril inguruan kontzertu ugari ematen dituzte, eta festimadean Deftones eta Toolekin, besteak beste, joko dute. Bilbon bigarren aldiz ekainaren 2anjoko dute. Aukera bikaina benetan.

Avenues & Sillhouettes

Screamo musika gogoko dutenei talde hau izugarri gustatuko zaie. Madrilgoak, gazteak baina lanean gogor aritzea zer den dakitenak, estudioan sartu dira demo bat grabatzera, udan entzun ahal izango duguna. Eszenatoki gainean joko asko erakusten dute, ikusleekin bat egiten dute jotzen ari diren bitartean. Ahots tonu aldaketa izugarriak sartzen dituzte, ingelesez abesten dute eta gitarrari ematen dioten garrantzia izugarria da. Udan Euskal Herritik pasatzea pentsatua dute, baina ez dute eguna zehaztu oraindik.

As Flames Die out

Oviedokoak, beraien hastapenetatik ezagutzen ditugunok ahozabal geratzen gara dagoeneko lan bat grabatu dutela ikustean. Taldea guztiz osatu zenetik bost hilabete pasa dira eta dagoeneko gai izan dira Post-hardcore musika barnean bost abestiz osatutako Keys and Wings lana ekoizteko. Izugarria benetan bost hilabetetan lortu dutena mutil hauek!

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->