Badira hilabeteak Internet Explorer eta Mozilla Firefox nabigatzaileak lehian dabiltzala. Mozillak askatutako nabigatzaile berriak arrakasta nabarmena izan du, batzuek motelagoa den esaten duten arren, konpainia informatikoek erabaki eta ezarritako CSS arauak betetzen baititu. Microsoftek, berriz, bere arau propioak erabiltzen jarraitu du.
Ondorio gisa, Explorerrentzat diseinatutako web orrialdeak akatsak izan ditzake Firefoxekin eta alderantziz. Hala ere, web orrialde eta blogak sortzeko erabilitako diseinu kode gehienak arau globalen arabera eginda daude. Hori dela eta, gero eta gehiago dira Internet Explorerrek gaizki interpretatzen dituen orrialdeak eta Mozilla Firefoxek arazorik gabe irakurtzen dituenak.
Bada, Mozilla Firefoxen alde JavaScript Kontsola aurkitu dut. Ez dakit Internet Explorerrek baduen edo ez baina nik ez nuen aurkitu (egia esan, ez nintzen bila eta bila ibili). “Tresnak” tresna-barran aurki daiteke, eta orrialdeek dituzten akatsak zuzentzeko balio du. CSS orrialdeetan dauden akatsak identifikatu, akats mota azaldu eta akatsa dagoen lerroa esaten dizu.
Ergelkeria irudi dezakeen arren, akats hauek zuzentzeak orrialdea kargatzean denbora aurrezteko baliagarria izateaz gain, egon daitezkeen akats bisualak aurkitzeko era oso erraza da. Eta akatsak nahigabe egitea oso komuna izan ohi da, besteak beste, nire blogean bi akats aurkitu nituen, euskaljakintzan sei eta Jakinsteinen hamabost. Baliteke akats hauek Explorerrek zuzentzat jotzea eta hari zuzenduta egotea; baina, hala ez bada, zuzentzeko aukera ematen digu.
Besterik gabe, euskal mundua sarera hedatzen ari zaretenoi eskerrak eman nahi dizkizuet eta, asko ez bada ere, era egokienean lortzeko lagun badezaket, hemen idatziko dut gomendioren bat.
Iruzkin berriak