About sagirre

Author Archive | sagirre

Euskaljakintzatik zorionik beroenak!

[kml_flashembed movie="http://www.youtube.com/v/cC4TitwmH2c" width="425" height="350" wmode="transparent" /]

Comments { 7 }

Van´t Hoffen ilea – UNAI ELORRIAGA

Ez dakit zehatz-mehatz zerk bultzatu ninduen liburu hau aukeratzera… Egia esan, literatura arloan ez naiz oso iaioa eta ezagutzen nituen liburuetatik interesgarrienak iruditzen zitzaizkidanak hautatuta zeuden; dirudienez, beste ikasle batzuk ni baino azkarrago ibiliak ziren. Ostiral arratsalde batean, beraz, ordura arte besteek aukeratutako liburuen zerrenda eskuan hartuta, euskal idazle batek idatzitako liburu baten bila abiatu nintzen. Dendara iritsi eta galduta aurkitu nuen nire burua hainbeste liburuen artean, baina, halako batean, izkina batean IGARTZA SARIA jartzen zuen papertxo laranja batez inguraturik Van’t Hoffen ilea ikusi nuen. Unai Elorriagaren nobela eskuan hartu eta atzealdea irakurtzeari ekin nion:

Ministerioko funtzionarioa da Matias Malanda, bere arloan onena nonbait, eta proiektu bat dela-eta iritsi da Idusera…

Lehenengo paragrafoa azaletik irakurri eta, bigarrenari uko eginez, azkenekoa irakurri nuen:

Bere estilo bereziaz idatzi du Elorriagak bigarren eleberria: gauzak hitz erdika esanez…

Horrela, bulkada misteriotsu batek eraginda, “hauxe hartuko dut” esan eta etxerantz abiatu nintzen.

Unai ElorriagaUNAI ELORRIAGA (Bilbo, 1973ko otsailaren 14a)

Unai Elorriaga Bizkaiko hiriburuan jaio bazen ere, berak algortartzat du bere burua; bertan bizi eta hazi baitzen. Euskal Filologian lizentziatua dugu Elorriaga, eta zenbait itzultzaile lanetan jardun du. Zenbait itzulpen eta literatura klaseak eman izan ditu, eta, horretaz gain, hainbat egunkaritan kolaboratu izan du: El Pais, La Vanguardia eta El mundon, besteak beste. Hori gutxi izango balitz, hitzaldiak ere eskaini izan ditu Madril, Segovia, Oxford eta beste zenbait tokitan.

2001ean argitaratu zuen bere lehen nobela, SP-rako tranbia (nire gelakide Enekok emango digu aurreraxeago honen berri), eta hau izan zen, hain zuzen ere, Espainiako Narratiba Sari Nazionala irabaztera eraman zuena. Bi urte beranduago, Van’t Hoffen ilea argitaratu zuen Igartza Saria bekaren laguntza jaso ondoren. Vredaman da bere azken nobela, eta, dirudienez, oraingoan ere arrakasta izan du publikoaren artean (klikatu hemen azken eleberri honi buruzko elkarrizketa bat irakurtzeko).

XX. mende hasierako egileak ditu kutunen; izan ere, gogoko du hauek aurkezten duten ikuskera. Jorge Luis Borges, Julio Cortázar, Juan Rulfo eta, batez ere, William Faulkneren miresle amorratua da. Azken honekiko lilura garbi ikus daiteke bere azken nobelan, aipatutako Vredamanen; izan ere, Faulkneren “Mientras agonizo” nobelan azaltzen den Vardamanen letra-joko bat baino ez da bere azken nobelaren izenburua.

VAN´T HOFFEN ILEA

Van't Hoffen ileaMatias Malanda, ministerioko funtzionario garrantzitsuenetarikoa, Iduserantz abiatu da, ministeriorako proiektu bat burutzeko asmoz; hori dirudi, behintzat. Bertan “Malanda Pentsioan” egokituko da, non bertako familiaren bizikide bihurtuko den. Zenbait pertsonak kontatutako gertaera bitxiak jasoko ditu bere grabagailuan; aldi berean, “Tabucchi” izeneko entziklopedietan Matias bilatzen ari den gauza misteriotsu hori aurkitzera eramango duten pistak aurkituko ditu.

Kontakizunaren atzealdean aurkitzen da liburu honen benetako mamia. Agerian ez badago ere, Matiasen benetako helburua ez da ministeriorako proiektu hura; bere heriotzarako toki aproposa aurkitzea baizik, gizabanako guztiok baitugu bizitzeko zein heriotzarako tokia aurkitzeko eskubidea.

