About Nagore Iztueta

Author Archive | Nagore Iztueta

Trago bat nahi?

Gabonak jada igaro dira, orain egunerokotasunera buelta tokatzen da: batzuk eskolara eta besteak, berriz, lanera. Nahiz eta Gabonei agur esan, betiko arazoek hemen jarraitzen dute. Opor garai hauetan, gazteok jai dugun egunetan gehienbat, asko hitz egiten da alkoholari buruz; halere, denok dakigun bezala, arazo hau ez da egun zehatz hauetara mugatzen, urte osoan zehar ematen da. Errealitate halakoxea da: alkohola gazteon eskura dago. Denborarekin ikusi da, gainera, jendea gero eta gazteago hasten dela edaten. Zergatik gertatzen da hau, ordea? Guk ba al dugu inongo ardurarik?

Hasteko, ezin da ukatu oso modan dagoela supermerkatu batera joan eta bertan dagoen alkohola erosi ondoren, edozein motatako nahasketak egitea. Gainera, hainbat lekutan ez dute nortasun agiririk eskatzen eta 18 urte baino gutxiago dutenek inongo arazorik gabe eros dezakete. Urrutirago joan gabe, lehengo astean amari erosketak egiten lagundu nion larunbat arratsalde batean. Kutxara iritsi eta bertan 15 urte inguruko neska-mutil koadrila bat zegoen alkohola ordaintzen. Ez zuten arazorik izan horretarako; dena den, adinagatik beraiei saldu izan ez baliete, 18 urteko edonori eskatuta konponduko lukete. Ez ziren alkoholik gabe geratuko. Hori garbi dago. Beraz, hemen garbi ikusten da edari mota hauek lortzea zein erraza den adingabeentzat, eta hau da jendea horren gazte alkohola kontsumitzen hastearen arrazoi nagusia. Gutako askok laster 18 urte izango ditugu, eta, horregatik, mota honetako ardura hartzea ere tokatuko zaigu. Ondorioz, garbi izan behar dugu, erostekotan, nori erosten diogun eta izan ditzakeen ondorioak.

Hala ere, egia da, alkoholak beste zeregin batzuetan laguntzen digula. Pare bat trago hartu ondoren, beste pertsona bat ematen dugu: irekiagoa, alaiagoa, atseginagoa… Halere, hori ez da irtenbidea. hori ere garbi dago. Aurrez aipatutakoa egia bada ere, kontuan hartu behar da 13 urte inguruko nerabeei kalte larriak eragiten dizkiela alkoholak, nahiz eta gu horretaz ez konturatu: gorputza garatze prozesuan dute eta alkoholak arazoak ekar ditzake gerora begira. Gauzak horrela, zer egin dezakegu guk? Seguruenik, edan gabe ere ondo pasa daitekeela erakuts diezaiekegu gazte hauei, Estatu Batuetan behin egin zuten bezalaxe. Festa bat antolatu zuten eta bertara hainbat gazte gonbidatu zituzten. Festa hartan ez zegoen alkoholik, baina gazteek ez zekiten hori eta edan eta edan jarraitu zuten. Festa aurrera joan ahala, gazteak oso pozik jartzen hasi ziren, alkohola edan izan balute bezala. Ezinezkoa zen, edaten ari ziren edariek ez baitzuten alkoholik.

Laburbilduz, zera esan daiteke: gero eta lehenago hasten dira gazteak alkohola edaten eta horrek arazo larriak ekar ditzake, aurrez aipatu ditudanak esaterako. Ondorioz, zerbait pentsatu beharko genuke arazo honi buelta gehiago ez emateko. Prest al gaude ardura gure gain hartzeko? Zer gehiago egin dezakegu arazo hau benetan konpontzeko?

Comments { 2 }

Ulertze onari, hitz gutxi

Comments { 1 }
-->