Gaur urriaren 12a da. Denok ezagutzen dugu egun hau Pilareko amabirjinaren eguna izan eta zubi luzea dakarrelako. Baina gertakizun ugari jazo dira egun honetan, esaterako, duela zortzi urte René Lacoste hil zen.
Ziur nago Lacoste hitza entzutean, denoi gauza bera etorriko zaizuela burura: krokodilo baten irudia sinbolotzat duen nikia. Baina nor izan zen zeinu honen sortzailea?
Jean René Lacoste Frantzian, 1904ko uztailaren 2an jaio zen tenis-jokalari garrantzitsu eta ospetsua izan zen. Henri Cochet, Jean Borotra eta Jacques Brugnonekin batera, Los Mosqueteros izeneko taldean parte hartu zuen eta 1927an hauekin, lehen aldiz, amerikarrei Davis kopa irabaztea lortu zuen. Garaipen honen ostean, bi aldiz irabazi zuen Britainia Handiko Wimbledon txapelketan eta beste bi aldiz Estatu Batuetako Openean.
Baina krokodiloaren benetako historia 1927an hasi zen. Frantziako taldearen kapitainarekin apustu bat egin zuenean, hain zuzen ere. Honek, Davis kopa irabaziz gero, krokodilo azalez eginiko maleta bat oparituko ziola agindu zion. apustu honen berri entzutean, prentsa amerikarrak el cocodrilo goitizena jarri zion eta mundu osoan ezizen hau mantendu zuen kantxan izandako bizkortasunagatik eta bere aurkaria beti presiopean edukitzeagatik, krokodiloek egiten duten antzera.
Bere lagun zen Robert Georgek krokodilo bat marraztu eta partidak jokatzeko erabili ohi zuen nikian bordatu zion. Hau gaur egun ezagutzen duguna baino handiagoa zen.
Garai hartan, tenis-jokalariek nahiz golfariek mahuka luzeko nikiak erabiltzen zituzten eta René Lacoste erosoagoa izango zen janzki baten bila hasi zen. Orduan, polo bezala ezagutzen duguna sortu zuen. Hasiera batean zuria, luzeraz erabiltzen zena baino motzagoa, cancalé lepoduna eta mahuka motzekoa. Eta, noski, krokodiloa grabatu zion.
1933an, André Gillier enpresari famatuarekin elkartu eta polo hauek eta golfarientzat balioko zuten beste batzuk ekoiztuko zituzten sozietate bat sortu zuen.
René Lacoste hil zenean, bere familiako hainbat kidek hartu zioten lekukoa. Urteak pasa ahala, Lacoste, kirol arropez gain, jantzi informalak sortzen hasi zen. Gaur egun, zapatilak, erlojuak, kosmetika, betaurrekoak…denetarik aurki dezakegu bere izenean.
Harrigarria da nola hazten diren batzuetan negozioak, ezizen baten ondorioz sortu zen ideia eta, gaur egun, Lacostek izugarrizko tamaina du: 110 herrialdetan agertzen da, 784 denda baino gehiago ditu munduan zehar barreiatuta, 2003an 857 milioi euro irabazi zituzten …Eta hori gutxi balitz, zifra hauek etengabe goraka egiten ari dira!!!
Iruzkin berriak