Irakurri dudan liburua ez da amaiera eta gaia erabat zehaztuta duen liburu horietakoa. Aitzitik, irudimenarekin jolastea sustatzen duen liburu horietakoa dela esango nuke, interpretazio desberdinak izan ditzakeen horietakoa, alegia.

Atentzioa eman dit, bestalde, heriotzaren erreferentziak hainbat pasartetan aurkitu izanak, bere anaiari hots egiten dionean (166.orrian) edota liburuaren azken zatian, bakar batzuk aipatzearren:

– Topatu duzu etxea?
– Baietz uste dut (…)

– Etxe perfektua da guretzat, Miguel.
– Betiko?
– Betiko.

Aipatutako Matias Malanda dugu eleberriaren pertsonaia nagusia. Ministerioko funtzionarioa izanik, Iduserantz abiatu da bertako jendearen gertaera edota kontaketak jasotzeko helburuaz. Bestalde, Matilde (Malanda pentsioaren jabe den familiako ama), Tomas, Malco, Ana eta kontakizun bitxien kontatzaileak ere bihurtzen dira eleberri honetan pertsonaia garrantzitsuak, nahiz eta hauek bigarren mailakoak izan.

Hizkuntza aldetik, autoreak Matiasi gauzak burura datozkion bezala azaltzen dituela dirudi. Idazleak nobela honetan erabiltzen duen hizkuntza eguneroko bizitzan erabiltzen dugunari izugarri gerturatzen zaio, esaldi motzak erabiliz eta gauzak behin eta berriz errepikatuz. Liburuaren atzealdean garbi aipatzen den bezala, Elorriagak estilo bereziaz idatzi du eleberria, gauzak hitz erdizka esanez eta elipsien bidez iradokiz. Narratzaileari erreparatuz, istorioaren barrutik kontatzen digu kontakizuna. Matiasen une bakoitzean dituen pentsamenduak eta sentimenduak zein bere biziaren zer-nolakoak xehetasunez deskribatzen dizkigu narrazio osoan zehar.

Hona hemen adibide garbi bat:

“Alargunak keinua egin zion Matiasi eskerrak emateko. Aho-bazterra mugitu zuen. Ezkerreko aho-bazterra. Eskumakoa ez. Matiasi desatsegin egin zitzaion keinu hura. Alargunaren aho osoa egiten zitzaion desatsegin. Berehala desegin zuen alargunak keinua gainera; ematen zuen ez ziola keinuari denbora luzean eutsi nahi. Eta berehala apurtu zitzaion keinua. Eta keinua apurtu zitzaionean alarguna izaten jarraitu zuen alargunak.”

Unai Elorriaga idazleaIritzi pertsonalari dagokionez, liburu interesgarria iruditu zaidala esango nuke. Ez dakit ziur zer. Agian, idazkera berezia; istorioa bera, apika… baina badago zerbait Van´t Hoffen ilea beste liburuetatik desberdintzen duena. Originaltasun hau da, nire ustez, Elorriagaren eleberriaren sekretua. Liburu honek ez du etengabeko jakin-mina sorrarazten duen istorio horietako bat kontatzen. Liburu honen helburua gertakizun bat kontatzea baino, irakurleari gogoeta txiki bat egitera bultzatzea dela esango nuke nik; izan ere, liburuaren benetako mamia airean uzten baitu idazleak; bestela esanda, edukiaren interpretazioa irakurlearen baitan uzten du idazleak.

Aurreko guztiarekin nolabait apurtzen duelako edo, amaiera izan da gehien gustatu zaidana. Bestalde, Matias Malandak bere grabagailuan gordetzen dituen istorio bitxiak ere kuriosoak direla pentsatzen badut ere, Dimasen berezitasuna apartekoa iruditu zait; bai, Dimasen matematikako formularen kontua, baita honen eta erleen arteko istorioa ere.

…
Eta ez dago beste inor pentsioan?-galdetu zuen Matiasek
Aita-Matildek
Gaixorik?
Aita?-Matildek- Ez

Azaldu zioten, ez zegoela gaixorik, baina ez zuela gelatik irten nahi. Azaldu zioten formula matematiko bat asmatu zuela Matilderen aitak, formula konplikatu bat, eta formula hori betetzen ez zenean baino ez zela gelatik irteten. Alegia, data aplikatzen zuen formula matematiko horretan, 2007ko irailaren 10ª, esaterako, eta x zen eguna (x=10), y hilabetea (y=9) eta z urtea (z= 2.007), eta formularen emaitza 54, 107 edo 218 bazen (edo beste bost-zazpi zenbaki), orduan irteten zen aita gelatik. Egun horretan bakarrik. Batzuetan egun oso ematen zuen kanpoan eta beste batzuetan ordubete edo gutxiago.

Ezaugarri eta xehetasun guztiak aztertuta, liburu ona eta landua dela iruditu zait. Hala eta guztiz ere, pixka bat gehiago sakonduz, guztiz ase nauen liburu bat ez dela esatea gustatuko litzaidake. Beharbada, edestiaren kontaketa mantsoegia da nire gusturako. Bestalde, pertsonalki nahiago izaten ditut argumentu eta abentura gehiagoko liburuak, eta hau, espresuki, ez da mota horietakoa. Dena den, liburua irakurtzea gomendatzen dizuet; horrela, istorioari zuen interpretazioa aurki diezaiokezue eta, era berean, Van´t Hoffen ilearen xelebrekeria eta azpijokoa aztertzeko aukera izango duzue.

Comments { 0 }

Josetxo Beristain: “Gaixotasunak ez ditu nire ametsak akabatuko”

Etxean etsita nengoen, euskaljakintzarako elkarrizketa nori egin ez nekiela. Sukaldeko leihora gerturatu eta, orduan, hantxe ikusi nuen Josetxo bere gurpil-aulkian eserita, beti bezala, margoa eskuan zuela…

Sara eta Josetxo elkarrizketa egunean

Josetxo telebistan azaltzen den pertsonaia ospetsu horietakoa ez bada ere, pintore aparta dugu. Hala eta guztiz ere, ez da hori hain miresgarri egiten duena, bizitzarekiko duen ikuspegia eta bere jokaera eredugarria baizik. Josetxo Beristain ordiziarrak, 25 urte inguru zituela, elbarritasunera eramango zuen esklerosi-anizkoitza gaixotasuna jasan zuen. Zorigaitz honi aurre egiteko erlijioari irmo eta tinko helduz, ez du une latzenetan ere umorea galdu eta, eguna joan eguna etorri, bere ametsei gogor eusten die.

Esklerosia 1Oker ez banago, 25 urte inguru zenituenean agertu zitzaizkizun gaixotasunaren lehen sintomak. Nola izan zen guztia?
Bai, hala da. Orduan, aitari lagunduz, taxi gidari bezala egiten nuen lan. Milaka proba egin zizkiaten eta, azkenean, esklerosi-anizkoitza nuela esan zidaten. Segituan gertatu zen dena, eta denbora laburrean hankak mugitzeko nuen abilezia galdu nuen. Egia esan, ez zen erraza izan niretzat. Negar pila egin nuen, ez pentsa…baina, oraindik ere izugarri laguntzen didan lagun bati esker ez nuen etsi. Lagun hori Jaungoikoa da. Bai, sinesmen handiko pertsona naiz, eta fede hori izan da, hain zuzen ere, jarraitzeko gaitasuna eman didana.

Esklerosi-anizkoitza izugarri aldatzen da pertsona batetik bestera. Zure kasuan nolakoa izan zen?
Beno, gaixotasun hau nahiko serioa da kasu guztietan, egia esan; izan ere, nerbioetako gaixotasuna da eta ez dauka inolako erremediorik. Hala ere, LOTERIA GALANTA tokatu zitzaidan niri! Izan ere, mila kasuetatik bakarra izaten da hau bezalakoa eta niri tokatu behar… A ze suertea, e! Txapeldun, ni irabazle! (barre egiten du).

Garai hartan gaitz honek zure bizitzan ekar zitzakeen ondorioak kontuan izanda, zein izan zen zure erreakzioa?
Aurretik esan dudan bezala, oso garai txarra izan zen niretzat. Baina ondoren, aldiz, etsipenari uko eginez, bizitza zen bezala onartzeari ekin nion. Badago jendea horrelako kasuetan amore ematen duena, “bizitzak ez du zentzurik”, “Jainkoaren kontua gezur hutsa da” eta antzeko gauzak esanez, eta hori da, hain zuzen ere, egin behar ez dena. Hau ez da amaiera eta zenbait gauza egitea mugatuta bazaude ere, milaka gauza gelditzen dira oraindik! Behingoz, gauzak eskatzeari utzi eta dugunarekin konformatu eta jarraitu behar dugu. Hortxe dago gakoa…

Beti izan al dituzu familia eta lagunak zure ondoan? Nolako eragina izan du horrek?
Bai familia, baita lagunak ere, beti egon dira nire ondoan. Gaur egun ere lagun pila izaten jarraitzen dut. Horrek, noski, eragin positiboa izan du zentzu guztietan. Hau horrela bada ere, “propion” ez dut inor. Izan ere, bakarrik bizi naiz eta ni neu moldatu beharra daukat eguneroko “koxketan”. Eta aipatutakoek izugarri lagundu badidate ere, bizitzeko neureganatzen dudan indarra, Jaungoikoarengan dudan sinesmenari esker lortu dut. Hori da nire sekretua.

Esklerosia2Gizarteak laguntza eskaini al dizu arazoei aurrera egiteko orduan?
Tira, ba, batzuetan lagundu dit, bai. Hala eta guztiz ere, ezin izan du asko egin. Izan ere, lehen esan dudan bezala, nire gaitzak ez du berezko erremediorik. Noizbehinka, ahal izan duen neurrian lagundu dit, alegia.

Taxi-gidaria zinela jasan zenuen elbarritasuna. Lanbide hau baztertzera behartuta sentitzean, pentsatu al zenuen beste lanbideren bat bilatzea?
Beno, taxi gidaria izan aurretik beste lan batzuetan ere jardun nuen, “Kamarero” eta margoketako irakasle bezala, besteak beste. Era horretan, etxean ekonomikoki laguntzea lortzen nuen. Elbarri gelditu nintzenean, ordea, hau aldatu egin zen. Orain, beraz, nire denbora meza joateari – ze arraroa, e! (barre egiten du)- eta margotzeari eskaintzen diot. Bestalde, Donostian badago Fraternidad de Enfermos izeneko zentroa, non pertsona elbarrituak laguntza eskuratzeko aukera duten. Noizbait bertara joan banaiz ere, zaila da niretzat egunero Donostiarainoko bidaia egitea; zuek esaten duzuen bezala, “piparra” egiten dut!

Pintore amorratua zarela badakigu. Betidanik gustatu zaizu edo gaixotasuna izan da margotzeko zaletasunaren eragilea? Nola eragin du gaixotasunak marrazteko orduan?

Betidanik gustatu zait margotzea. Gaztea nintzenean ere, oso gustuko nuen. Hala eta guztiz ere, nire gaitza dela eta, orain denbora gehiago eskaintzen diot margotzeari. Ikusiko zenuen bezala, denbora asko pasatzen dut kalean Ordiziako paisaiak eta kaleak margotzen. Ez nuen esango gaixotasunak nire marrazteko eran eragina izan duenik. Denetatik marrazten jarraitzen dut: paisaiak, erretratuak, etab. Taktika aldetik, teknika berdina mantentzen jarraitzen dut, borragoma alde batera uzten duena, hain zuzen ere.

Marrazteak psikologikoki aurrera jarraitzen lagundu al dizu?
Margotzeak aurrera ateratzen lagundu badit ere, aurretik esan dudan bezala, erlijioa izan da benetan lagundu didana. Egunero errezatu dut (baina ez memoriaz, barrutik, BIHOTZEZ!), eta Jainkoak aurrera jarraitzeko indarra eman dit. Beti lagundu dit horrek, horregatik egunero mezatara joaten naiz, nire indarrari eusteko.

Honek guztiak psikologikoki eragin badizu ere, beti optimismoari eutsi diozula esan dezakegu. Zer esango zenioke antzeko arazoa duen pertsona bati bizitzeko itxaropena galdu ez dezan?
Ba, lehenik eta behin, ANIMO! Eta erraza ez bada ere, aurrera jarraitzeko indarra sekula ez galtzeko. Ezin dugu lehenaldian trabatu; momentuan duguna estimatzea eta gogoz aprobetxatzen saiatu behar dugu. Pozaz eta umorez, ametsak betetzeari ekin behar diogu, ahal den neurrian, behintzat. Hitz hauek esatea guztiontzat oso erraza bada ere, esandakoa BETE egin behar da; eta hortxe dago zailtasuna. Horretarako, ezinbestekoa da zure ilusioekin jarraitzea, hauetan oinarrituz, beti indarrez jarraitu ahal izateko. Hori da sekretua.

Benetan harrituta utzi ninduen Josetxoren borondateak eta, are gehiago, haren baikortasunak. Bere elbarritasuna dela eta, zenbait gauza egiteaz arnegatu behar izan bada ere, duenarekin konformatuz eta bere ilusioekin aurrera jarraituz, beste askok baino zoriontsuago bizi izatea lortu du. Hori da, hartan ere, pertsonaia hau hain goresgarri egiten duena. Garbi asko utzi digu Josetxok, bere kasuan, erlijioa eta pintura izan direla bere bizitzaren oinarri nagusiak, aurrera egiten lagundu dioten harroinak; eta horixe erakutsi zuen elkarrizketa bukatu eta “Coca-Cola” bat eskaini ondoren, zera esan zuenean: “Beno orain nirekin etorriko zarete 19.00etako mezatara, ezta?”

[kml_flashembed movie="http://www.youtube.com/v/gnVotFh9JEA" width="425" height="350" wmode="transparent" /]

Comments { 4 }
-->